Artista garaikide eta historikoek artearen eta zibernetikaren arteko harremana aztertuko dute "Cybernetics of the Poor: tutorialak, ariketak eta partiturak" erakusketan | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2020-03-06 11:30

Artista garaikide eta historikoek artearen eta zibernetikaren arteko harremana aztertuko dute "Cybernetics of the Poor: tutorialak, ariketak eta partiturak" erakusketan

Komisario gisa Diedrich Diederichsen eta Oier Etxeberria dituen erakusketa hau Tabakaleraren eta Vienako Kunsthalle-ren arteko koprodukzioa da, eta tokiko eta nazioarteko 24 artistaren lanak jasotzen ditu.

 

 

Erakusketan bilduma pribatuetatik, galerietatik eta museoetatik ekarritako obrak ikusi ahal izango dira —besteak beste, Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía edo Musée d’art contemporain de Lyon—, eta bigarren fase bat izango du Vienan, 2020aren amaiera aldera.

Tabakalerak, bost urte betetzen dituen honetan, arte garaikideko erakusketen ziklo berri bati eman dio hasiera, Cybernetics of the Poor -Pobrearen zibernetika-: tutorialak, ariketak eta partiturak proiektuarekin. Komisarioak Diedrich Diederichsen, kultura-kritikari eta komisario alemaniarra, eta Oier Etxeberria, Tabakalerako arte garaikidearen arloko arduraduna, izango dira. Erakusketa honek proposatzen du historian zehar artearen eta zibernetikaren artean sortu diren askotariko konexio motak aztertzea. Tabakaleraren eta Kunsthalle Wien-en arteko koprodukzioa da, eta hemengo eta nazioarteko 24 artistaren obrak barne hartzen ditu. Ikusgai dauden lanak bilduma pribatuetatik, galerietatik eta museotatik ekarri dira (besteak beste, Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía eta Musée d’art contemporain de Lyon).

Erakusketak 2019an Viena eta Donostia hirien artean egin zen nazioarteko mintegiaren izen bera dauka. Hain zuzen, lankidetza hartatik sortu zen erakusketa-proiektu hau, eta hemendik Vienako Kunsthallera lekualdatuko da aurtengo abenduan. Lankidetza horri esker, artelan berriak sortzeaz gain, aukera izango dugu zenbait euskal artistaren obrak Vienan ikusgai jartzeko.

Cybernetics of the Poor: tutorialak, ariketak eta partiturak erakusketak abiapuntu duen ideia da zibernetikak ekonomiaren eta politikaren gainean duen nagusitasuna. Zibernetika, grezierako kybernêtikê (gobernatzearen artea) hitzetik eratorria, kontrolatzeko eta gobernatzeko teknika bat izan zen hasieran, eta mugimenduan zeuden objektuen aurrerapena egiaztatzeko eta baieztatzeko erabiltzen zen. Norbert Wiener matematikari estatubatuarrak asmatu zuen berrogeiko hamarkadan, trafikoa kontrolatzeko eta jende multzo handiak gobernatzeko asmoz, baina zapalkuntza- eta kontrol-teknika gisa erabiltzen hasi zen berehala. 

Gaur egungo egoera oso bestelakoa da. Zibernetika ez da soilik kontrolatzeko eta gobernatzeko teknika bat: negozio-eredu bat ere bada. Datuen salerosketa eta kapitalismo digitalak zibernetikaren teknologia edo metodologia erabiltzen dute aberasteko. Bada, artea ere egoera berri horretara egokitzen ari da, eta, hain zuzen, zibernetika zaharrari eta berriari buruzko hausnarketa egingo dugu Cybernetics of the Poor: tutorialak, ariketak eta partiturak erakusketarekin. Gonbidapen bat da, geure buruari galdetzeko ea zer erantzun mota izan ditzaketen bizi dugun errealitatea osatzen duten plangintza-, aurrerapen- eta sistematizazio-prozesuek, edo zer leku geratzen zaion arteari –edo norbanakoari– zibernetikak erabateko nagusitasuna duen garai honetan, gure eguneroko bizitzako alderdi guzti-guztietara iristen baita. Beste era batera esanda, eta erakusketaren izenburua oinarri hartuta, zer egin dezakegu partituratik ateratzeko, tutorialetatik desbideratzeko eta ezarrita dagoenaren inguruan jolasten duten ariketak planteatzeko, beste leku batera iristeko asmoz? 

Erakusketak, besteak beste, lau obra berri ditu, egungo zibernetikari erantzuten diotenak, baita azken berrogeita hamar urteetako artisten obrak ere, zibernetikaren jatorrizko ideiari erantzun eta horri aurkaratzen zaizkionak. Artistek “pobreen zibernetika” gisa uler daitezkeen estrategiak erabiltzen dituzte beren obretan. Ikusleak askotariko obrak ikusiko ditu, hainbat arlori erreferentzia egiten diotenak: musika, herri-kultura, zinea, eskultura eta aktibismoa, besteak beste. Erakusketa honek aukera emango digu egungo munduaren konplexutasunari buruz hausnartzeko, eta hausnarketa hori zentzumenen bidez egin ahal izango dugu, ez soilik irakurketa intelektualaren bidez. 

Kasu batzuetan, jolasaren ideiaren bidez islatuta daude plangintzaren eta artearen artean sortzen diren tentsioak, edo sistema baten eta horren subertsioaren artean sortzen direnak. Hain zuzen, jolasaren ideia hori erakusketaz harago joango da eta hurrengo erakusketarekiko lotura gisa balioko du: Bideo-jokoak. Playing Without End. Erakusketa hori apirilaren 2an zabalduko da. Azken proiektu hori Lau Pareta erakusketa-areto berritik kanpora zabalduko da, eta gamifikazioaren askotariko interpretazioak egitera bultzatuko gaitu, zentzu ludikotik hasi eta zentzu kritikora arte. 

Azkenik, beste proiektu garrantzitsu bat ere aurkeztuko da urteko lehen hilabete hauetan, zehazki, martxoaren 17an: Julio Le Parc artista argentinarrak Tabakalerarentzat sortutako pieza berri bat. Le Parc aitzindaria izan zen arte “planifikatu” batean mugimendua eta –bere hitzetan– ezegonkortasunaren printzipioa txertatzen. Bere ibilbidean, tradizio konstruktibista formala aldatzen duten proposamenak egin ditu nagusiki, jolasari eta esperientzia estetiko berri bati leku eginez. 

 

Cybernetics of the Poor: tutorialak, ariketak eta partiturak

Komisarioak: Diedrich Diederichsen eta Oier Etxeberria

Parte hartuko duten artistak: Agencia, Jon Mikel Euba, Lili Reynaud-Dewar, Camila Sposati, Constanze Ruhm, Ana de Almeida & Alicja Rogalska, Gema Intxausti, Luke Fowler, Alex Mendizabal, Sharon Lockhart, Cory Arcangel eta Pedro G. Romero.

Hauen obrak egongo dira ikusgai: Don Van Vliet, Cornelius Cardew, Anthony Braxton, Elena Asins, Hanne Darboven, Edgar Degas, Jörg Schlick, Peter Roehr, Douglas Huebler, Heinrich Riebesehl, Mike Kelley eta Guy de Cointet, besteak beste.

 

Informazio praktikoa

Data: martxoaren 6tik abuztuaren 23ra

Ordutegia: asteartetik igandera, 12:00etatik 20:00etara (astelehenetan itxita)

Lekua: Erakusketa-aretoa (1. solairua)