Ateak, indarkeria matxista ikusgai jarri eta hausnarketa akuilatzen duen erakusketa | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2019-03-14 09:45

Ateak, indarkeria matxista ikusgai jarri eta hausnarketa akuilatzen duen erakusketa

Tabakalerako Plazan dago martxoaren 31ra arte 47 artistek beste hainbeste ateren gainean egindako artelanak biltzen dituen erakusketa ibiltaria; ate bana 2018 urtean indarkeria matxistak Espainian eraildako emakume bakoitzeko.

Jada ikusgai dago Plazan Ateak izenburudun erakusketa proiektu artistiko horren xedea da egunerokotasunean gertatzen diren txatu txarrak edo genero ezberdintasunak agerian jartzea, estatistikak gizatiartu eta genero indarkeriaren biktimen oroimena aldarrikatzea. Bide batez, gizartean eztabaida eragingo duten elkarrizketak bultzatzeko artea akuilua izan daitekeela erakusten duen ekimena ere bada.

2018 urtean Estatuan gizonezko batek emakume bat erailtzen zuen bakoitzean, Dimension agentziak, ekimenaren sustatzaileak, ate bat bidali zion artista bati artelan baterako euskarri gisa erabil zezan. Atea mihise bezala erabiltzeak atearen beste aldean ezkutatzen dena irudikatzen du, hau da, erakusketak agerian jarri nahi dituen tratu txarrak edo genero bestelakotasun horiek.  Guztira 47 izan ziren eraildako emakumeak eta, beraz, 47 izan ziren beste hainbat sortzaileei igorritako ateak.

Testuinguru horretan, ate bana jaso eta ekimen honetan eskuzabalki esku hartu zuten artistak izan ziren: Judas Arrieta, Guille Viglione, Ángela Alonso, Marcos Navarro, Marc Pe, Sortwo, Higinia Garay, Eva Mena, Fortun, Junita Makina, Veronica Werckmeister, Diego Besné, Ibai Maritxalar, Irantzu Lekue, Oscar Casla, Susi Quiu, David Tavares, Susana Blasco, Imanol Andonegi, Juan Álvarez, Amaia Arrazola, Nagore Olarra, Txemy, Woody James, Pin dbr, Xabier Anunzibai, Goretti Aranburu, Aritz Kabe, Gato Urbistondo, Natalia Albéniz, Laura Miner, Mari Matraka, María Ríos, Ramon Zabalegi, Nerea Urrestarazu, Abel Barcenilla, Belén Lucas, Haizea Merino, Miryam Artola, Iñaki J. Areizaga, Naiara Palacios, Rosario Cornejo, Nagore Legarreta, Bàlu, Iñaki G. Holgado, Paoletta Balmelli, eta Garikoitz C. Murua. Bakoitzak bere kasa interpretatu eta islatu du atearen atzean ezkutuan dagoen errealitate hori eta, ondorioz, erakusketa adierazpen artistiko askotarikoen multzoa da. Artelan bakoitzaren sortze-prozesua Ateekin batera ikusgai dagoen dokumentalean jaso zen.

Ateak proiektuak Tabakaleraren jomuga den euskal gizartearen gaitasun sortzaile nahiz kritikoaren garapena ahalbidetzeko ahaleginari erantzuten dio bete-betean.

Berrogeita zazpi Ateak martxoaren 31 bitartean izango dira Tabakaleran ikusgai.

Erakusketa honek Donostiako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Real Sociedad Fundazioaren babesa du.