Blog Tabakalera

Elkarrizketa bat Jumana Manna eta Ane Rodríguez Armendariz eta Jone Alaitz Uriarteren artean

2019-06-26 13:29

Elkarrizketa bat Jumana Manna eta Ane Rodríguez Armendariz eta Jone Alaitz Uriarteren artean

Espainiar Estatuan Jumana Mannaren lanari buruzko bakarkako lehen erakusketa dago ikusgai Tabakaleran. 

Zure jardunean hainbat gai lantzen dituzu, hala nola kontserbazio-praktiken oinarri ideologikoak eta konplexutasunak, zer babesten den eta zer ezabatzen edo erauzten den. Gainera, hainbat botere forma (soziala, politikoa eta pertsonen artekoa) giza gorputzarekin elkarrekintzan aritzeko modua ere aztertzen du.

Aurkeztuko dugun lanetako bat A Magical Substance Flows Into Me (2016) filma da, non ikusleari hainbat pertsonarekin egindako elkarrizketak aurkezten dizkiozun: musikariak, talde etniko askotako pertsonak eta senideak, musikak Ekialde Hurbileko musika-tradizioaren berri emateko[1]. Bidaia horren nolabaiteko gida Robert Lachmann ikertzaile alemaniar judutarra da, 1930ean inguru hartara iritsi zenean Palestinako Irrati Zerbitzurako «Oriental Music» izeneko programa sortu zuena. Kanal bakarreko film gisa aurkeztu duzu lan hori hainbat zinema-jaialditan, baina baita instalazio moduan ere, gorputz-atal hustuak irudikatzen dituzten Muscle-Vase serieko eskultura handiekin batera. Eskultore eta zinemagile gisa definitzen duzu zeure burua. Jardun artistikoaren bi aurpegi oso zehatz eta desberdin dira horiek. Nola lotzen dituzu bi diziplina horiek zure lanean? Zer bilatzen duzu diziplina horietako bakoitzean? Zer garrantzi du zuretzat diziplina narratibo batek, abstraktuagoa eta formalagoa den bestearen aurrean?

 

Diziplina bakoitzak aukera batzuk eskaintzen ditu, desberdinak eta gainjarriak. Hortaz, tentu handiz ibiliko nintzateke narratiba (zinema) eta abstraktua/formala (eskultura) bereizterakoan. Beharrik gabeko bereizketa da, nire lanari buruz hitz egiten ari naizenean batzuetan nik neuk ere egiten dudana.

Zinemagintza oso aproposa da botere-harreman immaterialak erakusteko; pertsonen eta lekuen arteko harremanak, geruza ugarirekin eta konplexutasunez. Ildo horretan, pentsa liteke nire filmak narratibak bultzatzen dituela, hitzaren adiera nagusian: elkarrizketak, irudiak, lekuak eta soinuak erakusten dira denborak aurrera egin ahala, tesi bat sortzeko, harremanen multzo bat edo bidaia bat. Narratiban interesa dudan arren, hori ez da film bat egitean buruan dudan arrazoi nagusia.

Eskulturan lan egiten dudanean, instalazioa behin eta berriz birplanteatzen dut, erakustokiaren eta testuinguruaren arabera. Horrek alor narratibo bat hartzen du, aukeratutako izenburuaren, erakusketaren diseinuaren, hainbat materialen topaketaren, horien ekonomien eta erreferentzien ondorioz, besteak beste.

Nire eskultura-obraren zati handi batek artisautzako produktuen inplikazio sozial eta politikoak hartzen ditu kontuan, modu industrialean ekoitzitako materialei dagokienez. Eta, zentzu horretan, materiak bultzatutakoak dira guztiak. Eskultura espazioarekin lotutako jarduera da, eta aukera ematen du, akaso, abstrakzio edo irekitasun gehiago izateko. Beharbada, materiala ezerezetik modu askean sortzeko aukeragatik izango da hori. Hortaz, batzuetan, eskulturak nire filmetan lantzen ditudan gaien kondentsazioak dira. Kamera norbaiten etxean edo bizitzan sartzen denean, badira kontuan hartu beharreko alderdi etiko eta politiko batzuk, eta eskultura da formarik libreena. Gustatzen zait batetik bestera ibiltzea, bi prozesuek eskainitako aukerek kitzikatu egiten nautelako, baita urduritu ere.

8m8a1557.jpg      8m8a1570.jpg

 

Zure obran, askotan agertzen da «etorri berriaren» figura inplizitua: kasu honetan, Ekialde Hurbilera etorri berri denarena; Robert Lachmann, aipatu bezala, musikologian; George Edward Post botanikaren alorrean Tabakaleran erakusgai egongo ez den Post Herbarium eskultura-lanaren kasuan; edota erakundea bera etorri berri gisa, adibidez ICARDA[2], haziak hautatu eta kontserbatzeko instituzioa, Wild Relatives (2018) zure beste filmean ikusiko dugunez. Zer interesatzen zaizu, ondarea, tradizioa eta naturari buruzko beren kontakizunak sailkatu eta osatzera Ekialde Hurbilera doazen horien «kanpoko ikuspegiaren» konplexutasun horren atzean?

 

Nire lanaren zati handi bat ezagutzaren ekoizpenaren formen atzean dauden ideologiak osatzera bideratzen dut. Menace of Origins (2014) lanean, bai eta zuk aipatutako Post Herbarium (2016) eta  A Magical Substance Flows Into Me (2016) lanetan ere, aztertu nuen nola izozten zuten denbora Bibliaren ikertzaileek, antzinako Ekialde Hurbil historiko baten fantasia berrosatzeko saiakeran. Horrela, Palestina irudikatutako iragan batean zokoratzen dute, tokiko gizarte, ezagutza eta praktika guztien konplexutasunaren ez ikusiarena eginda, begien bistan eduki arren. Geroago, Wild Relatives lanean, iradoki nuen izozte kolonial eta orientalista horrek bizitza guztia harrapatzen duela kapitalismo industrialean, proiektu bioteknologikoen esperotako eta nahigabeko emaitzekin. Nolabait, 1977an Sirian ICARDA sortu zenean, bertatik zabaldu ziren haziak eta nekazaritzako praktikak ere «etorri berri» gisa sailka genitzake, eremu erdiaridoetako nekazariek ordura arte erabilitako metodoekin alderatuta. Eta etorri berri horrek logika zatitzaile eta estandarizatzailea sustatu zuen, XIX. mendean Palestinara iritsi ziren arkeologo aleman, britainiar eta frantsesen sustrai berak zituena: aurrez erabakitako mundu-ikuspegi bitar bat, paisaia zer den eta nola izendatu, baloratu eta kontrola daitekeen definitzen duena. Batzuetan, bateratze hori aberasgarria zen, baina sarriago ezagutza eta praktiken trukaketa porotsuagoak zapuztu zituen.

Kolonialismoaren ondorio biolento horiek lantzen saiatu naiz. Izan ere, ez dira iraganeko kontua, gure bizitzak eta kultura materiala definitzen jarraitzen dute-eta horien ondorioek. Beraz, askotan, artxibo kolonialen bidez (tartean sarturik artxibo bizidunak, hala nola hazien biltegiak), mundu-ikuspegi bitar hori sustatu izan ohi duten testuinguruetan bizirik iraun duen aniztasunerako potentzialaren bila aritu naiz.

 

Pertsona edo gorputz horiek abiapuntu gisa hartuta, artxiboak eta arkeologiak duten rolaz hausnartzen duzu, memoriarekin lotuta edo, are, memoriari kontrajarrita. Nori dagokio sailkatzea, nori dagokio hautatzea zer kontakizun, artefaktu edo espezie gailenduko diren besteen gainetik, eta nondik dator hori egiteko desioa?

 

Betidanik izan dut interesa posizonamenduaren gaian. Nondik datorren ezagutza edo praktika jakin bat, nork lortzen duen onura, eta nork erabakitzen duen zer desagertuko den eta zerk iraungo duen.

 

Emanaldiko beste filma zure azken filma da, Wild Relatives (2018). ICARDAk Alepon duen hazi-biltegia berreraikitzeko, Ipar Polotik gertuko Svalbard uharte norvegiarrean dagoen Munduko Hazien Biltegian gordetako kopiak erabili dira, eta zure lanean prozesu horren kontraesan ugariak landu dituzu. Mola piztu zitzaizun gai horrekiko interesa?

 

Wild Relatives filmean nik jorratutako bi gauza bateratu ziren: landareen taxonomia eta galdera zabalago batzuk, lurraren erabilerari eta Siriako altxamenduari buruzkoak. Horien paralelismoak bilatu nituen XVIII. eta XIX. mendeetako taxonomietan, bizitza botanikoa antolatzea ikerketaren eta onura ekonomikoaren ondorioetarako. Horrela hasi nintzen hazi-biltegien historia arakatzen eta, zehazkiago, ICARDAren Alepoko biltegi abandonatuaren istorioa ezagutzen. Hazi-biltegi horiek lorategi botanikoen eta herbarioen ondorengo gisa ikusten ditu. Haiek ere lagundu zuten flora munduko bazter guztietatik zentro europarretara eramaten, landaren «desordena» antolatuz negozio handien mesederako. Herbarioetan zein hazi-biltegietan, espazio zabal eta aldakorretako bizitza trinkotuta eta izoztuta gordetzen da. Baina Siriari dagokionez, Iraultza nekazaritza eta, ondorioz, bizitza sustengatzeko gai ez ziren landa-eremuetan piztu zen gehienbat. Politika erabat sartuta zegoen hazien zentralizazioan. Herbariotik hazi-biltegira eta Siriako Iraultzara, botere bigun eta gogorraren formez pentsatzea zen kontua, erreskatearen izenean haziak zentralizatzearen eta Siriako landa-eremuetako biztanleen gaineko kontrol zentralizatuaren artean, estatua modernizatzeko aitzakian.

 

Hori buruan, zer ondorio izan dute Libanoko gerra zibilak aurrena eta Siriakoak ondoren kontakizun kulturalak gorde, berreraiki eta inposatzeari dagokionez? Botere-egituren suntsipena oso inplizitua da zure lanean.

 

Tira, begien bistakoa da txikizioa gertatu dela bizitzaren alderdi guztietan: psikologikoetan, materialetan eta ekologikoetan. Baina nire interesa ez dira gerrak berez, baizik eta nola lortzen duten onura nazioarteko botere inperialek gerra horietan, batik bat berreraikitze-esfortzuei dagokienez.

 

Zentzu horretan, zure lanean nolabaiteko tentsioa nabari dugu bi elementuren artean: kontserbazioa, hau da, kultura-ondarea gordetzeko beharra, eta suntsipena. Nola lantzen duzu gai hori zure obran? Interesgarria da, halaber, ondarea (batzuetan eskultura forman) eta zakarra edo hondakinak (edukiontziak, plastikozko aulkiak) batera erabiltzeko duzun joera. Nolabaiteko artxibo bat al da gaur egungo zaborra? Nola existitzen dira aldi berean bi joera horiek Palestinan?

 

Zakarra utzikeriaren ikur bat izan daiteke, baina baita gogoratzeko modu bat ere. Ez ditut artxiboko elementu gisa ikusten aurkitutako plastikozko material eta gauza horiek, baina izan daitezke, akaso, gauzen egoeraren adierazpen bat eta, zentzu horretan, lekuko bat. Eskulangintzako objektuekin topo egiten dudanean (gorputzen pitxerrak, edukiontziak eta azal gogortuak), txikizio materiala eta pisu psikologikoa nola gainjartzen diren ikusten dut, baina baita gorputzen eta lekuen mutazio eta birkonfigurazioak ere, bizirik irauteko prozesuaren ondoriozkoak.

Ann Laura Stoler antropologoaren lana izugarri miresten dut. Imperial Debris liburuaren bertsio editatuaren hitzaurrean, azaltzen du lan hori ez dela aurrien ikerketa bat, Europako erromantikoen begirada erromantiko eta malenkoniatsuaren arabera egindakoa, baizik eta txikizioaren azterlan bat. Prozesu aktibo gisa definitzen du, ekintza baldintzatzaile gisa, arreta «Inperioaren indarrek sostengatutako zaurgarritasunaren, kaltearen eta ukazioaren egitura zabalagoan» ipinita.  Inperioaren indar horiek indar-harremanak dira beti, bazterketaren eta aukera-berdintasun faltaren ondoriozko forma politiko mutanteak dakartzatenak. Horrek oihartzuna du niretzat eta interesatzen zaizkidan formentzat. Babesteko/ilustratzeko proiektuak eta ezabatu/ustiatzekoak ez dira elkarren kontrakoak, elkarri lotutakoak baizik, batik bat lurraren erabilerari eta gorputzei dagokienez, erregimen kolonial eta kapitalisten pean. Horren inguruan ikasten jarraitu dut.

 

Ondareari eta horren kontserbazioari buruzko kezka hori ondo irudikatu zen The Contractor’s Heel (2016) proiektuan, besteak beste. Zer ideia dago obra baten muina osatzen duten eskulturen atzean?

 

The Contractor’s Heel, Marrakexeko 6. Bienalerako egindakoa, eskultura multzo baten eszenaratze teatrala da, XVI. mendeko El Badi jauregiaren aurrietan. Jauregiaren historia eta egungo egoera materiala abiapuntu hartuta, mito-ekoizpenerako zentro gisa kokaleku arkeologikoek eta ondareak izan dezaketen rolarekiko nire interesa areagotu da. Eskulturak egiteko, eraikinaren buztinezko horma eta txokoetan ikusi nituen formak eta lerroak erabili nituen. Inguratzen dituzten gainazalek inkrustazioak imitatzen dituzte, eta azal gogortu gisa dihardute. Igeltsu eta hezurrezko piezen euskarri edo oinarri gisa erabili diren aldamioek hirian egiten ari ziren berritze-proiektuak dakartzate gogora, bai eta hotel eta txalet berrien eraikuntza-guneak ere.

Kolore bakarrekoak eta soilak, oskol horien bidez El Badiko garai bateko barrualde apainduen gabezia nabarmendu nahi nuen, aldi berean geratzen diren hormen bizitasunari erantzunez.

 

Adrenarchy (2018) proiektuan gorputza –haren hutsuneak– nabarmentzen dira, nolabaiteko hustasun bezala. Zer esanahi dute hutsuneek/hustasunak zure ekoizpen artistikoan? Ikusten dugunez, zure laneko bolumen gehienak hutsuneak dira.

    

Eskalaren eta pisuaren arteko jolasa gustatzen zait, itxura handi eta sendoa izan arren hauskorrak diren gauzekin jolastuz. Egiten ditudan eskultura asko hutsak izateko arrazoia eusteko aukerarekin zerikusia dutela da, zerbait eramateko edo ezkutatzeko zentzuan, edota likidoei edo soinuei barnetik jariatzen eta pasatzen uztekoan. Hutsak dira, halaber, gainazaletan ipintzen dudalako ardatza, eta lan horietan gainazala eta bolumena bat eta bakarra dira. Adrenarchyren kasuan, batik bat, mindulinkeria nuen buruan, norbere buruaz ohartzeko prozesuaz, gauzek proportzioa galtzen dutenean eta lotsa eta desioa edo erotismoa elkarrekin nahasten direnean.

 

 


[1] Eremu Lehorretako Nekazaritzako Ikerketarako Nazioarteko Zentroa.

 

[2] Eremu geopolitiko bat, definizio gehienetan Irak, Israel, Jordania, Libano, Palestina, Siria, Turkia eta Zipre hartzen dituena.

 

 
Zure iritzia adierazi