Urtarrilaren 27tik 31ra, Tabakalera esperimentu berri batean murgilduko da: estatu mailan egingo den lehenengo Book Sprint-a antolatu dugu. Eta, zer da Book Sprint bat? 3-5 egunez pertsona talde bat elkartzen duen aktibitatea da, elkarbizitza eta lan-saio intentsiboen bidez, modu kolaboratiboan eta dinamizatutako prozesu baten bitartez, liburu bat idazteko helburuarekin.
Horixe da Tabakalerak egin duen apustua. Euskal Herritik zein estatuko hainbat txokotatik etorritako 12 gonbidatu, guztiak kultura garaikidean, kultura librean, artean, teknologian, arte- eta gizarte-praktika berrietan... adituak, bost egunetako elkarbizitza egingo dute,"Kode irekiko praktika kulturalen dekalogoa" izenburua izango duen liburua idazteko helburuarekin. Horretarako, Booki izeneko tresna erabiliko dute, online ediziorako plataforma bat, taldean idatzeko aukera eskaintzen duena.
Book sprint lan-metodologiaren helburu nagusiak hiru dira:
- Liburu bat ekoiztea: prozesuaren amaieran, emaitza gisa liburu edo eskuliburu bat izango dugu.
- Ezagutza sortu eta partekatzea: edukiak banaketa librerako lizentziapean argitaratu eta partekatuko dir
- Taldelanerako beste modu batzuk esperimentatzea: taldean sortzeko prozesu hau gozatu eta irakaspenak ateratzea.
Topaketa ostegunean abiatuko da, orduan iritsiko baitira gonbidatu guztiak. Aurkezpen saioaren ostean, idazketa lana ostiralean hasiko da eta astelehenera arte iraungo du. Behin bost egunak igarota, bertsio digitalean eskuratu ahal izango den liburu edo eskuliburu bat edukitzea da topaketaren helburua. Eta aurrerago, seguruenera, liburua paperean ere argitaratuko da.
Jarduera hau antolatzeko Bilboko ZAWP Sorkuntza Fabrikaren laguntza izan dugu.