Arkitektura: Film Mintzairak, ibilbide oso bat aintzatesten duen argitalpena | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2018-03-07 11:15

Arkitektura: Film Mintzairak, ibilbide oso bat aintzatesten duen argitalpena

Cristina Enea Fundazioak eta Tabakalerak, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren laguntzarekin ondutako Arkitektura: film mintzairak argitalpena aurkeztu dute gaur Tabakaleran. Txema Hernández, Cristina Enea Fundazioko zuzendaria, Ane Rodríguez Armendariz Tabakalerako kultur zuzendaria eta Oier Etxeberria Bereziartu, Tabakalerako proiektu artistikoen arduraduna izan dira proiektuaren aurkezpenean.

Arkitektura: film mintzairak ekimenak 2009an abiatu zuen bere bidea, Cristina Enea Fundazioak, Tabakalerak eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak antolatuta, eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren laguntzarekin. Orduz geroztik, urteroko topaketa bat bilakatu da, hiriari buruz (hiria gure garaiko kategoria nagusietako bat dela ulertuta) irudien eta ikus-entzunezko lengoaien bidez hausnartzeko eta eztabaidatzeko elkargunea.

Proiektua sortu zenetik antolatu diren zazpi ekitaldien baitan egin diren hitzaldi, proiekzio eta lantegietan tokiko zein atzerriko pentsalari entzutetsuak elkartu dira, filmetan oinarrituta, hiri-politiken zein geografia-, ingurumen- eta ekologia-analisiaren gaineko gogoeta eragin asmoz. Filmen azterketaren eta lan-saioen bitartez, Arkitektura: film mintzairak ekimenak agerian utzi du gaur egungo hiriak eta arkitektura egituratzen dituzten prozesu ekonomiko eta politikoez gain, prozesu sinbolikoak, antropologikoak eta estetikoak ere aztertu behar direla.

Ekimen hau martxan jarri zen garaian, 2009 urtean, berrikuntza interesgarria izan zen, orduan arkitektura eta hirigintzari lotutako gaiak ikuspegi kritiko batetik jorratzen zituzten programak oso urriak baitziren. Egun, aipatu gai horiek presentzia nabarmena dute hirian, eta hainbat erakunde ezberdinek antolatzen dituzte horien inguruko jarduerak. Horien artean azpimarragarria da iaz Donostian ospatu zen Mugak Fronteras Arkitekturako Bienala, Tabakaleraren lankidetzarekin antolatua eta datozen urtetan jarraipena izango duena. Beraz, testuinguru hau kontuan izanda, Arkitektura: film mintzairak-en sustatzaile izan diren erakundeek proiektuari itxiera ematea adostu dute, eta aurrerantzean hiriari, hirigintzari eta arkitekturari lotutako gaiak aipatu beste ekimen horien bitartez, edo etor litezkeen beste batzuen bitartez lantzea. Orain aurkezten den argitalpen hau proiektuari itxiera emateko sortu da, beraz, egindako bidea nabarmentzeko eta Arkitektura: film mintzairak ekimenak iraun duen urtetan pilatutako esperientziak biltzeko.

Arkitektura: film mintzairak izeneko ale berri honek, batetik, urte hauetako programazio osoa jasotzen du, filmak, aurkezpenak eta lantegiak;  bestetik, hainbat egilek propio sortutako testuak ere biltzen ditu, hala nola Franco Berardi ‘Bifo’, José Díaz Cuyás, Los Flamencos, Miren Jaio, Isabell Lorey eta Dean MacCannell-enak, guztiak euskarara zein gaztelaniara itzuliak.

Argitalpena Tabakalerako Info puntuan eta Cristina Enea Fundazioaren egoitzan eskuratu ahal izango da  eta 20 euroko salneurria izango du.