#1 Mañana goodbye

Mañana Goodbye

Hamabi ataleko sail honek, garai bateko tabako fabrikak, produkzio moduen aldaketak eraginda, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentro izaterainoko bidea nola egin duen arakatzen du. Zelatan, bi galdera garrantzitsu: lanari dagokionean, zer behar dugu iraganetik? eta, nola eta nondik hitz egin daiteke memoriaren inguruan?

Tabakalera galdera hau eta beste hainbaten ikur da, eta eraikineko espazio txiki bat, Sotoa, bideratu du proiektu hau hartzeko. Bertan, ikus-entzunezko instalazio moduan erakutsiko da sail osoa. Hilabete bakoitzaren erdialdera atal berri bat gehituko da, 2016ko irailera arte. Proiektua ekintza publiko programa batekin osatuko da.

 

Lehenengo kapitulua

Ez zen izan abentura soil bat. Harreman bat ere izan genuen, ehun urtekoa, baina abiatu bezain laster hasi zen erreka jotzen, alde guztietatik. Azkenean, harenak egin zuen. Hala ere, oraindik ere etorri egiten da, nire etxe inguruan bueltaka ibili, eta beti tratatzen nau bion artean oroitzapen gazi-gozo batzuez gainera besterik balego bezala. Beste hiri batera jotzen dut. Beste mundu batera. Alferrik: segika daukat leku guztietan. "Zelatan dagoela ikusten dugu beti, itzal bat bezala", esan didate nerabe batzuek, zeinak La Estrella tabernan bildu ohi baitira arratsaldean, beren txakur eta guzti. "Nor da?", galdetu dute. Eta nik, jakinik gazteegi direla hura ezagutzeko eta gehienez ere aditzez ezagutuko dutela, esan diet, axola handirik gabe: "XX. mendea da, ez bainau erabat uzten".

Bukaturiko harremanak amets gaiztoa edo amets ona dira, eta egunen batean esnatu egiten gara amets horretatik. Benjaminek desio zuen noizbait esnatu ahal izango ginela botere- eta esplotazio-harremanei kateaturiko gizarte baten amets gaiztotik. Surrealistak kritikatzen zituen, etengabeko gozamen bihurtzen zutelako ametsa (amets sozial bat). Esnatzea emantzipatzea zen, mitoak eta ideologiak jartzen diguten uztarritik askatzea. Kontua zen, beharbada, adimenaren egun-argiz zabaltzea begiak, Brechtek zabaltzen zituen bezala pentsamolde berri bati kantatzen zionean, eskatzen zuenean lehen aldi baten ilusioa sentitu ahal izatea beti (liburu baten lehen orrialdea, kanta baten lehen akordeak, egunsentiaren lehen argi-printzak, proiektu baten lehen ideiak). Bitxia da: Cesare Pavese poetarentzat, aldiz, zeinak erne idatzi baitzuen existentziaren nekazari-ikuspegi batetik, "min bizi bat" bezalakoa zen esnatzea. "Hilotz bat: horra esnatze gehiegiren hondakina". Poema hori, hain zuzen, "Fantasiaren amaia" deitzen da.

 

"Ez dugu bertute hau baino: hasi
egunero bizia —lurraren aurrean,
zeru isilaren azpian—, esnatze baten zain.
Inor harritu da albak halako eginahala eskaturik;
esnatzez esnatze, lan bat egin da".

 

Lehen atal honetan, tabako fabrikako langile ohiek bere kontakizunetan azpimarraturiko zerbait landu da: lanean sartzea, lanari ekitea. Batzuetan, kontatzen dutenez, ametsa segika izaten zuten lanean hasteko une horixe iritsi arte. Zer langileri ez zaio halakorik gertatu sekula? Esnatu, hasi oinez, behar bezala dabilen makina bihurtu zure gorputza: horrelako ezer ere ez da erraza, ez berehalakoa. Eta, hala eta guztiz ere, biziki eraginkor jarduten dugu.

Horretaz asko dakite, aspalditik, produkzio-sistemen antolatzaileek.

  • Data: Ostirala, 2015ko Irailak 11 > Astelehena, 2015ko Urriak 19
  • Ordutegia: AR-OG: 12:00-20:00 | OL: 12:00-21:00 | LR: 10:00-21:00 | IG: 10:00-20:00
  • Lekua: Sotoa
  • Sarrera: Librea
  • Prezioa: Doan

Jarduerak