Cristina Enea Fundazioak eta Arteleku-Tabakalerak, zientzia eta bizitzaren arteko jarduera berriei buruzko hitzaldia antolatu dute datorren urtarrilaren 12an 19:30etan, Koldo Mitxelenan Kulturgunean María PTQKren eskutik. Hitzaldia, teknologia berriak eta nekazal-jarduerak uztartzen dituen LandArea egitasmoaren baitan kokatzen da. Hasiera batean hitzaldia 2011 amaieran Artelekun izan behar zen, baina uholdeak direla-eta, data eta lekua aldatu behar izan dira.
Arte mundua aldaketa egoera batean dago. Testuinguru jakin batean kokatzearen garrantiaz gero eta jabetuago, eta honek eskatzen dituen aldaketa metodologikoetan murgilduta dago, natura eta komunitatera gerturatze bidean. Asko dira, ekologia, ekintza soziala eta arte digital eta elektronikoaren arteko arrakaletan lanean hasi diren artistak. Paradigma berri honen ezaugarriak, proiektu eta espazioen zabaltasuna eta partehartzeko aukera dira.
María PTQK ikerlari eta kultur-ekoizle independentea da. Bere lana artearen, teknologiaren eta kultur eta genero ikerketen bidegurutzean kokatzen da, open source, DIY eta hedaturiko ikasketen esparruetan aparteko interesa izanik. Ptqk_blogzine blogaren egilea da, Universitat Oberta de Catalunyako irakasle izan da eta Radio Paca interneteko irrati feministako kolaboratzaile ere bada. Hiru urtez, Bilboko Netlach ziberkultura kritikoaren topaketen koordinatzailea izan da. Egun, Soft Power-en arduraduna da, bioteknologiari buruzko kultur-jarduerei buruzko programa.
Hasiera batean, Monica Bellok ere parte hartu behar zuen hitzaldi honetan baina osasun arazoak direla eta ezin izango du etorri.