Blog Tabakalera

Beste gorputz batzuen egonleku den gorputza

2018-05-08 16:13

Beste gorputz batzuen egonleku den gorputza

Pertsona batzuek, gazte-gaztetatik, ziur jakin dute bizitza dantzan eman nahi zutela. Bada, ni horietako bat naiz. Dantzara dedikatzea erabaki serioa izan zen niretzat. Batzuetan, ingurukoek arinkeriaz hartu ohi dute erabaki hori, baina, zorionez, nire kasua ez zen hori izan. Bizi gaitezke artera dedikatuta?

Jone San Martín

Hiri batek elika lezake bere burua artetik? Hori horrela balitz, ez al ginateke hobeto biziko? Noiz edo noiz, Donostiatik bakarrik pasieran nenbilela, imajinatu izan dut hiri hau nolakoa izango litzatekeen baldin eta arteen hiria balitz, baldin eta eraikin bakoitzak bizitzari begiratzeko bestelako modu bat proposatuko balu artisten artelanen bitartez. Urteetan, Tabakalerako eraikina zokoratua egon zen nolabait, edo, hobeto esanda, ahaztua, benetan hortxe ez balego bezala, makurtuta eta kukubilko balego bezala inork begira ez ziezaion, zutituz gero zer gerta beldur zen erraldoi lotsati eta ikarati bat balitz bezala, iragana atzean utzi eta gaur egun den hori bilakatzeko bidea hartua balu bezala, eraldatze-prozesuan balego bezala, diskrezioz eta arretarik erakarri gabe jokatu beharko balu bezala.

Baina zutitu egin da, aurpegia eman du, eta hortxe dago orain, hirian duen kokaleku zentrala bere eginez, garbi eta distiratsu, eta, are, terraza panoramiko batekin, koroa baten gisara. Artistek, sarri, leku txiki, heze eta argi naturalik gabekoetan lan egin behar izaten dugu. Gero eta maizago, dantzalekuak sotoetan egon ohi dira, eta zurezko lurra izan ohi dute zementuzko oinarri baten gainean, eraikinak gehiago iraun dezan (eta gorputzak gutxiago). Gorputza bereizi egiten dugu gorputzak lan egingo duen espaziotik; elkarren kontra jartzen ditugu, elkar esploratzera gonbidatu beharrean. Ahaztu egiten zaigu guk ikusten ditugun artelanak, izan objektu edo irudikapen eszeniko edo bisual, lan-prozesu luze eta gogor bat izan dutela aurretik, erakutsi edo aurkeztuko diren lekua gorabehera. Ez dugu ahaztu behar artelana sortu eta landu den espazio horrexek baldintzatzen duela, dudarik gabe, artelan horren azken emaitza.

Horrenbestez, Tabakalera bezalako gune batek jakitun izan behar du artearen “erakustokia” dela, baina, horrez gain, aintzat hartu behar du artearen “haztegi” ere badela. Artistarentzat oso garrantzitsua da lantoki izango duen gune horrek nolabait babesten duela sentitzea, eta seguru jakitea sorkuntza-gune horretan badagoela erratzea, badagoela ezezaguna den horrekin jolastea, badagoela bilatzea eta zalantza egitea. Hau da, jakin behar du espazio hori dela, ziur asko, inork azalpenik eskatuko ez dion leku bakarra, galduta ibiltzeko eta arriskatzeko aukera izango duen leku bakarra. Espazio hori gai da ulertzeko sorkuntzan ez dagoela mugarik. Beharbada horregatik, garai batean bere “azalean” bizi izan zuelako aldaketa hori, metamorfosi hori, Tabakalerak ulertzen du artistak beharrezko duela sortzen ari den bitartean desagertzea, beste norbait izatea, benetan nor den ez jakitea, kukubilko jartzea. Nik behar dut Tabakalera, erraldoi, eskuzabal eta exijente, eta oraindik ez dagoen horren bidelagun, izan litekeen horren bidelagun.

Jone San Martin Astigarraga
Dantzaria eta koreografoa

 

 

 

Zure iritzia adierazi