Blog Tabakalera

Belaontzi bat, milaka hazi eta landa-eremuaren gaineko eztabaidak

2017-05-04 13:26

Belaontzi bat, milaka hazi eta landa-eremuaren gaineko eztabaidak

Irudika ezazue belaontzi bat, egurrez egindako belaontzi eder bat, haizeak gidatuta, bere bela zuri handiak guztiz tenkaturik dituena, eta Iparraldeko Itsaso basatian barrena doana. Buruan dugun belaontzi hau gainera, milaka hazi ezberdinez beteta dago, izan ere, igarotzen den herrialde guztietatik haziak batzen ditu, bilduma izugarri aberats bat sortuz.

Eguraldi iragarpenek huts egiten ez badute, eta haizea alde izanez gero, datorren astearen hasieran Donostiako portuan atrakatuko du Oslotik datorren eta helmuga Istanbulen duen barku-laborategi honek. Michael Taussig antropologoaren hitzak hartuz (bide batez, bera ere gure artean izango da datorren astean), "Ekialde Hurbilera egiten den bidaia hau memoriaren iratzartze bat bezala ikus liteke, bidaia luze bat non jasotzen diren haziak denboraren atzaparretatik hartuak diruditen".

Haziz beteriko barku hau Seed Jouney proiektuaren parte da, Flatbread Society -ek bultzaturiko ekimen bat, Donostiara Tabakaleraren - Bizigarriak: zirkulazioa eta euforia erakusketaren baitan– eta Hazieraren, Cristina Enea Fundazioko hazi artxiboa, eskutik iritsiko dena eta maiatzaren 9, 10 eta 11 bitartean zenbait jarduera publiko eskainiko dituena. Proiektuaren helburua esperientziak bilduz baserri-memoria, gizarte-metabolismoa eta artea eta lurraldearen arteko elkarguneen inguruan hausnarketa eta ekintzarako espazioak irekitzea da.

seedjourneybelaontzia.jpg

Lehen ekitaldia maiatzaren 9an izango da, Artea, kultura garaikidea eta landa-ingurunea: lurralde mugakideak miatuz izenburua daraman mintegia, hain zuzen. Gonbidatu ezberdinen parte hartzearen bitartez, landa-ingurunea eta hiri-inguruaren arteko harremanaz eztabaidatuko da, tentsiozko harreman bat azaleratuz. Dena den, historikoki landa eta hiria kontrakotzat hartu badira ere, bi eremu semantiko horiek bereizten dituen muga lausotzen ari dela dirudi. Tentsiozko testuinguru horri egin behar izaten dio aurre gaur egun landa-gunearen inguruan diharduen edozein kultur jardunek.

Egun berean baina arratsaldez, eta publikoari irekia egongo den saioan, Marc Badal, Jakoba Errekondo eta Amy Franceschiniren aurkezpenak izango ditugu, sagardoa eta honek itsasoa eta itsasoz haraindiko komertzioarekin izan zuen harremana aztertuz. Sagardoa eta modernitatea: kultur laborarien itsas bidaia izeneko hitzaldi saioak euskaldunon artean hain preziatua den edari hau hartuko da abiapuntu bezala eta landa kulturen eta pertsona eta merkantzien zirkulazio globalaren arteko harremanak aztertzera gonbidatuko gaituzte.

Maiatzak 10erako, Hendaian dagoen Domain D’Abbadie-ra txango polit bat egitea proposatzen dizuegu. Zalantza barik aitzakia bikaina guretzat mugaren beste aldean dagoen toki eder hau ezagutu eta bertan dagoen  sagarrondo bilduma paregabe bat gertutik ezagutzeko, izan ere, Euskal Herriko sagarrondo barietate zaharrenak hemen aurkitzen dira. Bisita honen ondoren, Hernaniko Iparragirre Sagardotegira egingo dugu salto, indarrak berreskuratu eta bertako sagardo goxoak dastatzera. Eguna Hazierak Cristina Enea Fundazioan duen egoitzan bukatuko dugu, Amy Franceschinik bertako horman egingo duen esku-hartzearekin.

Maiatzaren 11rako ilusio berezia egiten digun bisita izango dugu gurean. Michael Taussig antropologo australiarra Tabakaleran izango da biolentziaren inguruan solasten, eta honek, biktima eta borreroaren artean sortzen duen harremanean sakontzen. Taussig ibilbide oparoko teorialaria da, besteak beste, Kolonbiako biolentzia testuinguruan lanean ibili dena, eta drogen aurkako gerren inguruan ikerketak egin eta luze idatzi duena. Taussigen konferentziaren aurretik baina, Max Jorge Hinderre Cruz-ek bisita gidatu berezia egingo digu Tabakaleran dugun Bizigarriak: zirkulazioa eta euforia erakusketara. Max, erakusketako aholkularia izan da eta bizigarrien gaiaren atzean ezkutatzen diren eztabaida garaikide, gai eta tentsioen inguruan hitz egingo digu.

Jone Alaitz Uriarte

Erakusketen eta programen koordinatzailea

Zure iritzia adierazi