Blog Tabakalera

Ez gaude ikusle haiengandik hain urrun

2017-04-11 13:14

Ez gaude ikusle haiengandik hain urrun

 

HIRU, BI, BAT... REC.

 

Lumiere anaien trena heltzen ikusi eta orduan hasi dira irribarreak. 120 urte inguruko aldearekin ikusten ditugun irudi isil eta iragankor hauei soinu banda jarri diete hilabete hauetan zehar REC. Zinema esperimentala lantegian parte hartu duten ikasleek: “Baina hau pelikula bat al da?”, “Ez dago istoriorik”, “Zergatik da pelikula hau horren garrantzitsua?”, “Pelikula honek 'Oscar'-a irabazi zuen?”, “Hau nik ere egin dezaket”, “Zergatik du halako kalitate eskasa?”… Galdera eta iritzi hauek gertatu dira saioetan, ahots gora beti, gainontzekoekin partekatzeko; hori baita, azken finean, zinemaren xarma: begiratzearen esperientzia partekatzea.pantaila beraren aurrean.

 

L Arrivee d un train a La Ciotat, Auguste Lumière, Louis Lumière, Francia, 1895.

 

Trena heltzen ikusi eta guztiek ez agian, baina askok gogorarazi dituzte irudi horiei beti lotu izan zaien (iada) mitoa, ziurrenik zinemari lotutako kondairarik handiena ez bada, zaharrena. Hala, 1895eko abenduaren 28an Pariseko kafe hartako sotoan gertatu zen lehen ordainpeko zinema- emanaldi publikoan, bildutako jendeak beldurtuta alde egin omen zuen trena gainera zetorrela sinistuta. Lehen aldiz ikusi zuen jende hark irudi dinamikoa horma batean, modu kolektiboan, eta esperientzia berri haren aurrean erantzuna kontrola ezina izan zen seguraski.

Hilabeteotan tren honen aurrean bildutako ikasleak euren eserlekuetatik altxatu ez badira ere, laster lortu izan dugu antzerako erreakzioa. Buñuel eta Dalik zuzendutako Un chien andalou filmeko eszena ezagunean Buñuelek berak begi bat mozten duenean ikusleen gehiengoak oihu egin du hilabeteotan zehar (iada zer zetorren bazekitenek, aldiz, begiak estaltzen zituzten, agian, euren begiei berbera ez gertatzeko edo). Irudi hauen bidez izandako erantzunak gogorazi die eta digu, agian ez gaudela trenarekin beldurtu ziren ikusleengandik hain urrun. Bi filmeek (egungo jendeak gure burmuinean dugun irudien zenbatekoa desberdina bada ere) gugan erreakzio bat eragin dute, eta hori da, azken finean, zinema esperimentalaren helburua: ikuslearengan zerbait sortzea eta honen rol aktiboa sustatzea.

 

Un Chien Andalou, Luis Buñuel, Espainia, 1929.

 

Asko dira emanaldian zehar irudiaren faltsutasuna (edo behintzat honek dituen muga eta ahalmenak) lantzen eta azalertazen dituzten lanak: Maya Deren, Jonak Mekas, Laida lertxundi, Chantal Akeman, Taka Iimura... bezalako zinegileen obretan, ispiluak, islak, panoramikak, zeuloidea, monitoreak, plano-sekuentziak... erabiliz, memoria, identitatea, erreproduktibilitate teknikoa, zahartzaroa, generoa... moduko gaiak jorratzen dira. Ibilbide labur baina heterodoxoa, zinema esperimentala anitza dela erakutsi eta gauza bat egiaztatzeko: zinema esperimentala ez denagatik identifikatzen dela; hots, ohiko zinema komertzial eta mainstreamaren inguruan gogoeta egin eta bere mekanismoak eta mugak azaldatzen dituen zinema dela, bere barnean pelikula oso desberdinak hartuz.

Autoirudikapena izan da filmok emanaldi batean biltzeko erabili dugun irizpidea eta, horrela, ibilbide guztian zehar egungo youtube edo instagram bezalako plataformekin lotu ditugu adibideak, izan ere, gazteon iruditeria barnetik ezagutu eta zinema mota ezohiko honekin lotzea izan da asmoa. 

 

 

¿Quién eres?Nuria Carrasco, Espainia, 2006.

 

 

 

 

Aitor Gametxo eta Ane Zamora 

Tabakalera Hezkuntza

 

 

 

Zure iritzia adierazi