- 2deo 2020 deialdia ebatzi da - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

2deo 2020 deialdia ebatzi da

8 proiektu hautatu ditu epaimahaiak

Martxoak 16an Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari orokorrak 2deo laborategiaren bitartez laguntzak esleitzeko oinarriak onartu zituen. Laguntza horiek ikus-entzunezkoen eremuan lanean ari diren kolektibo eta pertsonei, euren proiektuen garapenaren lehen fasean dauden proiektuei, sektoreko beste eragileekin batera, ematea onartu zen. Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, 2deo 2020ko deialdia ebatzi du. Deialdian ia ehun proiektu aurkeztu ziren eta horien artean zortzi hautatu dituzte. 2deoren deialdiaren helburua ikus-entzunezko edukietan oinarritutako proiektuak garatu eta prototipatzea da.

Uztaila eta azaroa bitartean, 2deo laborategiak prestakuntza-saioak antolatuko ditu ikus-entzunezko proiektuak preproduzitzeko. Gainera, aholkularitza profesionala eskainiko du edukia kontatzeari, lan-prozesuei, proiektuak gauzatzeari eta jabetza intelektualari dagokienez. Hautatutako proiektu bakoitzak 4.000 euroko laguntza ekonomikoa izango du.

 

Honako hauek dira preprodukzio-fasean 2deo laborategian lan egiteko hautatutako proiektuak: 

 

  • Patrimonio Virtual SL (Arkikus): Parallel V R Dantza, errealitate birtual paraleloko (PVR) app bat. 

  • Euskal Wikilarien Elkartea: Ikusgela, euskarazko eduki pedagogikoen web-plataforma bat. 

  • Kim Maiteny Munoa: Uroboros telesaila.

  • Jone Arriola: web bidezko Females saila.

  • Mirokutana Koop Elk. Txikia: Zapata Berriak telesaila.

  • La Traka Producciones: web bidezko Elizalde Zinema saila. 

  • Carolina Cruz: web bidezko Zuzenean saila.

  • Pello Reparaz: Fatum bideoklip interaktiboa.

Hautagai bakoitzak mentoring programa bat izango du proiektua egiteko eta txosten bat aurkeztu beharko du. Azaroan aurkeztutako txosten guztiak aztertuko dira eta gehienez ere hiru proiektu hautatuko dira. Horiek bigarren fase batean sartuko dira, prototipatze-fasean. Bigarren faseak 2021eko urtarriletik maiatzera arteko iraupena izango du eta hautatutako proiektuen artean 50.000 euroko laguntza ekonomikoa banatuko da. Prozesuan sortutako prototipoaren aurkezpen publiko bat egingo da eta, horretarako, jendaurreko ekitaldi bat antolatuko da 2021eko maiatzean, 2deo ikus-entzunezkoen laborategian.

 

 

2deo 2020ko DEIALDIAREN EBAZPENA