2018-01-12 12:15

Administrazio Kontseiluak Tabakalerako zuzendari nagusia izendatu du

Gaur, 2018ko urtarrilak 12, KGNZ Tabakalera S.A.-ren Administrazio Kontseiluak batzarra egin du Donostian, puntu bakarreko gaia lantzeko: Tabakalerako Zuzendari Nagusiaren izendapena.

Administrazio Kontseiluak onartu egin du Tabakalerako Zuzendari Nagusiaren lanpostua betetzeko hautaketa-prozesuaren ondorioz aukeratutako hautagaiaren izendapena. Aipatu lanpostua sortzea 2016ko irailaren 28an izandako Administrazio Kontseiluan erabaki zen, eta 2017ko urrian profila definitu eta hautagaitzak aurkezteko epea zabaldu ondoren, Kontseiluak amaitutzat eman du gaur hautaketa-prozesua, eta ondorengo hautagaia izendatu du Tabakalerako Zuzendari Nagusi:

 

EDURNE ORMAZABAL AZPIROZ

Komunikazio-enpresen sektorean aritua, berme handiko ibilbidea du tamaina handiko proiektuen kudeaketan eta zuzendaritzan, arlo ezberdinetan: komunikabideetan eta euren kudeaketan, izen handiko kultur jardueren esparruan, eta baita industria zinematografikotik, ikus-entzunezkoetatik eta musikaren arlotik sustaturiko ekimenen esparruan ere.

Gaur egun, EITB Taldeko komertzial zuzendaria da, eta hainbat proiektu sortu eta garatu ditu aipatu enpresan, hala nola “Gaztea” musikaren irrati euskaldunaren abiarazte eta finkatzea, eitb.eus kanal digitala berritzea, edo irrati eta telebistaren nahierarako zerbitzua martxan jartzea.

Edurne Ormazabalek eskarmentu handia du diziplina anitzeko lantaldeen zuzendaritzan eta zeharkakoak diren proiektuen kudeaketan. Enpresa, erakunde eta komunikabide pribatu zein publikoekin aritu da elkarlanean eta bereziki Zinemaldiarekin izan du urteetako lankidetza.

Horrez gain, esperientzia zabala du aurrekontu handiko proiektuen finantzaketan, eta maila handiko kultur eta enpresa-ekitaldien diseinu eta kudeaketa-lanak egin ditu EAEko eta estatuko enpresa, elkarte eta erakundeentzat.

 

Zuzendaritza Nagusiaren egitekoak izango dira Tabakalera osatzen duten erakunde eta ekipamendu guztien ikuspegi eta estrategia komun bat garatzea; nazioarteko proiekzioan sakontzea; sormen-sarearekin, industria kultural eta sortzailearen sektorearekin eta ekonomia-sarearekin dituen harremanak sustatzea; finantzaketa-iturri pribatuak sustatzea eta proiektuaren ordezkari izatea, besteak beste.

 

Donostia, 2018ko urtarrilak 12