Blog Tabakalera

Ikusten ikasten, bereizten, ulertzen

2019-11-13 09:09

Ikusten ikasten, bereizten, ulertzen

Ez da ezohikoa baieztatzea arte-erakusketak ezagutzaren ekoizpen eta dibulgaziorako funtsezko espazio bihurtu direla. Askotan, munduaren zati handi bat zeharkatzen duen erakunde eta museoen sarean, sakontzeko gonbita luzatzen diguten proposamen artistikoekin egiten dugu topo; estrategia ezberdinen bitartez, gaurkotasunak sorrarazten dizkigun dilemak jorratzea proposatzen digute. Oro har, uste dugu gure pertzepzio-sistemaren bidez hautematen dugunak ordena naturalari erantzuten diola, eta, beraz, modu espontaneo eta berezkoan ikusi, erreparatu eta entzuten dugula. Baina hori ez dator bat errealitatearekin. Ibiltzen, hizkuntzaren bidez mintzatzen eta mahaian modu zuzenean jokatzen ikasten dugun bezalaxe, ikusten eta erreparatzen ikasten dugu, gure aurrean gertatzen dena bereizten eta ulertzen. 

 

blogerako_argazkia.jpg

 

Tabakaleran gustatzen zaigu pentsatzea askotariko erak daudela gure jarduera-programa osatzen duten ekimenen multzora iristeko, eta ahaleginak egiten ditugu interesdunak topo egin dezan hizkuntza eta sentsibilitate ugarirekin. Horrez gain, multzo heterogeneo horretan harremanak lotzen dituzten harietan pentsatzea ere gogoko dugu. Ez da kointzidentzia erakusketa-proiektu berri hau zineman oinarritzen den jarduera-programa batekin batera aurkeztu izana, eta, saio batzuetan, Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleak izatea protagonista; ez da kointzidentzia orain aretoan aurkezten diren proiektuetako batzuk Tabakalerak eskaintzen duen egonaldi-programari esker gauzatu izana; ez da kointzidentzia artistek proposatzen dizkiguten edukiak publikoarengana eta familiengana hurbiltzen ahalegintzen den bitartekaritza-programa bat existitzea; eta ez da kointzidentzia erakusketaren sarreran Ubik sormen-liburutegiak egindako hautaketa bibliografiko bat egotea, erakusketa-denboraldi berri honetarako gai eta edukietan sakontzeko aukera ematen duena. 

Beraz, Tabakalerako erakusketak bisitatzea aukera bat izan daiteke artista garaikideek eskaintzen dituzten proposamenak ikusteko, baita proposamen horiek gure ingurunearekin eta gertuko eta berehalako errealitatearekin nolako harremana duten aztertzeko ere.

 

 

Oier Etxeberria

Arte garaikideko arlo-burua

Zure iritzia adierazi