2018-01-04 12:33

EGIZUE ZUEK!

KAMALEOIAK GARA! ZINEMAN 2017

 

Animaziozko zinemarekin eta irudi mugikorrekin zerikusia zuten asmakizun eta teknikak landu genituen 2017ko “Kamaleoiak gara! zineman” proiekzioen osteko lantegietan. Lau, sei, zortzi... Esku askoren artean gauzak eginez ulertzea eta ondo pasatzea izaten da saio horien helburua, eta bide horretan jarraitzeko asmoa dugu 2018an ere.

Hilabeteotan egindako animazio txiki horiek, sortzeaz gain, elkarrekin ikusteak ere garrantzia baduela uste dugu eta horregatik Tabakalerako zinema aretoan, pantaila handian proiektatuko ditugu datorren urtarrilaren 7an, eguerdian, Saioa osatuko duten gainontzeko laburmetraiekin batera zuen animazio-lanak.

 

 

2017an eginiko asmakizun eta tekniketako batzuk post honetan bildu nahi izan ditugu. Ez dira pauta itxiak, baizik eta gauza bakoitza landu nahi denean kontuan izan beharreko zenbait kontu, horrela etxean ere kameleoi izaten jarrai dezazuen!

 

Flip-book

Badakizue zenbat irudi dauden gure begiek segundu batean ikusten dituzten animazioetan? 25 irudi digitaletan eta 24 proiektore zaharretan. Beraz, edozein koadernotan egin ditzakegu animazioak. Liburu handien ertzak ere erabili ditzakezue. Eskatu gurasoei apalategian hautsa hartzen daukaten liburu lodi hori eta izango duzue hasteko aski oinarrizko material.

Lehenik eta behin, beti bezala, irudikatu nahi duguna pentsatu behar dugu. Hauxe da une garrantzitsuena edozein teknika erabiltzean, beraz, hartu zuen denbora. Bi ideia desberdin badauzkazue pentsatu uztartzeko moduak. Adibidez, lantegietako batean taldean bildutako kamaleoietako batek pailazo bat marraztu nahi izan zuen eta beste batek, ordea, txita bat arrautzatik ateratzen den momentua. Azkenik, hiru arrautzekin malabareak egiten dabilen pailazoa margotuz uztartu zituzten bien ideiak.

Behin hasierako ideia adostuta eta argi dagoenean, pentsatu ea mugimendua duten edo ez irudikatu nahi ditugun elementuek. Mugimendurik ez dutenak orrialdez orrialde toki berean marraztuko ditugu eta mugitzen direnak, aldiz, aldatuz joango dira tokiz 24/25 orrialdeetan zehar.

Ondoren, proiektua guztiona izan dadin, erabaki partaide bakoitzak orrialde batean marraztuko ote duzuen edo arkatz nahiz boligrafo kolore desberdinez arituko ote zareten bakoitza orrialde berean. Pentsatu baita ere, beste zein elementu jarri dezakezuen zuen flip-bookean ideia osotzeko: gometxak, paperak, zuloak...

Marraztu ahala ikusi nola ari den gelditzen gure flip-booka eta, horren arabera, kalkulatu hurrengo marrazkia non egingo duzuen eta zenbat geratzen zaizuen irudikatu nahi duzuen momentu hori bukatzeko.

 

-----------

 

Stop-motion animazioa

Arkatz eta boligrafoak utzi eta argazki kamera hartu. Argazki kamera izan ezean eskatu gurasoei mugikorra. Modu berberean, 25 irudi ateraz, segundu bateko animazioak egin ditzakegu. Kasu honetan, koadernoa beharrean hurbileko testuingurua izango da eszenatokia eta elementuak antzezleak. Gu geu ere ager gaitezke nahi badugu! Baina garrantzitsuena, ideia pentsatzeaz eta adosteaz gain, kamera geldirik izatea da argazkiak atera bitartean, izan ere mugituz gero fondoa ez da geldi antzemango eta gure animazioa kaskar geratuko da. Tripodea ere erabil dezakegu, eskura izanez gero eta, bestela, batek kamera eskuekin heldu bitartean taldeko beste norbaitek sorbaldak edo lepoa jar ditzake argazkiak atera bitartean

Adibidez, teknika hau erabili genuen Tabakalerako zinema areto barnean sugea jokoa irudikatzea erabaki genuenean. Eserlekuak erabiltzea zen asmoa eta, horregatik, kamaleoietako bat sagar bezala eserleku berberean gera zedin adostu genuen. Momentu oro kamera geldirik mantendu genuen eta argazkiak ateratzen zituenak erabakitzen zuen sugearen norabidea, argazkiz argazki eserlekuak aldatuz, banaka-banaka.

 

-----------

 

Giza-animalarioa

Kasu honetan ere argazkiak ezinbestekoak dira. Marrazkiekin ere egin badaiteke ere, argazkiekin egitean ezagutzen ditugunak identifikatzetik ez ezagutzera igaroko gara, emaitza bereziak lortuz aurpegiko zatiak uztartu bitartean.

Modu berberean, ariketa hau egiteko bildu zareten kamaleoion aurpegien argazkiak leku eta distantzia berdinetik aterako ditugu, ahal izanez gero kamera geldirik utziz nonbait. Behin argazki guztietako aurpegiek tamaina antzerakoa dutela ikusita, inprimatu egingo ditugu argazki guztiak DIN-A4 formatu estandarrean.

Behin guztiak multzo batean eta posizio berberean bilduta, finko jarri behar ditugu albo batetik. Horretarako erabili grapak edo koadernatzeko alanbrea. Behin argazkiak lotuta daudela, moztu lerro horizontal zuzenak nahi duzuen tokitik. Adibidez, sudurra, begiak edo ahoa bereiztuz. Egon adi eta kontuz mozketak egiterakoan, esku bakoitzean gure animalarioaren zati bakoitzarekin gera ez zaitezten.

 

-----------

 

Taumatropoa

Taumatropoa oso asmakizun zaharra da. Zinema aretoak existitu baino lehen, 1824an, John Ayrtonek asmatu zuen Parisen. Disko borobil bat da eta alboetatik soka bat lotuz bira egitean, diskoaren alderdi biak azkar uztartzen dira irudi biak bat balira bezala antzemanez.

Kasu honetan, jada ez dira 24 edo 25 irudi erabiliko ditugunak gure asmakizunean, baizik eta 2, eta honek gure hasierako ideian eragina izango du. Bi elementuz osatutako momentua irudikatu dezakegu edo, aldiz, kontrako bi egoeratan egon daitekeen elementu bakarra. Adibidez, ariketa hau egin genuenean, kamaleoi batek muturrarekin pilota bati bira emanez zebilen foka bat irudikatu zuen. Horretarako, diskoaren alderdi batean foka marraztu zuen, bakarrik, eta bestaldean pilota hutsa, gometxa batekin irudikatuta. Lantegi berberean, aldiz, beste kamaleoi batzuk artazi batzuk irudikatu zituzten diskoaren bi aldeetan, baina batean zabalik zeuden eta bestean itxita.

Behin ideia argi dagoenean, gure traumatopoa egiteko bi aukera posibleetatik bat aukeratuko dugu: soka zati batekin egitea edo makila borobil batekin egitea. Soka erabiltzen badugu, diskoaren ezker eta eskuin aldeak zulatuko ditugu soka jarri eta bira ahal izateko. Taumatropoaren bira hau eje horizontalean emango da eta, beraz, alderdi bietako marrazkiak alderantziz egin beharko ditugu alde bakoitzean. Aldiz, makila bat erabiltzen badugu (bideoan ageri den bezala) eje bertikalean bira egin dezan, orduan jada ez ditugu alderantziz marraztu behar diskoaren alderdi biak. Dena den, makila edo soka zatia jarri baino lehen egiaztatu mugimenduan ikusiko dena gustuko duzuela.

Behin asmakizun guztiak bukatuta, emaitzak ikusi ondoren, jolasten jarrai dezakegu elkarren artean pasatuz eta elementuak gehituz.

 

-----------

 

Bada, hauek izan dira, besteak beste, 2017an zehar lantegietan landu ditugun teknika eta asmakizunak. Gogoratu, gure kabuz animaziozko film labur bat egiterakoan, garrantzitsuena taldean pentsatzea, eztabaidatzea, adostea eta erabakitzea dela. Ondoren, eskuekin ekin lanari hurbil ditugun lementuak erabiliz.

Elkar ikusiko dugu zineman!

 

Aitor Gametxo Zabala

Kamaleoia

Zure iritzia adierazi