Tabakaleraren memoriari eta eraikina hartzen duen Egia auzoari buruzko argazki eta ikus-entzunezkoen erakusketak emango dio hasiera EGIATIK. Tabakaleraren memoria eta etorkizuna ekimenari. Ingurunearekin elkarrizketa sortzea, hiritarrei parte hartzeko esparrua eskaintzea eta Tabakalera proiektua ezagutzera ematea dira ekimenaren helburuak.
Ekimen dinamikoa izango da, prozesu irekia izateko sorturikoa, eta lan-ildo ezberdinak jorratuko dituena.Tabakalera Gogoratu, Ikusi, Entzun eta Irudikatzeko plataforma interaktibo eta audiobisuala izan nahi du. Tabako fabrikaren antzinako argazkien bidez eta langile ohien eta Egiako bizilagunen lekukotzen bidez Gogoratu, bisita gidatuen bidez eraikina Ikusi, Tabakaleraren Soinu Mapa interaktiboa Entzun edo eraikina zertan bilakatuko den Irudikatzea dira ekimenaren proposamenetako batzuk.
Horrez gain, hiritarren parte hartzeak protagonismo berezia izango du; izan ere, iritzia azaltzeko aukera izango baitute hiritarrek teknologia berriak baliatuz eta mahai-inguru eta eztabaidatan parte hartuz.
EGIATIK. Tabakaleraren memoria eta etorkizuna
Urriaren 24tik abenduaren 20ra.
Asteazkenetik igandera, 16:30etatik 20:30etara.