Blog Tabakalera

‘Bisita-ariketak’, Ubik ezagutzeko esperientzia parte-hartzaileak

2017-11-07 11:24

‘Bisita-ariketak’, Ubik ezagutzeko esperientzia parte-hartzaileak

 

Tabakalerako sorkuntza liburutegira lehen aldiz sartzean, behin baino gehiagotan hainbat hiritarrek ez dakite nondik hasi, zer ikusi, zer irakurri eta batez ere zer egin dezaketen bertan. Hor hasten da gure egitekoa; goxo-goxo Ubiken dauden aukerak azaltzea dagokigu, eta bakarka edo taldean sartuta ere Ubiken potentzialtasuna ezagutzeko bideak aurkeztea da gure erronka.

Liburutegia ezagutzeko bide aproposenetako bat “bisita-ariketak” izenekoetan parte-hartzea da. Batez ere taldean datozen elkarte, kolektibo, lagun-koadrila, eskola eta abarri begira planteatu den esperientzia da. Esperientzia diogu, eta ez bisita hutsa, izan ere, proposamen honen ezaugarri nagusia baita bertan zerbait bizi, frogatu, jolastu eta ezagutzeko bidea ematea. Esperimentazioa eta sorkuntza oinarri duen esperientzia eskaintzen dute bisita-ariketek.

Ubik sorkuntza liburutegia izanik, bertan zer sortu daitekeen erakusteaz gain, guztiok sortzeko gaitasuna dugula da azaleratu nahi duguna bisita-ariketa hauen bitartez.

 

BAINA, ZER DA BISITA-ARIKETA BAT?

Liburutegiko arlo tematikoak dira esperientzia hauen ardatz eta praktika eta pentsamendu garaikideak dira gure marko orokorra.  Gai horiei erantzunez, ikus-entzunak, autoedizioa eta arte plastikoak, bideo-jokoak, teknologia eta pentsamendu garaikidea lantzen dituzten ariketa ezberdinak eskaintzen ditugu.

Bisita-ariketa hauek 60-90 minutuko iraupena izaten dute eta liburutegiko filosofia eta, zerbitzu orokorrak azaldu ostean, liburutegiko arlo horietako batean murgiltzen dira. Stopmotion edo plastilina bidezko animazio-ariketa bat egin, 3D diseinua eta inpresioa nola den ezagutzeko ariketa erraza gauzatu, fanzine kolektibo bat sortu eta Ubikeko platoa erabiliz albistegi bat grabatu izan dugu, besteak beste, bisita-ariketa hauetan.

Asteartetik ostiralera goizez eskaintzen dira esperientzia hauek eta taldearen izaerara moldatzen saiatzen gara.  Kideen adina, interesa, pertsona kopurua eta hizkuntzak kontutan izanik eskaintza ahalik eta hurbilena egiten da.

Zeren zain zaudete? Jarri Ubikekin harremanetan (ubik@tabakalera.eu) eta animatu bisita-ariketen bitartez Ubik ezagutzera.

 

Jone Aztiria
Ubik

Zure iritzia adierazi