Blog Tabakalera

IKASI, SORTU ETA GOZATU. ESKOLEKIN ERE PROIEKTUAK LANTZEN

2018-11-20 10:12

IKASI, SORTU ETA GOZATU. ESKOLEKIN ERE PROIEKTUAK LANTZEN

Eskolak dira modu formalean ikasketara bideratuta dauden erakundeak eta liburutegiak ere, herritarrak beti lagundu izan ditugu interesgarriak izan zaizkien gaien inguruan informazioa bilatzen, biltzen eta horietan sakontzen, ikasketa ez formalean bidelagun.

Ubikek ateak ireki zituen momentutik, eskola batzuk hurbildu zitzaizkigun gurean eskolako proiekturen bat landu nahiko luketela adieraziz. Batzuek eskolan eskuratzerik ez eta Ubiken ditugun baliabideak eta bitartekarien ezagutza bilatzen zuten. Beste batzuek, hezkuntza ereduetan aldaketak eta lan egiteko modu berriak bilatuz, elkarlana eta aholkularitza bidez, ikasketa prozesuak moldatu nahi zituzten…

Gure liburutegitik herritarrak ere sorkuntza prozesuan laguntzen ditugu eta eskolek ere eginez ekin nahi zuten, gure laguntzarekin. Beraz, elkarlanean hasi ginen!

Irakasleekin eseri, beraien proposamenak entzun eta Ubiken ditugun baliabide guztiak aztertuta, proiektuak pentsatu, definitu eta martxan jarri ditugu. 2016an hasi ginen (4 proiektu ikasturteko) eta orduz geroztik proiektu guztiak desberdinak izan dira, eta aurtengo ikasturtekoak ere horrela izaten ari dira: teknologia, animazioa, arte plastikoak, ikus-entzunezkoa, edizioa, ikerketa… alor asko uztartuko ditugu, proiektu bakoitzaren behar eta helburuen arabera.

Emaitzari baino, prozesuan ikasitakoari garrantzia gehiago ematen diogu, eta ideia hori, eskolek ere partekatzen dutenez, erraza izan da Ubiken lana nola egiten dugun azaltzea. Haurrak eta gazteak ikasteaz eta egiteaz gain, pozik aritu dira eta harritu ere egin zaizkigu, sorpresak eta ezustekoak sortarazi ditugulako.

Eskolekin lan egitea oso aberasgarria izaten ari da guretzat ere eta lan dinamika eta zenbait prozesu birpentsatzera garamatza. Egunero ikasten dugu eta besteekin batera bada, beti hobe izango da.

2019-2020 ikasturterako, eskolekin elkarlanean proiektuak lantzeko deialdia zabalduko dugu lehenengo aldiz. Oinarriak 2019ko maiatzean argitaratuko ditugu, beraz, interesa baduzue, adi egon!

Oharra: inork informazioa zuzenean bidaltzea nahi badu, helbide elektroniko honetara idatzi (ubik@tabakalera.eu) eta deialdia argitaratzen dugunean abisua jasoko du.

Zure iritzia adierazi