Argi berdea eman diote 2deo-ri, euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzeko Tabakalerako laborategiari | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2018-07-10 13:15

Argi berdea eman diote 2deo-ri, euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzeko Tabakalerako laborategiari

Foru Aldundiak milioi bat euro eman dizkio Tabakalerari proiektua martxan jartzeko, eta hasierako fasea Iban Arantzabalek koordinatuko du.

Onartu berri dute 2deo proiektua, hots, euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzeko Tabakalerako laborategia, Etorkizuna Eraikiz foru-programaren bidez sustatua. Gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak oniritzia eman du kultura-zentroari 980.000 euroko diru-laguntza emateko, proiektu hori martxan jar dezan. Datozen hilabeteotan emango da argitara proiektua, eta hasierako fasea Iban Arantzabalek koordinatuko du. Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok adierazi du onarpen hori oso garrantzitsua dela, 2deo abiaraziko duen mugarria izango delako. “Iazko abenduan aurkeztu genuen diseinua, eta martxoan, berriz, laborategiaren proiektua Tabakalerara eraman genuen; orain, proiektua errealitate bihurtzeko beharrezko baliabideak jarri ditugu”, azaldu du.

Foru-arduradunak prentsaurreko batean parte hartu du gaur Donostian, eta han izan dira, halaber, Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendaria, eta Iban Arantzabal, 2deo-ren hasierako fasea koordinatzeaz arduratuko den pertsona. Prentsaurrekoan, hartutako erabakien berri eman dute. Laborategiaren proiektua Etorkizuna Eraikiz programaren barruan diseinatu eta abiarazi da. Foru Aldundiak sustatzen du programa hori, Gipuzkoaren etorkizuna gipuzkoarrekin batera eraikitzeko xedez, eta Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak babesa ematen dute. Aurtengo martxoan, Tabakalerak 2deo zentroaren berezko jardueren barruan sartzea onartu zuen, eta, beraz, aurrerantzean laborategiak bere bizitza egingo du, eduki kulturalak sortu eta zabaltzeko ingurune apropos batean.

“Gaur egungo gazteek gero eta ikus-entzunezko produktu gehiago kontsumitzen dituzte, eta euskararen etorkizuna bermatu nahi badugu, gure hizkuntzak lekua egin behar du esparru horretan”, azaldu du diputatu nagusiak. Ildo horretatik, erantsi du horixe izan dela beti 2deo proiektuaren abiapuntua edo hasierako intuizioa. “Gogor ahaleginduz eta sektorearekin lan eginez, euskarak leku hobea izango du ikus-entzunezko eduki berrien eremuan, ziur nago horretaz. Eta, ahalegin horretan, 2deo-k funtsezko zeregina bete behar du, edukiak sortuz eta euskarazko ikus-entzunezkoen ekosistema dinamizatuz”, azaldu du.

UPV/EHUk Aldundiarentzat eginiko azterlan baten arabera, gazteek gaztelaniazko ikus-entzunezko produktuak kontsumitzen dituzte, batik bat alternatibarik ez dutelako eta euskarazko edukirik ez dagoelako. Hala eta guztiz ere, eta betiere azterlan horren arabera, gazteak ikus-entzunezko produktuak euskaraz kontsumitzearen alde daude. 2deo-k, horrenbestez, hutsune hori betetzeko erronkari aurre egin nahi dio. “Ikus-entzunezko produktuak gero eta gehiago kontsumitzen dira, eta, hori kontuan harturik, ezinbestekoa da euskararen presentzia areagotzea, bai hizkuntzaren erabilera handitzeko bai euskal kulturaren eta gure identitatearen transmisioa eteteko mehatxuari aurre egiteko”, ohartarazi du Olanok.

Laborategia

Iban Arantzabalek (Elgeta, 1975) zuzenduko du 2deo laborategia martxan jartzeko prozesua. Arantzabalek berak koordinatu du hausnarketa-aldia euskarazko ikus-entzunezkoen sektorearekin batera, eta horri esker diseinatu ahal izan da proiektua.

Laborategiari dagokionez, Aldundiak Tabakalerari emandako 980.000 euroko diru-laguntzatik 400.000 laborategiko azpiegitura martxan jartzeko erabiliko dira. Laborategia kultur zentroaren lehen solairuan egongo da, gaur egun Erakusketa Aretoa dagoen lekuan. Hala, areto hori lekuz aldatuko da eta eraikinaren lehen solairuan dagoen beste gune batean kokatuko da.

2deo-k 500 metro inguruko instalazioak izango ditu, modu dinamikoan, eskalagarrian eta unean uneko beharretara egokitzeko modukoan egituratuko direnak. Espazio irekiak izango ditu, elkarrekintzara gonbidatuko dutenak, baita ikuskaldietarako eta ediziorako guneak eta laborategiko langileek lan egiteko tokiak ere. “Ateak beti zabalik egongo dira herritarrentzat; edonoiz sartu ahal izango dira gune honetan zer eta nola egiten den ikustera”, esan du Arantzabalek.

2deo sustatu duten eragileek azaldu dutenez, egokitzapen-lanak urte amaieran hasiko dira. “Datorren martxorako laborategia erabilgarri egotea espero dugu, eta ikasturte hasierarako hainbat arlotako lehen deialdiak egiteko moduan egongo gara”, azaldu du 2deoren arduradunak. Laborategiko langileei dagokienez, Arantzabalez gain garapen arduradun bat kontratatzea aurreikusi da.

“Zinema eta ikus-entzunezkoak Tabakaleraren ardatz nagusietakoak dira dagoeneko, eta 2deo laborategia Donostiako Zinemaldiarekin, Euskadiko Filmategiarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera osatzen dugun egitasmoa aberastera dator”, azaldu du Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari nagusiak.

Bestalde, Ormazabalek azaldutakoaren arabera, “Tabakaleraren helburuetako bat sormena eta sorkuntza sustatzea den heinean, 2deo laborategia tresna aproposa izango da. Tabakaleraren asmoa ikus-entzunezko arloan lanean ari diren sortzaileentzat eta ikus-entzunezko industriaren sektorearentzat erreferente bihurtzea da, eta baliabideak eskaintzea proiektuak sortzeko, garatzeko eta ikusarazteko”.

Deskargatu oharra osorik.