Blog Tabakalera

Gordailutik harago: interes-txokoak

23-01-2019 11:19

Gordailutik harago: interes-txokoak

Kultur azpiegiturek hainbat funtzio betetzen dituzte, tartean herritarron kalitatezko aisialdia bermatuko duten guneak eskaini edota ikasi eta lan egiteko lagungarri izan dakizkiguken bitartekoak erraztekoa ere. Are gehiago azpiegitura horiek izaera publikoa daukatenean; jendartearen aurrean ardura garrantzitsua da eskuartean darabiltena. Darabilguna.

Liburutegiok, horren parte garen heinean, aurreko funtzioekin bat egiten dugu ezinbestean, bakoitzak gure berezitasunetik noski. Ubik sorkuntza liburutegia da, kultura garaikidea aintzat hartzen duena eta sormena zein sormen horren partekatzea bultzatzeko xedea duena. Ezagutzak zabaldu eta trukatzeko toki bat, alegia. Liburutegia denez, liburuak baditu jakina, bai eta beste euskarri askotako edukiak ere. Haiek gorde, zaindu eta herritarrari eskura jartzen dizkio bere beharren arabera eta hobekien datorkion moduan erabil ditzan.

Baina gurea bezalako kultur azpiegitura batek duen jendartearekiko ardura gordailu izatetik harago doa. Garapenerako tresna bat gara, eta gizartearen ongizateari ekarpena egiteko betebeharra daukagu, besteak beste, pentsamendu kritikoa sustatuz eta erabiltzaileari zer pentsa eta zer hausnar proposatuz. Horretarako dira, adibidez, sortzen ditugun “interes-txokoak”.

kopia_zita.jpg   collagetx.jpg

Amaitu berri den urtean, kasurako, hainbat aukeraketa jarri ditugu ikusgai interesgarri edo beharrezkotzat jo ditugun gogoetak mahai gaineratuz. Hamabost bat orotara. Tabakaleran egin diren erakusketa ezberdinak hobeto ulertu eta gozatze aldera lagungarri izan zitezkeen edukiak batu eta ohiko apaletatik bereizi ditugu. Aipagarriak izan dira Itziar Okariz donostiarrari buruzkoa, Rosa Barbaren ingurukoa edota urte hasiera honetan oraindik martxan dauden L’intrus edo Landa Lan. A Documentation of Darcy Lange izenekoei dagozkion aukeraketak. Era berean, sortzaile, arte-forma, teknika edota joera batzuen jatorria, oinarriak eta bilakaera ezagutzeko materialekin zenbait aldamio atondu ditugu ere (collage, akzio-artea, sortzaile-taldeak edo kopia eta omenaldiaren arteko harremana) eta, nola ez, denon hobe beharrez bultzatu behar diren eztabaidak plazaratzeko ahalegina egin dugu, 2018an gure buruei emakumeek artearen alor ezberdinetan duten eta izan duten presentzia txikiaren zergatiaz eta haren zilegitasunaz galdegin diegularik bereziki. Azken hauen artean, eta adibide gisa, Emakumeak, gorputza, artea edota Emakumeak zinemaren gidari izenburupean egin ditugunak daude. 

Liburutegiak ez dira ez liburuen biltegi hutsak, edo ez lukete hori izan beharko behinik behin: gainerako kultur zentroen moduan, eztabaidagune, formakuntzarako baliabide eta, oro har, elkarbizitza hobe baterako tresnak luzatzen dizkigun erakundeak dira. Erabil ditzagun bada, horretarako ere.

 

Txemi Valdecantos

Ubik sorkuntza liburutegiko teknikaria

Leave a comment