#8 Mañana goodbye

Kultur jarduerak

Mañana goodbye 8 Kapitulua

Garai bateko tabako fabrika, produkzio moduen aldaketak bultzatuta, gaur egungo Nazioarteko Kultur Zentroaren bilakaera ikertzen duen 12 kapituloko seriearen zortzigarren kapitulua. Zelatan, bi galdera garrantzitsu: lanari dagokionean, zer behar dugu iraganetik? eta, nola eta nondik hitz egin memoriaren inguruan? 

Tabakalera galdera hau eta beste hainbaten ikur da, eta eraikineko espazio txiki bat, Sotoa, bideratu du proiektu hau hartzeko. Bertan, ikus-entzunezko instalazio moduan erakutsiko da seriea. Hile erdialdero kapitulu bat gehituko da, bere irekieratik hasi, irailaren 11an, eta 2016ko irailararte. Cruza Martek gauzatutako proiektua ekintza publiko programa batekin osatuko da.

 

8. kapitulua (24'47'') - KULTUR JARDUERAK

 

Antzerki-zuzendariaren pertsonaia sortzeko benetako antzerki-zuzendari bat hartu nuen oinarri, zeina laurogeita hamarreko hamarkadan ezagutu bainuen, kasualitatez. Garai hartan, lantegian ari nintzen. Nire aretoan agertu zen hura, astelehen goiz batez, zuzendaria eta kultur zinegotzia lagun zituela. Poloniarra zen. Bazekien gaztelaniaz, bai eta euskaraz ere apurtxo bat, eta liluratu egin ninduen horrek eta, ohi bezala, konparazioan, oso-oso txiki sentiarazi. Ihesaldi-begiak zituen. Bizkorra zirudien, hori bai, eta zoragarria, eta zoragarria diodanean uler ezazue hitzaren soinu itzelak iradokitzen duen hori: pozarren mugitzen zen espazioan barrena, espazioa oso-osorik egokituko balitz bezala haren gorputzaren formari, molde bat nola. Irudiz, ezer ez zitzaion oztopo, traba, eragozpen. Halako konbentzituta zegoen eta halako natural irristatzen zen bere hitzetan barrena, ezen langile-talde bat atzetik baitzihoakion hegan, erne. Arte-proiektu batean parte hartzeko gonbita egin zigun. Ez nuen izena eman.

Enpresak sustatzen zuen egitasmoa eta erraztasunak eta lan-abantailak eskaini zizkien entseguetan parte hartzen zuten haiei; nik, berriz, patxada handiz erre nituen zigarroak, bata bestearen atzetik. Egitasmo hura antolatu baino zertxobait lehenago, sail berri bat sortu zen ezerezetik eta ex-profeso, «Kultur jarduerak»; hala ere, sailaren ardura zeukan nagusi-magusiak adierazi zuen enpresako sailik zaharrenetako bat zela hura. "1943ko urtarril batean inauguratu zuen Pilar Primo de Rivera berak" esaten zuen, harro, mozolo halakoak, nabarmentzekoa balitz bezala. Beranduago jakin nuen Madriletik etorri zela langileak kultur jardueren bidez hauspotzeko agindua. Are, ez zen unean uneko eskakizun bat. Garaitsu hartan Madrilek etengabe bondardatzen zituen asmo itxuraz atseginak. Ahapeka salatu zigutenez, triangular falangisten basaran-koloreko garaia zuzentzeko asmo tinkoa zeukaten. Politikariek (ez soilik Madrilekoek) sarri aipatzen zituzten «kultur lehengoratzea», «kultur egitasmoak», «kultur proiektuak» eta, zenbaitek, akaso euforiak guztiz jota eta burua berotuta, baita «kultur demokrazia» ere. «Kultura» terminoak ez zeukan adarga zaharrik, baina halaxe zirudien. Kulturaren urre-balioa. Eta, ondorioz, kulturaren sukarra, urre-meatze batekin topo eginda eldarnioak jo duen morroiarena bezalakoxea. Hamarkadak aurrera egin arau, zirt edo zarteko bihurtu zen kontsigna, eta espezializatu. Ohi bezala, lana nekagarria zen, baina, orduko hartan, gutxienez, pozez nekatu behar zen norbera, kultur aukeren panoplia horren bidez: aukeretako batzuk hain ziren irrigarriak ezen beren kabuz erori baitziren, denboraren laguntzarik gabe; halaxe gertatu zen, adibidez, lan-aretoa Mediterraneoko hondartzen irudiekin betetzeko ideia burutsuarekin. Aerobic-saioetan parte hartzeko beherapen-txartelak banatu zituzten –kontzeptu hori izan zen hainbat urte beranduago abiatu zen bigarren iraultza kulturalaren sorburua; lehen iraultza internetek ekarri zuen, noski–. Jarduera artistiko batzuk ere antolatu ziren, hala nola antzerki-zuzendari poloniarrarena. Apurka-apurka, kulturaren familiak, mantal luze-luze horrek, zeinak bidean topatutako oro harrapatzen baitzuen, eta herrestan eramaten, bereizi gabe, xurgagailu batek nola, kanpai-formako prakek nola; kulturak, bada, guzti-guztia irentsi zuen: etxea, lana, hiria, gure bizitzak, gure maitasunak, gure denborak, dena, finantza-erregimen batek bezain azkar irentsi ere, eta, azkenean, termino eredugarri bihurtu zen, garai hartako komenientziazko birmoldaketa ugariak zuritzeko, bai eta gerora etorriko zirenak zuritzeko ere, zabal eta sarri etorri baitziren, ogiak eta arrainak nola. Oskar Negtek dioenez, halaxe bihurtu zen kultura gauza magiko, alkimia fin de siècle berezi bateko filosofoen harri. Kulturak ukituz gero, oro bihurtzen zen garrantzitsu eta handi-mandi. «Adibidez, enpresa-kultura aipatzen bazen, etekinak jada ez ziren zerbait gaiztoa, ezpada goi-mailako kultur fenomeno». Kulturaren zuritze-balioa.

Lanegunaren osteko kultur iluntze leunek, ustez, halako motibazio goren eta dotore bat ekarri behar ziguten, hain zuzen industria-ekoizpenak erauzten zigun borondate hori berori; kulturak, ohiz kanpoko osagarri bat bailitzan, betegarri batek nola ordezkatzen bide zuen gure lanaren gainbalioak hondatzen eta suntzitzen zuena, gainbalio hura erauzi egiten baitziguten eta egiatan guri baitzegokigun, justizia kosmikoz. Edo, hertsiki gorputzaz arituta, kultur jarduerek baliogabetu egin behar zuten, soilik sinbolikoki izanda ere, gure gorputzaren eguneroko erabilgarritasuna eta prestasuna, zeina beste batzuek baliatzen baitzuten ekonomikoki; lanegunak iraun bitartean geure gorputzak geureak ez izatea, edo geureak izatea soilik lausoki, soldatapeko lanaren desjabetze zehatz eta telematikoaren arabera, horixe baliogabetu behar zuen kulturak. Paradoxikoki, geuk kultur jardueretan parte hartzeko grina hori, egiatan, bestelako desjabetze-prozesuetan parte hartzeko grina bat zen, geure gorputzak beste batzuen mesedetan jar genitzan lanean berriro, geure gorputzak beste batzuei eskain geniezazkien berriz. Goizean, lantegiari mailegatzen genion gorputza; arratsaldean, berriz, film bati, antzezlan bati, performance bati edo, azkenean ohikoena bilakatu zen moduan, merkatal gune bati, gimnasio bati edo Pilates egiteko gela bati. 

  • Data: Igandea, 2016ko Maiatzak 1 > Asteartea, 2016ko Maiatzak 31
  • Ordutegia: AR-OG: 12:00-20:00 | OL: 12:00-21:00 | LR: 10:00-21:00 | IG: 10:00-20:00
  • Lekua: Sotoa
  • Sarrera: Librea
  • Prezioa: Doan

Jarduerak