Blog Tabakalera
2018-07-10 12:54

Kearen artxibogileak

Kearen artxibogileak erakusketa zabaldu zen pasa den ostiralean Tabakalerako Sotoan (0. solairua). Tabakaleraren historia bizia ezagutu nahi al duzu? Irakurri Tabakaleraren programan argitaratutako artikulu honetan:

 

Haiek izan ziren azken andre zigarrogileak. Pilik, Maitek, Lupek, Susik eta Clarak 30 urtetik gora lan egin zuten Donostiako tabako-fabrikan, 2003an itxi zuten arte. Orain Kearen artxibogile bihurtu dira, fabrika zaharrak gordetzen zuen ondare materiagabetik abiatuta historia, haien historia, berreskuratu nahi duen egitasmoaren baitan. Tabakaleraren iragana dira, baina baita oraina ere.

06:00etatik 14:00etara eta 14:00etatik 22:00etara. Ordutegi horretan lan egiten zuten Tabakalera zaharreko soldatapeko ia 1.000 langileek (gehienak emakumeak), eta urtean 250 milioi tabako pakete ekoitzi izan zituzten. “Makinak ezin ziren gelditu: batek zigarrotxoak kargatzen zituen, besteak paperak jarri, eta beste batek kartoiak kutxetan sartzen zituen, ateratzen zirenean”, gogoratu dute. Baina Celtas Cortos eta Ducados artean, fabrika, andre zigarrogileen lan nekezaren lekuko ez ezik, haien bizitzen, gertakarien, frustrazioen eta amodio-kontuen lekuko ere izan zen, baita hainbat mailatako zenbait aldarrikapenena ere. “Lehenengoak izan ginen Gipuzkoan astean 40 ordu lortzen”, diote, harro.

Kearen Unibertsitatea esaten zioten garai hartan, lagunartean, Tabakalerari. “Estatuko probintzia guztietako jendearekin bizi ginen, pentsamolde ezberdineko jendearekin eta, elkarbizitza horri esker, asko ikasten genuen egunero”, azaldu dute. 18 urte zituztela hasi ziren lanean, eta sartu berri zirenean, fabrikako “sotoa” delakora eramaten zituzten zuzenean. Azaldu dutenez, “Brasilgo eta Dominikar Errepublikako tabakoaren hostoak iristen ziren hara, eta han egiten zen nahasketa, makina erraldoi batzuekin. Leku desatsegina zen oso, eta neska askok, lehen laneguna igaro ondoren, alde egiten zuten handik”.

Hain zuzen ere Sotoan biltzen dira zigarrogileak hilean bitan –eraikin eraberrituan ere garai bateko izenari eutsi zaio– Tabakalerako gaur egungo langileetako batzuekin, ukiezina den horrek protagonismoa hartzen duen artxibo komunitario bat sortzeko. Kearen artxibogileak du izena orain lantzen ari diren proiektuak. “Sortzen ari garen artxibo honek, tabako-fabrikan egin genuen denboraldia erakusteaz gain, agerian jartzen ditu haren esanahia, sentimenduak, oroitzapenak, horietatik guztietatik jaiotzen diren balioak”, adierazi dute. Kearen kontzeptua garrantzizkoa da haientzat; izan ere, beren lan-jardunarekin lotuta dago argi eta garbi, eta, horrez gain, erreferentzia egiten dio ukitu ezin den horri, artxibo ofizialetan jaso ohi ez den horri eta sasoi bat ulertzeko eta gaurdainoko ibilbidearen berri izateko ezinbestekoa den horri.

Bitxikeriak ere aurkituko ditugu: Ducados kartoietan idatzitako errezetak, langileek elkarren artean trukatzen zituztenak, eta orduko nominak, besteak beste. “Tabako-kartoien barruan mezuak idazten genituen, eta haietako bati, gainera, elkarrekin gelditzeko proposamenarekin erantzun zion tabako-saltzaile batek”, kontatu du Clarak, etxean jaso zuen Gabonetako postala seinalatzen duen bitartean.

Sotoa pasa den ostiralean zabaldu zen, baina artxibogileek lanean jarraitzen dute. Horregatik, langile ohiak, auzoko jendea eta proiektuan parte hartzeko gogoa duen beste edonor gonbidatzen dute Tabakalerako hezkuntza-taldearekin egiten dituzten bileretara.

 

Erakusketaren ordutegia

Osteguna, ostirala 16:00 - 20:00

Larunbata 12:00 - 14:00 / 16:00 - 20:00

Igandea 12:00 - 14:00

 

Zure iritzia adierazi