Blog Tabakalera

Haurren egia

2017-02-28 12:38

Haurren egia

Akordatzen naiz ikastolako egunez; atzeko mendian harriz harri eraikitako gordelekuez, zuhaitz zaharra sendatu zedin lokatzez egindako ukendu eta hostozko tiritez, ostiral arratsaldez lapurren gordelekuan pasatutako orduez, lapurren bila bizikletan atzera eta aurrera egindako kilometroez, eskapatoria izendatutako intsektu laranja eta beltzentzat makila eta belarrez diseinatutako zirkuituez eta dantza ikuskizunak egiteko eszenatokitzat bilatutako altuerez.

Gure haur eta gazteak pantailetan bizi direla esaten dugu sarri, hauetatik harago irudimenik ez dutela, iritzirik ez dutela, aspertu egiten direla... Baina bestelakoa da Haurren Egia proiektuaren bidez jasotzen ari garen irakaspena.

Egia seguruago bat du helburu proiektuak. Horretarako haurrak erdigunean jartzeko, eta proiektua haurren iritzitik tiraka egiteko egin du apustu Egia auzoko eragile ezberdinez osatutako lan taldeak: Aitor Ikastola, Maria Reina Eskola, Eskola Bide segurua, Latxaga guraso elkartea, Bagera, Antxeta Ttan-ttakun, Haurgunea, Egia bizirik, Hezi Zerb zerbitzua eta Tabakalera.

Izan ere, oinarrizkoak dira haurrek dituzten beharrak, oinarrizkoa da mundua ikusi eta bizitzeko duten modua. Horregatik esaten dugu haurren iritzi zein beharrek, gainerako kolektiboen iritzi eta beharrak ordezkatzen dituztela; zaharrak, aniztasun funtzionalak dituztenak, emakumeak, etorri berriak,… Haurrentzat ona dena, gainerakoontzat ere ona izango da. Ikuspegi horretatik, auzoa haurren begiradaren bidez aztertzen baldin badugu, identifikatutako hutsune eta beharrak egokiak izango dira auzo guztiarentzat, haurrentzako segurua den auzoa, segurua izango baita denontzako.

Haurren egia proiektuaren irudia

Bide Segurua proiektua izan zuen abiapuntu Egia Hezitzailea lantaldeak iaz, eta haurrak egoten diren kaleko espazioak eta jolas-guneak aztertzea eta eraldatzea da aurtengo erronka. Aldaketak benetakoak izan daitezen pausoak eman beharko baitira.

Tarte honetan jolas tokiez eta jolasez galdetu diegu haurrei. Leku zabal eta berdeguneez hitz egin digute, igotzen eta jaisten ibiltzeko altuerez, zuhaitzez, ezkutatzeko lekuez, lurrean egindako zuloez, labirinto eta txabolez,...

Ez dira ikastolako egunez akordatzen naizenean memorian dauzkadan argazkien oso bestelakoak aipatuen diren jolas-guneak, ez eta jasotzen ari garen ideia eta proposamenak ere. Badago baina belaunaldi batetik bestera aldaketa nabarmen bat: helduok segurtasunarekiko dugun pertzepzioa. Auzoko haurrek erabiltzen dituzten jolas-gune guztietan, gurean ez bezala, bermatuta dago helduon presentzia, helduok haurra zainduta eta kontrolatuta izateko espazioak dira erabiltzen direnak. Segurtasuna bermatze aldera, espazio hauetako asko jolas parkeek mugatzen dituzte, leku lauak dira, ez duten apenas ezkutatzeko lekurik ezta altuerarik, berdeguneak badauden arren, mugatuak dira.

Horrekin batera, segurtasunaren ikuspegi horretatik abiatu zen esku artean dugun proiektua ere, eta trafikoak duen eragina, zikinkeria edota arriskutsutzat jotzen diren tokiak aztertzea eta eraldatzea zen hasierako asmoa. Bestelakoa da baina haurrek mahai gainean jarri diguten proposamena.

Haurrek ez dute kotxeen presentziaz hitz egiten, baina espazio zabal eta gorabeheratsuak dira aipatzen dituztenak. Espazio zabal eta gorabeheratsu hauetan jolasteko traba eta tranpak dira proposamen ohikoenak; lurrean zuloak nahi dituzte, eta altuerak. Helduengandik ezkutatzeko tokiak eskatzen dituzte, baina modu berean helduekin ere jolastu nahi dute. Leku zikinik ez dago, baina aipatzen dituzten lekuek zikintzeko aukera eskaini behar dute,... Eta guzti hau natura-eremuetan kokatzen dute.

Jasotako proposamen eta ideiek segurtasunaren esanahi zabalagoa erakusten digute. Helduok trafikoan, zikinkerian edo altuera ezegokietan pentsatzen dugun bitartean, segurtasuna harago doan kontua dela erakusten digute, eta helduok segurtasunarekiko dugun ikuspegi itxiak segurtasun eza elikatu dezakeela, haurrei eskaintzen dizkiegun espazioak seguruak ez izateraino.

Horregatik, haurrengan utziko dugu prozesuaren norabidetzea, haurrek gustura egongo diren leku bat eraikitzen badute, segurua izango baita, ez baikara gustura egoten seguru sentitzen ez garen tokietan, eta haurrek ez baitute eraikiko gustura egongo ez diren leku bat.

 

Irati Seijo
Hezkuntza lantaldeko kidea

Zure iritzia adierazi