Blog Tabakalera

Eloy & Rosa

2018-10-31 11:47

Eloy & Rosa

Lehen aldia izan zen Kutxa Kultur Arteguneak eta Tabakalerako erakusketa aretoak beren erakusketak gurutzatu eta bisita bateratu bat antolatzen zutena. Eloy de la Iglesia zinemagileari eta Rosa Barba artistari eskainitako erakusketak bisita bakar batean kontatu nahi ziren, beraien artean hain ezberdinak izanik, erronka polit bat izan zitekeen. Itziar Orbegozo eta Tamara Garcia artista eta zinemagileetan pentsatu genuen, bisita hau modu ezberdin eta erakargarrian artikulatu zezaketelakoan. Ziur geunden beraien ikuspuntuak bilatzen ari ginen gehigarri berezi hori emango ziola ibilaldiari. Eta hala izan zen, narratzaile bilakatutako artista hauen ahotsa gidari, bi erakusketak beste leku batetik ikusi eta dastatzeko abagunea izan genuen, gertuago, epelago eta agian, ohiz kanpoko goxotasun batekin.

 

Bisita Eloy de la Iglesiaren Desio objektu iluna erakusketatik hasi zen. Zinemagile euskaldun honen filmografiaren lekuko diren ehundaka argazki topatzen ditugu hurrenez-hurren horman esekita. Aktoreen lehen planoak, bizileku inprobisatuak diren lokalizazioak, bi protagonisten arteko begirada sutsuak Itziarren ahots leunarekin nahasten hasten dira, “Me acuerdo de..” esaldia behin eta berriz errepikatzen duelarik mantra baten antzera. Hasieran, Itziarren hitzen eta parean ditudan argazkien arteko konexioa bilatzen saiatzen naiz argazkiak xehetasunez begiratuz, izenburuak eta kartelak adi-adi irakurriz, baina ezer ez; ez dago modurik. Berehala konturatzen naiz ez dela hori Itziarrek eta Tamarak proposatzen digutena, beraien kontakizunek pelikuletako soinu bandak bezala funtziona dezatela nahi dute, irudi hauen sostengu eta osagarri gisa. “Me acuerdo de que ya era tarde para no enamorarme de ti" entzuten dut, eta buruan errebote moduko bat eragiten dit. Parez-pare Una gota de sangre para morir amando filmaren argazkia daukat.

 

Drawn by the Pulse Rosa Barba artistaren erakusketa zen. Zineak -argia eta irudiaren batasun gisa- eta astronomiak bat egiten zuten erakusketa honetan, aretoa argiz, irudiz eta proiektore analogikoek egiten zuten etengabeko soinuz betez, erabat sinkronizatutako orkestra bat bailiran.”¿Estoy dentro de la película? ¿Estoy dentro del paisaje de tus películas?” galdetzen digu Tamarak gure gorputzek sortutako itzalak pantailen aurretik pasatzen diren bitartean.

Bigarren aretoan kokatzen ziren bi bideoak, erritmoa moteltzen zuten, isiltasuna nagusitzen zen eta pantailak kolore neutroz betetzen ziren. Bat batean, belarrietara itsatsita ditugun gailuetatik Itziar Gela bat norberarena eleberriaren pasarte bat irakurtzen hasten zaigu, idatzi bat non idazle ingelesak otordu oparo baten gaineko xehestasun guztiak deskribatzen dituen, non estilo biktorianoa duen egongela batean ahatea, eperrak eta mihi-arrainak saltsan zerbitzatzen diren… Baina, nola heldu da Virginia Woolf Rosa Barbaren erakusketaraino? Ez daukat ideiarik, baina esango dizuet konbinazioak oso ongi funtzionatzen duela.     

 

Batzuetan polita da guztia ulertu ezin izatea eta norberak bere konexio propioak asmatzeko aukera izatea. Tamara eta Itziarrek horretan asmatu zuten, bere poetika eta lehen pertsonan kontatutako fikzioa erabiliz, eta bi erakusketa hauek askatasun guztiz interpretatzeko aukera eman ziguten.  

 

Zure iritzia adierazi