#6 Mañana goodbye

M andrearen lehen liburuari buruzko oharrak (M andreak berak irakurriak, adeitsu)

Mañana Goodbye-emakume zigarrogileak

Garai bateko tabako fabrika, produkzio moduen aldaketak bultzatuta, gaur egungo Nazioarteko Kultur Zentroaren bilakaera ikertzen duen 12 kapituloko seriea da. Zelatan, bi galdera garrantzitsu: lanari dagokionean, zer behar dugu iraganetik? eta, nola eta nondik hitz egin memoriaren inguruan? 

Tabakalera galdera hau eta beste hainbaten ikur da, eta eraikineko espazio txiki bat, Sotoa, bideratu du proiektu hau hartzeko. Bertan, ikus-entzunezko instalazio moduan erakutsiko da seriea. Hile erdialdero kapitulu bat gehituko da, bere irekieratik hasi, irailaren 11an, eta 2016ko irailararte. Cruza Martek gauzatutako proiektua ekintza publiko programa batekin osatuko da.

 

6. atala - M andrearen lehen liburuari buruzko oharrak

(M andreak berak irakurriak, adeitsu)

 

Nire idazketaren kontua oso zait dibertigarria. Nire burua idazle sentitzen dudan ala ez albo batera utzita, idazteak halako sentipen bat sortzen dit, aurkakotasun kaltegabe bat itsas pentsamenduan: emozio oso zehatzetan ontziratzen nau, baina emoziook ez naute bahitzen. Idazteari eskaintzen diodan denboraren intentsitatean biltzen dira nire emozio guztiak. Zoriontsu dira bertan. Ez dira kontatzen ditudan istorioen bazka, ez dut behar berrahoratu ditzaten. 

Profesional bat izango banintz bezala dihardut, neuk, hamar eleberri eta milioi bat bertso baino idatzi ez dituen honek

(Idazten hasi nintzenean horixe esaten nion neure buruari, ez etsitzeko, ez aspertzeko, eskarmenturik ezak ez zezan nire aurka egin baizik eta nire alde, lehenengo aldia ez zedin azkenengo aldi bilakatu, idazteko txotxolokeria hutsaz gozatzeko, izan ere, aitortu behar dizuet, txikitatik sentitu nuen txotxolokeria hori, eta bere bidea egiten utzi nion, arretarik eman gabe, txotxolokeria bat zenez, absurdoa zela pentsatzen nuen, baina aldi berean intimoki garrantzitsua, harik eta konturatzen hasi nintzen arte, bizitzan zehar, era horretako txotxolokeriek aukerarik ñimiñoena aprobetxatzen dutela iraganera itzultzeko, koldarkeria arrasto bat utziz, eta norberak izkin egiten dio etxeko txokorik txatxuenean ezkutatuz). 

(...) erabakiz geroztik eta neure buruari esan nionez geroztik, oso serio, "nahikoa da", arratsaldeak isil abailtzen dira, eta isiltasuna ez da, neuk aurrez pentsatu bezala, oinazeari mugarik gabe irekitako lautada, horixe izaten baitzen lehen; ostera, oraingoan intimotasun epel bat dakarkit, negu hotzetik salbu zaudenean bezalakoa, leihotik plaza elurtu hutsari erreparatzen diozunean bezalakoa, eraikin ilunez inguratuta, beste hainbeste leihoz zipriztinduta, argi laranjak errezel lodien atzean. Aditzen hasita, ez da ezer aditzen, ezer ez! Baina hortxe daude beste ahots horiek guztiak ere, nirearen antzera, intimotasun honetaz gozatzen, aldi berean komuna eta norberarena baita. 

Intimotasun isil horretan murgilduta, esklusiboa eta inklusiboa baita aldi berean, idaztea erabaki nuen, eta, zehazki, nire gorputza langile-talde baten parte zen garaiari buruz idaztea. Barkatu beharko didazue gorputza aipatzeagatik eta ez pertsona, barkatu eta arreta ipini hitz horren haize esanguratsuari, gorputza; oso bortitza da hitza, identitate edo nortasun (edo baita aiurri ere) deitzen dioten horren aurrean, masatik bereizten gaituena, gainerako figuranteengandik, Emma Bovary eta Nora Helmer bereizi zituen moduan; bortitza da hitza, bortitza adina beharrezkoa, horixe baikinen, gorputza ginen eta ez beste ezer, eta idaztea erabaki dudanez, erabaki dut nire burua ez engainatzea, faltsukeriatan ez aritzea eta Laneko Dultzinearik ez ekartzea. Ostera, saiatu naiz hondatzen eta hondoratzen gaituzten hitz horiexetan bertan aurkitzen gure duintasuna, gertatu zen erresistentzia baten iturburua, erresistentzia hori existitu baitzen, ez zen izan ez heroikoa ezta mirarizkoa ere, baizik eta inteligentea eta geure-geurea, erresistentzia aktibo bat, garaian gertatu zen eta orain ere gertatzen da, ez diogulako uko egiten izan garenari: gorputzak izan gara, gorputz ederrak argia lubrikatzen infernu batean, zeina ez baitzen beste infernu batzuk baino bereziki okerragoa. 

Idazle gisa, goizeko lanbroa bezain haurra naiz, baina nire gorputza, paperaren eta idazmahaiaren aurrean delibero harrigarriz paratua, agurea da, eta mina dario. Oinazea hau neurea da, nazkatzen nau, nirekin dator, esna mantentzen nau, oroimena pizten dit, eta jakintsua da, teknikaren maitaleek "egiten jakitea" deitzen duten horretatik harago (kontrara, "jakina eginaraztea" da). Nire gorputza zerbaiten parte da, hau adierazten duena: egin dut, egin dugu, egin genuen... eta hain lan anonimoak eta itxuraz ñimiñoak haragiztatu, altxatu, hauspotu eta eraiki zuen moduan gorputz hau, nirea, beste hainbesteren artean, ezin saihestuzkoa da ondorio honetara iristea: ez gara historiaren biktimak, baizik eta borrokalari sinestezinak. Besteren minen usurpatzaileek garraia ditzatela penak. 

Ez pentsatu nire asmoa denik hain sarri gertatu ziren bidegabekeria izugarriak ezkutatzea, ostera, horien gainetik altxatu nahi dut, horietatik abiatuta, basamortu izoztuan dauden ahots ugarietako bat, gure ilusio ahulen epeletan, garbi gera dadin gu bat egon zela. Egon baitzen. Horrexegatik idazten dut. 

(Poesia zure begiak dira. Eta adiskidetasuna zure eskuak, nigana hurbildu baitziren lehenengo goiz hartan, beste goiz askoren aurrekari. Izan ginen, bagara, eta izango gara).  

  • Data: Asteartea, 2016ko Martxoak 1 > Osteguna, 2016ko Martxoak 31
  • Ordutegia: AR-OG: 12:00-20:00 | OL: 12:00-21:00 | LR: 10:00-21:00 | IG: 10:00-20:00
  • Lekua: Sotoa
  • Sarrera: Librea
  • Prezioa: Doan

Jarduerak