Udako lantegiak - Papercut - Mila García | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Papercut

Paper zatiekin ilustrazioak egin

papercut udako lantegiak ubik

Arkatza, papera eta guraizeak aipatzean askok haurtzaroa gogoratuko dute, oinarrizko erreminta hauekin haien lehenbiziko istorioak sortzen zituztenekoa. Lantegi honek istorio haiekin berriz topo egitetik asko dauka, papercut-en mundu liluragarrian sartzekoa alegia.

Lantegiaren lehenengo zatian, teknika honekin trebatuko gara eta bigarrenean, testu desberdinek inspiratuta oroitzapen eta ahanzturekin jolastuko dugu, ikusten dena eta ezkutuan dagoenarekin, paper plano desberdinak erabiliz. Mementu horretan zuen inspirazioak eta sormenak protagonista bihurtuko dira berezkoa izango duzuen istorio ilustratu horri forma emateko.

Paperarekin jolastuz, moztuz, konposizio ederrak sortuko ditugu. Eskulanek erakartzen bazaituzte eta paperen mundua maite baduzu, ezin duzu teknika hau ezagutzeko aukera galdu.

Zer da papercut-a?
Papercut teknikak papera moztearen arteari egiten dio erreferentzia. Jatorriz Txinan sortua da, baina izen desberdinak hartuz munduan zabaldu da. Tradiziozko eta ikuspuntu zurrunetik, mozketa paper pieza bakarrean egiten denez beste estiloetatik desberdintzen da, collagean adibidez zati desberdinak eta baita materialak ere elkartzen baitira. Denboraren poderioz garatu eta beste teknika batzuekin nahasi egin da.