#5 Mañana goodbye

Carmen Operazioa

Mañana Goodbye

Garai bateko tabako fabrika, produkzio moduen aldaketak bultzatuta, gaur egungo Nazioarteko Kultur Zentroaren bilakaera ikertzen duen 12 kapituloko seriea da. Zelatan, bi galdera garrantzitsu: lanari dagokionean, zer behar dugu iraganetik? eta, nola eta nondik hitz egin memoriaren inguruan? 

Tabakalera galdera hau eta beste hainbaten ikur da, eta eraikineko espazio txiki bat, Sotoa, bideratu du proiektu hau hartzeko. Bertan, ikus-entzunezko instalazio moduan erakutsiko da seriea. Hile erdialdero kapitulu bat gehituko da, bere irekieratik hasi, irailaren 11an, eta 2016ko irailararte. Cruza Martek gauzatutako proiektua ekintza publiko programa batekin osatuko da.

 

5. Kapituloa (22' 52'') -  CARMEN OPERAZIOA 

Appenzell herri suitzarreko biztanleek argudio hutsal bat erabili baitzuten emakumeen bozka-eskubideari aurka egiteko (hain zuzen, bozkatu ere bozkatzen zutela, «beren senarrei aholku ematen zietenean»), Maria Lafontek, betiere hitz gutxitan eta zentzudun, zera idatzi zuen: 

«Makurra da herri bat baldin eta bertako aulkietan soilik eser bazaitezke sufragio sentimentalaren boterez». 

Sentimenduaren aurkako saiakera lan supiztailean dio hori. Liburu labur eta atsegina da, azkar irakurtzen baita, txakurra berriz gosetzeko adina azkar. Eszena txikiz osatuta dago. Carmeni eskainitakoak arreta ematen du: Carmen zigarrogilea, Mérimée-ren pertsonaia, eta baita Bizet-en operakoa ere. 

«Nahiz eta Carmenen barruan lilura eta espantua deseroso bizi, nire eskuineko eskuak ezkerrekoa estutuko balu bezain deseroso, ezinezkoa zait Carmenengan topatzea ezein paradisu galduren fantasia (edertasunaren paradisua, askatasunarena, utopiarena). Bizet ez zen iraultzaile bat, inondik ere. Bere konposizioa igerian doa joeren mendeko itsasoan, garai bateko belaontzian. Tragediaren erauntsiaz jabetzen da, baina beroaldi bat da, ez besterik. Gehiegikeria sentimentalaren generoan sailkatuko nuke». 

Hogei minutuko lo-kuluska egin aurretik irakurri dut pasarte hori. Beti irakurtzen dut zerbait. Normalean, irakurri bitartean sortutako pentsamendu baten ondorioz etenaldia egin eta une hori aprobetxatzen dut begiak itxi eta atsedenaldira lerratzeko, poliki eta entretenituta. Gaur, ordea, ezinezkoa zait lasai lo hartzea, aldian-aldian sartzen baitzaizkit irudi aldatu horiek, hain ohikoak baitira lo arinean; intuizio formako ideia batek ez du kuluskaren loerian lurrundu nahi, eta emakume burugogorra naizenez, galdutako kausekin bereziki tematzen dena, nola ez dut bat ideia txikitxo hau babestuko, jaio berria baita, bere gainean abailtzear den luizi onirikoaren aurrean? Maria Callas aditu dut orduantxe, Carmen-eko habanera famatua kantatzen: «Maitasuna txori errebelde bat da» aria, alegia. Txori delakoak, kantuaren arabera, harat-honat egiten du hegan: zurea dela uste duzunean, itzuri egiten dizu, eta itzuri egiten diozula uste duzunean, berea zara. Dudarik ez, Kupido umea da, itxuraldatuta, sexu-grina bitxia areagotzeko txoritxo fin bilakatuta. Baina, era berean, dorpea izanagatik opera eta opereten aditu handia den adiskide batek esan zidanez, operen sekretuak oro ezagutzen dituenez, Carmen beraren sexua da txoritxoa, hegaldatzean irekitzen baita, publiko bilakatzen, ehizatua izateko prest agertzen baita, eskopeta falikoarekin asmatzen duen horri eskainiz bere burua («hori bera gertatzen baita, beste modu batean, Carmenek Jose jaunari ematen dion lorearekin, eta, oro har, neskato politen alboan, paisaia ederretan, agertzen diren lore eta txoritxo guztiekin»). Hala ere, loeria honetan, Carmen ez da soilik koldarkeria arraren ispilu (aspaldiko koldarkeria ezaguna, bestalde, ezta?); Carmen da, baita ere, ijitoa, lapurra, kontrabandista, bidelapurra, terrorista, bere kasa dabilena, traidorea, mespretxagarria, oiesa. Carmen bada hori guztia, eta beste hainbat gauza, hainbeste gauza, ezen Mériméek kulturari emandako pertsonaia hori, apurka-apurka, zama sinbolikoaren mando bihurtu baita. 

Nekatuta altxatu naiz. Onartu behar dut Carmen opera ez zaidala bereziki gustatzen. Opera bat bainoago, konpainia luze bat da, errepikapen temati bat, bariazio logikoen zipriztinekin. Eguberriak bezalakoa da. Areago iruditzen zait berbena, barraka, patinatzeko zelai eta udako galetako orkestra-bertsio edo flamenko kitsch-aren tankerakoa, arratsalde lasai baten abaroan gustura adituko nukeen zerbait baino. Carmen hau museo bat da... argizari-museo bat. Nire buruari galdetzen diot pertsonaiaren etorkizun zapuztuaz. Jose jaunak hamaika aldiz hil du pertsonaia, milaka aldiz. Zahartzarorik ez Carmenentzat, ukatu egin zioten, a zelako zigorra. Carmen ez ote dago, moduren batean, espetxeratuta, bakartuta, alferrikakotasunaren erbeste moduko batean desjabetuta? Ezintasun horrek jakin-mina pizten dit, Carmen xaharraren ezinezkoak. Existitu zedin nahi nuke, zorigaiztokoa balitz ere. Nahi nuke bere begirada, bere arreta, iraganeko bizialdietako itsasoez haraindi. Nahi nuke bere presentzia, orainaldiaren fede ematen. Nahi nuke bere askatasuna, eta ez giltzapetu zuten puntu eta amen hori. Carmen horren musika bai hartuko nuke gozamenez, Carmen horren ezpainetatik bai adituko nituzke solasaldi on baten bertsoak («emakumeok hitz egin behar dugu», esango luke); Carmen hori, adineko, bere aukera onen eta akatsen gainean jesarrita, zeinaren keinuetan sentituko bainituzke iluntzearen argiak, horiek blaitzen baitituzte, poz eta baretasunez, guztion irrikak.  

  • Data: Astelehena, 2016ko Otsailak 1 > Larunbata, 2016ko Martxoak 5
  • Ordutegia: AR-OG: 12:00-20:00 | OL: 12:00-21:00 | LR: 10:00-21:00 | IG: 10:00-20:00
  • Lekua: Sotoa
  • Sarrera: Librea
  • Prezioa: Doan

Jarduerak