Donostia 2016k Komisario berriak programa aurkeztu du, komisariotza berriak sustatzeko programa | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
15-02-2016 00:00

Donostia 2016k Komisario berriak programa aurkeztu du, komisariotza berriak sustatzeko programa

Donostia 2016 Fundazioak Komisario berriak egitasmoa aurkeztu du. Egitasmo horren helburu nagusia da komisariotza-lanean aurrera egitea euskal testuinguruan, eta jardunbide horretako profesional berriak sortu eta finka daitezela sustatzea. Egitasmoa erakunde hauekin lankidetzan egingo da: Artium, Azkuna Zentroa, Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa eta Montehermoso. Deialdia gaurtik martxoaren 31ra arte egongo da irekita.

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak Komisario berriak programan izena emateko deialdia egin du. Deialdi horren xehetasunen eta programaren berri eman dute 2016 Gunean egin den prentsaurrekoan. Bertan parte hartu dute Donostia 2016 Fundazioko zuzendari nagusi Pablo Berásteguik, Tabakalerako kultura-zuzendari Ane Rodríguez Armendarizek, Artiumeko zuzendari Daniel Castillejok, Azkuna Zentroko zuzendari Lourdes Fernándezek eta egitasmoaren koordinatzaile Aimar Arriolak.

Egitasmo horren helburu nagusia izango da komisariotza-lana sustatzea euskal testuinguruan, eta sektore horretan profesional berriak sorraraztea.

DSS2016EUren programako Ahotsen Itsasargia atalak honako ardatz nagusi hauek ditu: “hizkuntzak / lengoaia artistikoak / transmisioa / itzulpengintza / aniztasuna”. Bere helburuekin bat etorriz, atal horrek komisariotzara bideratutako laborategi hau proposatu du, jardunbide horrek itzulpen- eta transmisio-prozesuak baititu oinarri.

Bere helburuak zabaltze eta osatze aldera, egitasmoak bat egiten du duela gutxi euskal testuinguruaren baitan sortu diren beste ekimen batzuekin, esaterako, Donostiako Tabakalerako Komisariotza Eskolarekin.

 

Deialdia

Gaur zabaldutako deialdiaren bidez, komisariotza-lanean interes argia duten 10 pertsona aukeratuko dira, gehienez, bi ekoizpen kuratorial egiteko. Horiek kolektiboak izango dira, eta leku eta egun hauetan egingo dira: 2016ko abenduan, Azkuna Zentroan (Bilbo), eta 2017ko lehenengo hiruhilekoan, Artiumen (Gasteiz). Hori guztia Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren baitan gauzatuko da.

Aukeratutako 10 pertsonek bi proposamen kuratorial sortzeko eta ekoizteko lan egingo dute, modu kolektiboan. Horretarako, zenbait topaketa egingo dituzte, laborategi-formatuan.

Hiru laborategi egingo dira, launa egunekoak. Lehenengoa Tabakaleran egingo da, maiatzaren 23ko astean; bigarrena, Azkuna Zentroan, uztaileko lehen astean; eta, hirugarrena, Artiumen, udazken hasieran.

Laborategiak egitasmoko koordinatzaile gonbidatuak zuzenduko ditu (Aimar Arriola), bi komisario gonbidaturekin batera (Tamara Díaz Bringas eta Sabel Gavaldón). Horiek zenbait metodologia proposatuko dituzte, modu kolektiboan lan egiteko eta “itzulpengintza" kontzeptua sakonago hausnartzeko, hori baita egitasmo honen ardatz tematiko eta metodologikoa.

Deialdia irekita egongo da Europar Batasuneko herrialderen batean bizi diren eta jardunbide kuratorial garaikideari lotutako ibilbide bati ekin nahi dioten pertsona guztiei.

Hizkuntzari dagokionez, asko baloratuko da hautagaiek EAEko bi hizkuntza ofizialetako bat jakitea (euskara edo gaztelania).

Kolektiboki egin beharreko bi ekoizpen kuratorialetako bakoitzerako 20.000 euro izango dituzte gehienez; diru hori ekoizpena egiteko izango da.

 

Itzulpengintzaren kontzeptua

Bai laborategiek bai emaitza gisa aterako diren bi ekoizpen kuratorialek itzulpengintzaren kontzeptua izango dute ardatz, zentzu zabalean hartuta. Garrantzi handiko gaia izan ohi da azken hamarkadetako arteari eta kulturari buruzko eztabaida kritikoetan, baina horrek ez du esan nahi gaia agortuta dagoenik. Itzulpengintzaren kontzeptua euskarritzat hartuta, DSS2016EUren programarekin eta, zehatzago, Ahotsen Itsasargiarekin lotura duten zenbait gai landuko ditugu: nortasuna, hizkuntza, transmisioa eta irudikapena. Horrez gain, komisariotza-lanarekin zerikusia duten beste alderdi zehatz batzuk ere landuko ditugu.

 

Komisariotza kolektiboa

Egitasmo honen xedea ikaskuntza, elkarrekintza eta elkarren ezagutza sustatzea da, baita komisariotzak duen jardunbide indibidualista eta meritokratiko iruditik aldentzea ere. Ildo horretan, egitasmo honetatik ateratzen diren bi proiektuak modu kolektiboan komisariatuko dira.

 

Proiektuak garatzeko lekuak

Fase bakoitza (laborategiak eta ekoizpenak) leku batean egingo da, euskararen lurralde geo-poetikoaren testuinguru artistikoa (EAE, Nafarroa eta Iparralde) 10 hautatuengana gerturatze aldera. Leku bakoitzean, bertako estudioak, eragileak eta espazio kulturalak bisitatuko ditugu.

Lehen laborategia Donostian egingo da, Tabakaleran. Beste bi laborategiak Bilbon (Azkuna Zentroa) eta Gasteizen (Artium) egingo dira.

Deialdia webgune honetan kontsulta daiteke: komisarioberriak.dss2016.eu. Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko: komisarioberriak@dss2016.eu.

 

Laborategien arduradunen biografiak

 

Tamara Díaz Bringas (Kuba)
Madrilen bizi da eta han lan egiten du. Ikertzaile eta kuradore independentea da. MACBAko Ikasketa Independenteen Programan (PEI) graduatu zen, eta 1999. eta 2009. urteen artean kuradore eta argitalpen-koordinatzaile gisa aritu zen TEOR/ética zentroan (San Jose, Costa Rica). 2010ean Pontevedrako 31. Bienaleko komisario laguntzaile gisa aritu zen (Santiago B. Olmorekin batera), eta 2014an ‘Playgrounds. Reinventar la plaza’ erakusketaren komisarioetako bat izan zen, Manuel J. Borja-Villel eta Teresa Velázquezekin batera (Reina Sofía museoa, Madril). Erdialdeko Amerikako X. Bienaleko kuradore nagusia da (Costa Rica, 2016ko iraila).

Sabel Gavaldón (Bartzelona)
Londresen bizi da eta han lan egiten du. Erakusketen komisarioa eta ikertzaile independentea da. Giza Zientzietan lizentziatu zen eta Londresko Royal Collage of Art-eko komisariotza-programan graduatu zen. 2014an, erakusketa hauen komisario gisa aritu zen Bartzelonan: ‘Un museo del gesto’ (La Capella), ‘Llocs comuns’ (Can Felipa Arts Visuals) eta ‘Contratiempos’ (CaixaForum). 2015ean proiektu hauek komisariatu zituen: ‘M/Other Tongue’ (Tenderpixel, Londres), hizkuntzari eta itzulpengintzari buruzkoa; eta ‘Axolotlismo’ (NoguerasBlanchard galeria, Madril), Corázarren fikzio batetik abiatuz egina. 2014an komisariotza-egonaldi bat egin zuen Lugar a Dudas zentroan (Cali, Kolonbia).

Aimar Arriola (Euskadi)
Londresen eta Euskadin bizi da. Artearen arloan lan egiten du, komisario eta ikertzaile gisa. MACBAko Ikasketa Independenteen Programa (PEI) egin zuen Bartzelonan, eta baita Konstfack University-ko Curatorlab-a ere (Stockholm). 2010. eta 2015. urteen artean hainbat komisariotza-proiektu eta egonaldi egin ditu honako zentro hauetan: LADA, Londres; Visual AIDS, New York; Arteleku, Donostia; Reina Sofía museoa, Madril; eta CA2M, Madril. Hainbat taldetako kide da; besteak beste, gorputzaren politikak eta artxiboa bateratzen dituen 'Equipo re’, eta ‘Declinación Magnética’ talde artistikoa. 2014-2015 ikasturtean bere doktorego-programari ekin zion Goldsmiths-eko (Londres) Ikusizko Kulturen Sailean; “hegoalde globalean” GIB/HIESaren inguruan egiten diren ikusizko ekoizpenei eta performancei buruzkoa da. 2015-2016 ikasturtean irakasle laguntzaile gisa lan egiten du unibertsitate horretan.