Ageda Blasco | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Ageda Blasco

Oro har, gizarte-bazterketarekin lotutako lanetan aritzen naiz: indarkeria matxisten prebentzioa, sexu-aniztasunaren sustapena, neuro-dibergentziak, esku-hartze artistikoa eta queer pedagogiak. Nire jarduera ikuspegi feministak, arteak, gorputzetik abiatzen den lanketak eta Gestalt terapiak eskaintzen dituzten tresnetan oinarritzen da.

2017-2018 ikasturtean Ikasketa Feministak eta Genero-Ikasketak masterra egin nuen, eta Master Amaierako Lanaren ikerketa gaia gorputz-adierazpen tresnen baliagarritasuna izan zen, identitate-aginduak malgutzeko eta lotzen zaizkien indarkeriak murrizteko. Gaur egun, doktorego tesi baterantz lan ildo horretan ikertzen jarraitzen dut.

Duela lau urte Gorputz.ekin proiektua jarri nuen martxan, genero rolak eta parekideen arteko harremanak gorputz dinamiken bidez lantzeko helburuarekin, eta arau sozialek eskaintzen ez dizkiguten egoteko moduak ahalbidetzeko.

Gazteen hezitzaile bezala, 7 urte daramatzat prestakuntza eta tailerrak egiten hezkuntza formalaren eta informalaren esparruan, hezkidetzarekin lotutako hainbat gai jorratuz: kontsumo eta genero harremanak, kooperazioa, gizarte-ekintza, eta abar. Ahal den neurrian, bizipenetan oinarritzen dugu lana, honek duen ahalmen eraldatzaileagatik.