#2 Mañana goodbye

Mañana Goodbye Marion Cruza Pablo Marte

Hamabi ataleko sail honek, garai bateko tabako fabrikak, produkzio moduen aldaketak eraginda, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentro izaterainoko bidea nola egin duen arakatzen du. Zelatan, bi galdera garrantzitsu: lanari dagokionean, zer behar dugu iraganetik? eta, nola eta nondik hitz egin daiteke memoriaren inguruan?

Tabakalera galdera hau eta beste hainbaten ikur da, eta eraikineko espazio txiki bat, Sotoa, bideratu du proiektu hau hartzeko. Bertan, ikus-entzunezko instalazio moduan erakutsiko da sail osoa. Hilabete bakoitzaren erdialdera atal berri bat gehituko da, 2016ko irailera arte. Proiektua ekintza publiko programa batekin osatuko da.

 

Bigarren kapitulua: Multzo-inpresioa, bakardade-inpresioa

Ez nau behin eta betirako uzten. Nik zenbait neurri hartu ditut, ordea. Bere argazkiak eman nizkion, "bera" agertzen den argazkiak, molde zaharrak zaintzen dituen zentro bati, bazter utzitako usadioen eta boladaz pasatako ohituen geriatriko bati. Ez dut zeharo ahaztu nahi. Distantzia behar dut, besterik ez. Nahikoa dut beira-arasa polit batek ematen duen axolagabetasunarekin. Horren barruan, bata bestearen atzean, ilaratan, launaka, taldeka edo nahi bezala, bere argazkiak, bere irudiak, itsusia eta ederra partekatzen, zaharkitutako kategorien artean.

Galdutako analogien katalogatzaile baten zera esan dit, asteartetik igandera zabaltzen dituela ateak zentroak, eta jendeak, ohitura zaharren aurrean paratuta, beira-arasetan erakusten baitira latako sardinak balira bezala, nostalgia sadikoarekin erreakzionatzen duela.

Nostalgia sadikoa. Zer da hori?

"Sentipen kontrajarrien" aditu aleman batek argitu dit auzia. Nostalgia sadikoa sortzen da baldin eta ezinezkoa bazaizu iragana irudikatzea, ez bada osagai-multzo gisa, bata bestearen gainean pilatuta daudenak, nola egoten diren pilatuta opariak azoketako tiro-jolasetan. Die sadistische Nostalgie vergegenwärtigt die Vergangenheit durch das Visier des Scharfschützengewehrs. ("Nostalgia sadikoak iragana oroitzen du fusil baten begitik so egingo balio bezala).

Godardek, Jean Pierre Léaud-en bidez, La Chinoise filmean, zera esan zuen Lumière-i buruz, akaso, hura izan zela "azken margolari inpresionista". Beste hainbatetan bezala, itsaso zabalean arrantzan dabil Godard, arraste-sarearekin. Lantegitik ateratzen diren langileak, zinemaren historiari hasieran eman zion irudi osptesu hartan, ez ziren aktore bilakatu, Didi-Hubermanek adierazi bezala; aitzitik, inpresio-pintzelada bihurtu ziren. Multzo-inpresio batean preso, zeina proportzionala baita, alderantziz, ikusten dituenaren bakardade-inpresioarekiko. Rear Window. Inpresio sadikoa.

Edonola den, bizitzan, ezertxo ere ez da zehazki horrela. Ezta hau berau ere. Azken batean, inpresioez ari gara, esan nahi baita, egitate, eragin eta nahitasun banaz, denak ere elkartuta, kolpe gisa. Topo egitearen bizipen bat, beti mugitzen baita egiazki ilusiozkoa den batuta baten erritmoan. Horrela, inpresio ororekin batera doazen moduek, eta zeintzuen ondorioz bakartuta sentitzen baikara, gotortzat jotzen dugun multzo baten aurrean (edo zeintzuen ondorioz multzo sentitzen baikara, bakartitzat jotzen dugun beste baten aurrean), tentu-ekintza bat dakarte, ez hainbeste gertutasun-maila batean (distantzia batera) osatuko (edo finkatuko) dugun beste horrekiko, ezpada, areago, geure kokalekuarekiko berarekiko, bizitzearen sare beti konplexu honetan. Sinestea, ikusteko. Maitatzea, bizitzeko. 

  • Data: Astelehena, 2015ko Urriak 19 > Astelehena, 2015ko Azaroak 16
  • Ordutegia: AR-OG: 12:00-20:00 | OL: 12:00-21:00 | LR: 10:00-21:00 | IG: 10:00-20:00
  • Lekua: Sotoa
  • Sarrera: Librea
  • Prezioa: Doan

Jarduerak