Blog Tabakalera
2018-05-15 16:06

Ikasgelatik irten ginen eguna

Ikasle garaiko oroitzapenen artean bizien gogoratzen ditugunak izango dira segur aski ikasgelatik ateratzen ginen egunak. Izan baratzera joateko, egun pasa mendira, museora ala antzerkira. Ez gintuen soilik eskola eguna galtzeak motibatzen; baizik errealitatera salto egiteak, natura ezagutzeak, arteak edo beste ikasleen esperientziak ezagutzeak.

Aurtengo Ikasgelatik Laborategira topaketako ardatza izan da ikasgelatik irtetzea. Ikasgela barneko esparru itxi eta aske horretatik irteteaz aritu ginen, ez hain modu literalean, irakasleen eguneroko jardunetik kanpoko praktikez: beste irakasleekin elkarlanean aritzeaz, praktika eta metodologiak aldatzeaz, proiektu transbertsalak martxan jartzeaz...

Topaketak, batez ere, saretzeko balio izan digu, konturatzeko ez gaudela gure ikasgela barruan hertsirik, gure frustrazioak eta mugak beste askok ere sufritzen dituztela eta jabetzeko badela hezkuntzan praktikak eta egiteko moduak aldatu nahi dituen jende ugari.

 

Ikasgelatik laborategira (Margarita Padilla, Marta Malo, Edurne Larraza, Susanna Tesconi, Jurjo Torres eta Aida Sánchez de Serdio)

Ostirala indartsu hasi genuen Jurjo Torresen hitzaldiarekin. LOMCEk aurreikusten duen curriculumaren kutsu politikoaz ohartarazi zigun, ekonomiara zuzenduriko hezkuntza ereduaz eta OCDE bezalako ekonomia erakunde batek, PISA azterketen bidez, hezkuntza ebaluatzeko duen zilegitasuna zalantzan jarri. Hezkuntzaren jatorrizko oinarriak zein diren hausnartzera eraman gintuen: pertsonak egingo gaituzten oinarriak, gizon-emakume neoliberalak sortzeko tresna baino gehiago.

Ondoren Aida Sanchez de Serdioren txanda izan zen. Kreatibitatearen balorea zalantzan jarri zigun gaur egungo testuinguruan. Sormen hegemoniko eta inperatiboaren aurrean sormen eraldatzailea defendatu zuen. Sistemaren barnean egotetik, kreatibitatea eta artea sistemaren gurpila ezbaian jarriko dituen praktika moduan ikusarazi zizkigun.

Marta Malo eta Margarita Padillak Madrilgo El Pozo auzoko eskola publiko batean teknologia irakasteko esperientzia nolakoa izaten ari den azaldu ziguten. Teknologia eskoletan oso modu elitistan txertatzen dela salatu zuten: material garestiekin, eskolaz kanpoko aktibitate moduan eta benetan teknologiaren erabilera azaltzen ez duten kit-ak erabiliz. Teknologiaren eta robotikaren fetitxismoaz jardun ziren, eta horrek sortzen duen botere lengoaiaz.

Azkenik, Edurne Larrazak JolasMATIKA proiektua azaldu zigun. Informatika ur-jauzi metodologia baten bidez Informatika Fakultateko ikasleek DBHkoei eta hauek ikasitakoa LHkoei nola irakasten dien azaldu zigun. Hau guztia ordenagailurik gabe, jokoen bidez eta “docendo discimus” (irakatsiz ikasten dugu) Senecaren esaera praktikan jarriz. Gainera ingeleseko STEAM kontzeptua euskaraz MATIZ (Matematika, Artea, Teknologia, Ingeniaritza eta Zientzia) itzul daitekeela iradoki zigun.

Arratsaldeko saioan Susanna Tesconik gidaturiko dinamika izan genuen. Lehenik eta behin ikasgelatik irteteko bidea oztopatzen dizkiguten blokeoekin horma eraiki genuen. Ondoren norberak horma alegoriko hori zein momentutan eta nola eraitsi izan dugun idatzi genuen, eta denon artean partekatu. Istorio hunkigarriak eta motibagarriak entzun genituen, ikasgela barneko eta kanpoko balentriak, momentuko sentimentuak, pozak eta ilusioak. Momentu aberasgarriak, batez ere hezkuntza eraldatzeko gogo horretan ez gaudela bakarrik jabetzean.

Larunbat goizean bide berari jarraitu genion, eta bezperan aipatutako blokeo horiek gainditzeko estrategiak diseinatu eta hezkuntza eraldatzaile bat irudikatu genuen:  errealitatearekin lotura duena, espazio libreak sortuko dituena, irakasleak elkarlanean arituko direna, jolasean oinarrituko dena eta irakasleriak unibertsitate zein instituzioekin harreman zuzena izango duena.

Sortutako giro eta entusiasmoak bultzaturik aurrera begirako konpromisoak ere hartu genituen: aurrez aipatutako baloreekin hezkuntzarako curriculum materiala sortzeko talde bat eratzea, praktika akiboetan oinarritua, euskarazkoa, librea, malgua eta edonorentzat irisgarria izango dena.

Horrela bada, gogotsu bukatu ikasturtea eta irailean ikusiko dugu berriro elkar!

 

 

Manex Izagirre
Hirikilabs laborategiko teknikaria

Zure iritzia adierazi