Blog Tabakalera

2016, urte bat baino askoz gehiago

2019-03-12 16:03

2016, urte bat baino askoz gehiago

Dagoeneko ia hiru urte igaro dira, Donostian eta Gipuzkoan Europako Kultur Hiriburutzarekin batera sartutako olatu ikaragarria atzean utzi genuela. Atzean geratu dira itsasargiak ardatz hartuta antolatu ziren 3000tik gora ekintza eta baita hautagaitza aurkezterakoan jarritako hainbat ekitaldi eta topaketa ere. Ezin esan dezakegu olatu haren itsasbeheraren indarrak egindako lan guztia aurretik eraman zuenik, inongo arrastorik utzi gabe.

Batetik, legatua geratu zaigu. Proiektuaren oinordetza beste erakunde batzuk hartu dute eta beraiek jarraituko dute DSS2016EUren ondarea eta proiektu ezberdinak lantzen. Beraiek bermatuko dute hiriburutzaren proiektuaren eta hautagaitzaren helburu nagusien jarraipen plana.

Eta, bestetik, 2016 urte hartako Hiriburutzaren inguruan sortutako dokumentazio guztia (argazki, audio, bideo, irudi, testu) ondare moduan geratu zaigu Tabakalerako Makusi datu-basean.  2008an Donostia Europako Kultur Hiriburua izateko kanpainaren aurkezpenetik hasi eta 2016an Tabakaleran egin zen itxiera festara arte sortu zen dokumentazio guztia kontsultagarri dago bertan, izan ere hori da Hiriburutzako ondare dokumentalaren gordailua. Bertan 2016 urteko eta baita hautagaitza aurretiko une onenak berriz ikusteko eta irakurtzeko aukera ez ezik, ikertzailearentzat eta herritarrarentzat oro har baliagarriak izan litezken edukiak eskuratzeko aukera dago. DSS2016EUko eduki horien gehiengoak copyright lizentziapean daudenez, ezin dira Ubik liburutegitik kanpora ikusi, bai ordea webgunean bertan kontsultatu.

 

Itsasgorek badaukate energia asko hondartzetara ekartzeko izaera. Baina baita itsasbeherekin batera altxorrak agerian uzteko nahikoa ere. Hementxe utzi digu olatuak agerian Hiriburutzako ondare dokumental ikaragarria. Sartu eta nabigatu!!

 
Zure iritzia adierazi