2018-02-12 12:45

‘Atalak 2.0’-ren 2018ko edizioa aurkeztu da

Atalak 2.0 programak sormen koreografikoaren aldeko beste urrats bat ematen du, Nafarroako bazkide batekin. Donostia Kultura, CCN Malandain Ballet Biarritz, Tabakalera, Dantzagunea eta Azkuna Zentroarekin batera arituko da aurten Baluarte Fundazioa.

Ikerketa eta entsegua dira Atalak plataformaren ezaugarriak. Ekimen horren bidez, Dantzazek sorkuntza koreografikoko mikroprozesuak bideratzen ditu eta hauek, beren aldetik, narratiba artistiko garaikideak ikusleen esku uzten dituzte. 

Atalak ekimenak aste beteko egonaldi batean Dantzazeko dantzariekin aritzeko Akitania-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko sei sortzaileei aukera ematen die. Beren proiektuek bozgorailu bat izango dute bazkideek osatzen duten hedatze-sareari esker.

Aurtengo gonbidatuak hauexek dira: Iñaki Azpillaga dantzari eta koreografo donostiarra (Wim Vandekeybus belgiarraren konpainian sormen- laguntzaile gisa aritzen dena), Matxalen Bilbao (Euskadin dauden koreografoen artean, ibilbide luzeenetarikoa duena), Edu Muruamendiaraz (Aukeran konpainiako koreografoa, sortzailea eta zuzendaria), Blanca Arrieta gasteiztarra (dantzaria, koreografoa eta zuzendaria Ciento Cincuenta Cuerdas konpainian), Carmen Larraz naparra (pedagoga eta koreografoa Dinamo Danza konpainian), eta Thierry Martinez frantsesa (dantzaria eta koreografoa Suediako Norrdans konpanian eta Bartzelonako Ramon Olleren Metros konpainian).

Atalak 2.0k, gainera, 2018rako berrikuntzak dakartza. Bazkide bakoitzari koreografoen sorkuntzak bere erabiltzaileekin eta publikoarekin harremantzeko ekintza eta tresna ezberdinak erabiltzeko aukera ematen die. Bestalde, Atalak, kafe bat? topaketak bultzatuko ditu, elkartutako bazkide bakoitzaren guneetan sortzaileak eta dantza profesionaleen arteko topaguneak sortzeko.

Tabakaleraren parte-hartzea

Tabakalerak aurtengoan ere Atalak 2.0 proiektuaren garapenean parte hartuko du bazkide bezala, eta urtean zehar egingo diren hiru egonaldietako biren aurkezpen publikoak hartuko ditu. Horrela, bada, Edu Muruamendiaraz eta Blanca Arrietak gauzatutako lanaren erakustaldia hartuko du apirilaren 26an, eta, aurrerago, abenduaren 13an, baita Carmen Larrazek eta Thierry Martinezek egindakoa ere. Biak Tabakalerako Patio aretoan izango dira.

 

Deskargatu prentsa-txosten osoa: Atalak 2.0 - 2018