Blog Tabakalera

“Entzutea oso zaila da”

2019-02-12 12:38

“Entzutea oso zaila da”

                                                                                                                                                                                  (Argazkia: Rafael Rodrigo)

“Entzutea oso zaila da”, esan dit Khadijak, hirian zehar ia ordu eta erdiz soinuak entzuten ibili ondoren.Casablancan, trafikoaren zurrumurrua etengabea da. Motorren orroari eta pneumatikoek asfaltoaren kontra egiten duten zaratari gidariek elkarri eta oinezkoei botatzen dizkieten abisu ugariak gehitu behar zaizkie. Hiriaren erdigunean, hiru segundo ere ez dira pasatzen ibilgailuaren baten klaxonak jo gabe.

Lehen begiratuan, zirkulazioa kaos hutsa dela irudi lezake. Ez dituzte ia errespetatzen errepideko seinaleak, ez oinezkoek, ez motordun ibilgailuek, ez animaliek tiratutakoek. Ohikoena da oinezkoek astiro eta, oro har, konfiantzaz gurutzatzea norantza bakoitzean hiru errai izatera iristen diren errepideak eta, aldi berean, ibilgailuek haiek saihestea. Horregatik, ezinbestekoa da etengabe soinuz abisatzea.

Marwanek galdetu digu ea bisitatu ditugun beste hiri handi batzuek ere soinu hori duten. New York, Londres, Madril... etorri zaizkit gogora. Rafari Beirut, Paris, Montreal... Eta ez, ez dute soinu hori. Hiri bakoitzak bere soinua du. Casablancak berezitasun asko ditu, eta hori nabaritu egiten da haren soinuan, ahotsean. Rafak horietako bat aipatu du: ibilgailuak zaharkitzearen ondorioz, motor modernoagoen soinuekin batera, askotan motozikleta zaharren orro berezia ere entzun dezakegu. Motozikleta horietako batzuei orgak gehitu dizkiete, eta horien egitura metalikoek dar-dar egiten dute errepidearen irregulartasun bakoitzarekin. Horrez gain, ohikoa da orgei tira egiten dieten zaldien oinatzak ere entzutea.

Gure oinen azpian, soinurik ohikoena espaloietako lauza solteek egiten dutena da. Ohikoa da, baina egoitza-gune batzuetako kalerik lasaienetan bakarrik gara gai soinu hori entzuteko. Kale lasai horietan ere, trafikoaren zurrumurrua entzuten jarraitzen dugu. Mugimendua ez da inoiz eteten Casablancan. Badirudi itxurazko kaos hori gai dela bere burua erregulatzeko, eta, horren erdian, muezinen ahots akusmatikoak agertzen dira, egunean bost aldiz errezora deitzeko. Dorre altuak daude, bozgorailu indartsuekin, hiri osoan barreiatuta. Horietako bakoitzak muezin baten kantua hedatzen du, eta muezin bakoitzak bere erara deitzen ditu herritarrak errezora. “Free style”, azaldu du Tahak.

Hoteleko logelatik argi eta garbi entzuten da dei horietako bat, beste guztien gainetik. Entzun ditugunen artetik melodikoena da. Hala ere, esaldi baten eta hurrengoaren arteko isiluneetan, oso urrun, amets batean bezala, beste muezin batzuen kantua ere entzun dezakegu; haien ahotsa toki urrunago batzuetatik iristen zaigu anplifikatuta. Oihartzun faltsua da. Sotiltasunez beteriko sinfonia bat da, honako hauek ere gehitzen badizkiogu: aurreko eraikinaren egiteko obren presiopeko airearen soinua, sirenak, tutuak eta hirian bizi diren txorien kantuak. Honelaxe definitu du Houdak zer entzuten duen: sinfonia bat.

Salahk azaldu digu itzainak toki jakin batean bizi zirela, baina toki hori urbanizatzean bertatik alde egin behar izan zutela. Orain, gune gutxi batzuk baino ez dituzte lasai bizitzeko, hala nola atletismo pistaren inguruak; zaindariak esan digunez, beste garai batzuetan txapeldun handiak lehiatu ziren pista horretan bertan. Portutik gertu, berriz, kaioak entzun ditzakegu. Casablanca ezaguna da, halaber, merkataritzagatik. Hiri osoan aurkituko ditugu postu ibiltariak, batez ere fruta freskoa, gozokiak edo fruitu lehorrak saltzen. Medina barruan, zalaparta orokorrari saltzaileen iragarpenak gehitu behar dizkiogu, bezero posibleen arreta erakarri nahian. Arratsaldeko azken orduetan, salgaiz beteriko plastikozko poltsa irekiak zoruan sakabanatuta gelditu dira; gaur lokaztuta daude, zirimiriaren eraginez. Ezinezkoa da ez zapaltzea; horregatik, arratseko ordu horretan, Medinaren alde horrek plastiko soinua du, askotariko testura eta bolumenekin.

Ibilaldia bukatu ondoren, partekatu ditugun esperientziei buruz hitz egin dugu. Zer esan nahi izan duen taldean eta isilik ibiltzea, elkar zainduz, beste pertsonen begirada bilatuz guk entzun dugun gauza bera entzun ote duten jakiteko, gauza bera sentitu duten jakiteko, jakin-mina asetzeko segundo batzuez gelditu nahi izan duten jakiteko.

Elkarrekin ikasi dugu modu kontzientean entzuten eta, horri esker, gure belarrietan ezkutatzen diren beste Casablanca batzuk deskubritu ahal izan ditugu.
Deskubritu dugu, halaber, entzutea oso zaila dela, baina ariketa kontziente eta aktibo horren bidez beste errealitate batzuen manifestazioa ere bultza dezakegula ikasi dugu.

Ainara LeGardon, Casablancako aierportua, 18/11/15

(Testu hau bidaia-eguneroko baten moduan idatzi da, Casablancako Boultek –Centre de Musiques Actuelles kultur zentroan egindako tailer/bizipen baten harira, baita hirian zeharreko hainbat ibilalditan ere. Esperientzia ALAM AL-MITHAL izenekoaren parte da, Tabakalera eta Gipuzkoa Kooperak Salah Malouliekin (komisarioa eta kultur kudeatzailea) eta Tabakalerako bitartekaritza arloarekin egindako lankidetza proiektua, alegia).

Zure iritzia adierazi