2017-10-05 11:08

Food Hack Lab: makerrak eltze artean

Hirikilabs-eko familian beste talde ireki bat jaio da.

Food Hack Lab gastronomia, sukaldaritza eta nekazaritza munduan, maker filosofian oinarrituz proiektu berritzaileak sortzeko elkargunea da.

 

Le Loop hackerspace at La Gare XP Paris.

Le Loop hackerspace at La Gare XP Paris. CC_ SA_2.0

Galdera eta kezka asko daude talde ireki honen sorreraren oinarrian. Eta horiexek dira, hain zuzen ere, definitzen gaituztenak:

Food_ Janaria. Nola jaten dugu? Nola ekoizten dugu gure janaria? Nola ekoiztuko dugu etorkizunean? Nola prestatzen dugu? Zein teknika erabiltzen dugu? Zer tresna? Irisgarria al da janaria? Egungo sistema ondo al dago?

Hack_ Gauzak nola egin eta nola funtzionatzen duten galdetu egingo diogulako geure buruari, nola orain hala etorkizun batean. Oraingo sistemari buelta emango diogulako, guk nahieran eraldatu ahal izateko. Diseinua eta teknologia askatu, mundu guztiarentzako irisgarria izan dadin. Berrikuntza irekia eta baliabideen deszentralizazioa hemen dagoelako jada eta gure artean gelditzeko asmoarekin.

Lab_ Komunitate irekiko laborategi bat delako, baliabide eta ezagutza kontzentratu eta ikerketa eta garapenak bultzatzeko nahia dugulako. Mundu guztia da ongietorria.

Hau guztia, maker filosofiak duen jarrera jarraituz. Egitea dugulako asmo. Egin, elkarbanatu, ikasi, jolastu, tresnak sortu, parte hartu, lagundu eta, batez ere, gauzak nola egiten diren eraldatu.

Fabrikazio digitalekoak deituriko teknologiekin lotutako planteamendu bat proposatzen dugu. Artisautza berriak, produktu zehatzen diseinuetatik, pertsonalizazio konkretuak, hackeabilitatea eta soluzio zehatzak. Horren guztiaren adibidea da Hirikilabs Plaza deialdi baten baitan garatu genuen Inmersion Thermal Circulator proiketua.

 

 

Taldea martxan jartzeko xedearekin 2017ko urriaren 11an elkartuko gara Hirikilabs-en arratsaldeko 18:00etan. Eta ikasteko eta prozesuan parte hartzeko gogoa duen orok zabalik ditu ateak. Bien bitartean, ezagutu nahi bagaituzu, idatz iezaguzu info@foodhacklab.com posta elektronikora.

Tabakaleran gaude. Hirikilabs-en.

Andoni Munduate eta Jon Aldalur

Zure iritzia adierazi