Blog Tabakalera

Badakigu nola hasten diren proiektuak, nola amaituko diren ez

2016-10-25 11:44

Badakigu nola hasten diren proiektuak, nola amaituko diren ez

Orain dela bi urte, Hirikilabsera heldu nintzenean, Plaza proiektuaren ideiak liluratu egin ninduen. Plaza urtean birritan egiten den proiektu irekien deialdia da. Edozein pertsonak / taldek aurkeztu dezake proiektu bat, edota beste batzuenetara batu.

Aurkezten diren proiektuetatik soilik irekiak direnak hautatzen dira: irekiak ezagutzan (garatutakoa jaso eta partekatzera prest daudenak) eta baita prozesuan ere (parte hartzeko prest dauden beste pertsona batzuk batzeko).

Ideia sinple honek, ostegunero espazio eta denbora hau sorrarazten du. Hirikilabsen prototipo bat diseinatu eta fabrikatzeko beharrezkoak diren baliabideak egonda, espazioa irekitzeak, topatzeko aukera izateak, ezagutzak, ideiak zein pertsonak askatasunez ezagutzeko aukera izateak, Plaza martxan jartzen du, eta azken finean, baita gurea bezalako laborategi bat ere. “Ikusezina” den teknologia hau ez da alde batera utzi behar, proiektuentzako oinarrizko mamia baita.

Hirikilabs Plaza

 

Sorkuntza eta teknologia gizakiak berezko baldin  baditu, baliabideak aktibatuz gero, pertsonak lotuz  gero eta ezagutza zabalduz gero, zer gerta liteke?

Plazan badakigu non hasi daitekeen proiektu bat baina ez dakigu non amaituko den. Pertsona hauen guztien irudimena, euren proiektuak aurrera ateratzeko beharrezko duten ezagutza lortzeko duten gogoari gehitzen badiogu, ezusteko emaitzak topatuko ditugu, baita porrotak ere, eta ikasketa anitzak, baina batez ere, oso arratsalde entretenigarriak izango ditugu ostegunero.

Post honen bidez, gonbidapena luzatu nahi dugu deialdi honetan (seigarrena) ditugun proiektuak ezagutzeko eta, noski, bertara proiektuetan laguntzera etorri nahi duen edozein pertsona hurbildu dadin. Honako esteka honetan, proiektuen laburpena aurkituko duzue.

#Plaza-n ikusiko dugu elkar!

 

Diana Franco Eguren
Hirikilabs, Kultura digital eta teknologia laborategiaren arduraduna

 

Zure iritzia adierazi