2018-02-13 13:43

0-6 bizi! Esperimentaziorako espazioen bila

HEZKUNTZA Zerren argi

Hasi berri dugun 2018 honetan 0-6 bizi! proiektuaren baitan esperimentaziorako bideak zabaltzea izango dugu helburuen artean eta horretarako, lantegi desberdinak antolatzen ari gara. Esaterako, pasa den ostiralean, Maite Alonso eta Unai Ruiz etorri ziren gurera zinema esperimental lantegi bat eskaintzera. Bertan, 16mm-ko zeluloidearen gainean zuzenean eta libreki marraztu genuen lodiera eta kolore ezberdinetako errotuladoreak erabiliz, espazioan barrena mugituz, koloreak astinduz, barre eginez… eta horrela, pixkanaka, gure filma forma hartu zuen. Saioaren amaieran iritsi zen momentu onena! Filma karretean montatu eta denon artean egindako pelikula proiektatu genuen!

Datozen hilabeteetan “Situ-akzioak” deitu dugun lantegi saioetan elkarrekin sortzera gonbidatzen zaituztegu. Proiektu honek esplorazio sentsorialerako jolas proposamen irekiak diseinatzea planteatzen du. Jolas ireki proposamenak izango dira, denon artean pentsatutako eszenarioak eta elkarrekin eraiki, eraldatu, sinbolizatu eta esperimentatzeko aukera izango dugu bertan. Jolas libreko paisai-toki hauek Tabakalerako espazio eta momentu jakin batean gauzatuko dira, asteburuan.

Gure lehen “Situ-akzioa”n ari gara dagoeneko lantalde bat buru belarri lanean eta datorren martxoaren 9 eta 10ean aktibatuko dugu nahi dutenek bertan esperimentatu dezaten.

 

Nerea Hernandez, Hezkuntza taldeko koordinatzailea

Zure iritzia adierazi