Blog Tabakalera

Entzutearen garrantziaz. Harrotu ileak!

2017-03-24 13:38

Entzutearen garrantziaz. Harrotu ileak!

Tabakalerak kultura garaikidearen nazioarteko zentro gisa ateak ireki zituenetik kale espazioak erabiltzen dituzten pertsonak oso anitzak dira: programan interesa duten pertsona helduak, familiak, kartetan aritzea gustatzen zaienak, ping-pong jokalariak, jubilatuak, ikasleak, etxerik ez dutenak, gazteak…

Kale espazioak erabilera zehatzik gabeko espazioak dira, erabilera anitza duten altzariak dauden guneak. Etxeko egongelan bazeunde bezala lasai jarri eta irakurtzeko aukera ematen dute eta taldean proiektu bat lantzekoa ere bai, eta bertan telefonoa kargatu, ordenagailuari begira egon edo lo egin dezakezu. Zentzu horretan, ikusi ditugun erabilerek benetan harritu gaituzte eta baita erabiltzaileen arteko profil ezberdinek ere.

Talde horien artean gazteak dira eraikinera gehien etortzen direnak, asteburuetan batez ere, eta gehienetan 5. solairuan elkartzen dira (Prisman). Normalean programarik hartzen ez duen espazioa da; jatetxe bat izango da laster bertan, baina egun bertaratzen diren gehienek terraza dute jomuga eta hiriaren ikuspegia. Espazio irekia da, lasai eta goxoa, zarata handirik gabea eta gazteek beren txoko gisa hartu dute. Euren txokoa, joko gunea, egongela edo dantzagunea bilakatu dute eta horrek eraikinaren egunerokotasunean erronka berriak sorrarazi ditu.

 

harrotu_ileak_ane_olatxi_miriam_june_0.jpg

 

Bertan elkartzen direnen dibertsitateak eta erabilera anitzak hiri txiki baten antzekoa egin du gune hori, bizilagun komunitate baten modukoa. Espazioaren araudi malguak eta funtzio anitzak galdera berriak sortu ditu: zer egin liteke eta zer ez? Zer da egokia eta zer ez? Etzanda egoteko aukerarik bada? Errezatu liteke? Lo egin? Saltsa dantzatzeko erabil liteke? Eta besterik gabe, egoteko?

Testuinguru horretan gonbidatu gaituzte bitartekari artistiko gisa, CAPP (Collaborative Arts Partnership Programme) ekimenak antolatutako egonaldi bat baliatuta, Tabakalerako Hezkuntza taldearekin elkarlanean. Helburua gazteek espazio komun horiek nola erabiltzen dituzten aztertzea da, elkarlanean, eta mediazio estrategia bat proposatzea.

Urtarrilean heldu ginen Tabakalerara eta lehen unean espazio horiek bizi dituzten pertsonekin hizketan aritu ginen, beraien bizipenak entzuteko. Nor izan liteke egokiagoa segurtasunaz, garbiketaz eta bestelako kontuez arduratzen diren Tabakalerako langileak baino?

Fase horren ondotik tesi, ideia, lanerako proposamen ugari sortu zitzaizkigun gazte kolektiboarengana hurreratu eta eurekin elkarlanean egin beharreko gogoeta bideratzeko, kale espazioen erabilera arautzeko dekalogo bat definitzeko asmoz.

Egonaldiaren bigarren fasean, otsailaren amaieran eta martxoan, nerabezaroa irudikatzen duten zenbait argazkigileren lanak hautatu genituen (Reneke Dijkstra, Rania Matar, Miguel Trillo, Olya Ivanova… ) eta erakusketa bat egitea erabaki genuen 5. solairuan bertan. Hippiak, Pachucoak, Skaterrak, edo Hip Hop mugimendua erakusten duten argazkiak hautatu genituen eta bideoklip playlist berezia osatu genuen gazteek eginiko gomendioekin (material hori leku berean ipini genuen ikusgai). Lehen ekimen honen jomuga gazteengana hurbiltzeko aukera emango zigun egoera bat sortu eta balizko elkarrizketa hastea izan zen.

 

Harrotu ileak, posatu, selfie

Tabakalerako Hezkuntza taldearekin batera lehen ekintza/lantegia antolatu genuen. Prisman mahai bat ipini genuen ordenagailuekin eta gazteengana jo genuen. Haien argazkiak egiteko aukera eman genien eta baita erakusketa batean ikusgai ipintzeko ere. Proiektuaren taldea, egoiliarrak, Hezkuntza taldeko kideak, oso argi identifikatu genuen gure burua harrotu ileak, posatu, selfie idatzita zeukaten jertseak jantzita. Horrekin batera, proiektua azaltzeko eskuorriak banatu genituen. Prozesu honek zenbait gazterekin harremanetan jartzeko aukera eman zigun eta talde horientzat interesgarriak diren ekimenak ezagutzekoa ere bai (parcour, rap, argazkigintza, bideoa, dantza…).

 

Harrotu ileak. Gauez prisman

 

Lehen ekintza horren ondotik solasaldia hasi zen, eta haien lehentasunak behatu ondotik beste zenbait ekintza antolatu ditugu: (¡Harrotu Ileak, kamera, akzioa!) bideogintza tailerra, (¡Harrotu Ileak, jauzi, dantza!) Hip Hop eta Break Dance saioak. Lantegi horien bitartez identitatearen inguruko eztabaida hasi genuen eta baita Tabakalerako espazioen erabilera eta daukaten harremanaren ingurukoa ere.

Proiektuaren mugarri gisa gaur, martxoak 24, argazki erakusketa irekiko dugu 19:00etan. Lehen fasean eginiko argazkiak biltzen dituen erakusketa da, gazteak Tabakalerako espacio ezberdinetan agertzen dira, argazkilariarentzat posatzen. Eurek, euren gorputzak, aurpegiak protagonista bilakatuko dituen erakusketa egitea erabaki dugu. Beraiek euren buruekin solasean aritzeko aukera emango duen erakusketa, eta baita espazio hori bera erabiltzen duten beste pertsona batzuekin ere.

Prozesu luzea izango dela uste dugu, emaitza garbiak izan ditzan. Tabakalerako Hezkuntza taldetik oso gertutik lagundu dute prozesua, gu hemen ez gaudenean aurrera jarraitzea baita helburua Tabakalerako kale espazioentzat arauak definitu eta dekalogoa idatziko duen balizko gazte asanblada bat osatzeko.

 

Felipe Polanía eta Oihane Espúñez
Egoiliarrak eta bitartekariak

Hablarenarte bloga ikusi

 

 

 

Zure iritzia adierazi