Blog Tabakalera
2017-11-02 12:06

Ez gara datu erabilgarriak bakarrik; datuak sor ditzakegu, eta gizartean eragin

Datorren azaroaren 17an, Geomatikaren eta Inteligentzia Espazialaren 2017ko Topaketa egingo da Hirikilabsen, UEUk eta Gislanek antolatlurik, eta GIS teknologia (Geographic Information System) ezagutu ahal izango dugu bertan.

Topaketa interesgarria da, geuri eragiten digulako. Batez ere: informazio ibiltaria gara gu, gutako gehienok aparatu mugikor geolokalizagarri bat daramagulako soinean. Horrenbestez, horrelako aparatuak geurekin daramatzagun heinean, datu erabilgarriak izango gara nahi edo ez nahi.

Ildo horretatik, teknologia horri herritarrentzako erabilera baliagarria emateko zenbait proiektu daude martxan. Eta, hain zuzen ere, horri buruzkoa izango da topaketa.

 

Deforestación de la amazonía

Amazoniaren deforestazioa. Oihanean barneratzen diren errepideak arrain-hezur itxura duen patroia marraztu dute. 

GIS tresna multzo bat da, askotariko osagaiak integratzen eta erlazionatzen dituena (erabiltzaileak, hardwarea, softwarea, prozesuak); osagai horiei esker, erreferentzia espazial batekin lotuta dauden mundu errealeko datu kopuru izugarriak antolatu, gorde, manipulatu, aztertu eta modelizatu daitezke, eta, horrela, errazagoa da erabakiak modu eraginkorragoan hartzeko bide ematen duten alderdi sozial-kulturalak, ekonomikoak eta ingurumenekoak kontuan hartzea.

Topaketa honen bidez, antolatzaileek erakutsi nahi dute datu nahaspila informazio bihurtzeko eta berau herritarren zerbitzura jartzeko teknologia badagoela. Izan ere, informazio espaziala prozesatzeko eta hainbat parametroren arabera ustiatzeko gaitasunak ematen du aukera hori. Bide horretatik, egunerokoaren kudeaketan leku nabarmena hartzen ari den teknologiaren oraina eta geroa aztertuko dute. 

 

udalgis_1.jpg

UDALGIS. Geomatika Aplikatuari buruzko I. Jardunaldia. 2016/10/06

Hainbat adituren hitzaldiek, mahai-inguru batek eta tailer batek osatuko dute egitaraua. Halaber, zenbait proiektu ezagutuko ditugu. Izan ere, teknologia horiekin herritarrentzat interesgarriak izan daitezkeen proiektuak egin daitezkeela ikusteko, hona hemen zenbait adibide:

  • Ezagutza irekia: Esaterako, historia mapen bilakaeran oinarrituta kontatuz // mapstory.org

  • Herritarren zientzia: Esaterako, itsas ugaztunak aztertzeko tresna hau // whalemapp.org

  • Herritarren aktibismoa: Esaterako, oihan-suntsiketa hasi dela ohartarazten duten errepide berriak identifikatuz // loggingroads.org

Era berean, Hirikilabsen, Montera 34ren eskutik, etxebizitza turistikoek Donostian duten eraginari buruzko jardunaldi bat egin zen, hots, AirBnB Donostian efektuari buruzkoa. Topaketa honetan ere efektu horren berri izango dugu, mota horretako teknologietan eta horien praktikan sakontzen baitu.

Beti bezala, teknologiak bide ugari ditu, eta erabiltzaileek nahiz teknologiaren beraren balioek zentzu bat edo beste emango diote.

Diana Franco
Hirikilabs-eko arduraduna

Zure iritzia adierazi