Blog Tabakalera

2deo eta Kunsthal, elkarlanean

2019-10-29 16:18

2deo eta Kunsthal, elkarlanean

Ikus-entzunezko proiektu baten hanka garrantzitsuenak zein diren eztabaidatzen dugu sarritan 2deon: gidoia, irudia, soinua eta honekin guztiarekin kontatzen dena…Gai horiek hasieratik lantzen dira, istorioa sortu eta eusten duten zutabe irmoak baitira. Laborategian ikus-entzunezko ekoizpenean askotan erren gelditzen zaigun beste arlo bati ere heldu nahi diogu: nortasun grafikoa. 

2019ko urtarrilean izan zen 2deo-Tabakalera eta Kunsthal, Goi-mailako Diseinu Zentroaren arteko lehen bilera. 

Alde batetik, 2deotik bagenuen ikasleekin lan egiteko gogoa, haien ikuspuntu berritzaileak eta lanerako prestutasunak bat egiten dutelako gure laborategiarekin. Kunshtaleko ikasleentzako, aldiz, benetako bezeroekin lan egitea aukera eta erronka polita da. 

Beraz, horrela hitzartu zen elkarlana: diseinuko ikasleek 2deoko proiektuen nortasun grafikoa landuko dute hamar astetan zehar eta proposamen bana egingo diote. 

Elkarlan hori martxan jartzeko ikasle eta proiektuetako ordezkariekin bi topaketa antolatu genituen, eta halaxe joan ginen urriaren 17an eta 24an, 2deoko lantaldea Bilbora. 

Matikon du Kunsthalek behin-behineko egoitza, Zorrotzaurreko eskola prest izan arte. 

Saio bakoitza bi ordukoa izan zen eta talde buru bakoitzak bere proiektua aurkeztu eta ordura arte egindako lana erakutsi zuen.

Bukatzean ikasle eta irakasleek galderak egiteko aukera izan zuten. 

Hemendik aurrera proiektuen banaketa egingo dute ikasleen artean eta abendura arte izango dute bakoitzaren nortasun grafikoa sortu edo berrikusteko epea.

Aurkeztu zituzten proiektuen artean Pello Reparazen bideoklipak ikusi genituen, lantzen ari diren proiektu sendoa partekatu ziguten. Bestalde, Azpeitiko DAPAko lagunekin elkarrizketa interesgarriak sortu ziren, edizioa, musika eta grafikak nola bat egiten duten haien proiektuan erritmoa sortzen. Besteak beste, Neuke ekoiztetxeak ere Normala serieari buruz hitz egin zigun, gai delikatuak nola landu daitezkeen erakutsiaz. 

Ziur gaude landatutako haziek emango dituztela fruitu ederrak. 

Kontatuko dizuegu.

Etiketak
Zure iritzia adierazi