Blog Tabakalera

‘Komisariotza eta hezkuntza: errealitatearekin negoziatzen’ mintegiari buruzko oharrak

2017-11-24 16:15

‘Komisariotza eta hezkuntza: errealitatearekin negoziatzen’ mintegiari buruzko oharrak

 

 

Zuekin partekatu nahi dugu azaroaren 6tik 10era bitartean Tabakaleran egin zen Komisariotza eta hezkuntza: errealitatearekin negoziatzen mintegiko saioen egunerokoa:

 

11/6

Sternfeldek pentsamendu dikotomikotik urruntzea proposatzen du, bereizketa hauek alde batera uztea: ekintza artistikoa eta errealitatea, komisarioaren eta bitartekariaren rola, ekoizpena eta erreprodukzioa, etab. Sternfeldek, bere aurkezpenean, ordezkaritzaren krisia hartu du abiapuntu gisa, eta kronologikoki (XX. mendetik aurrera) eta hiru ikerketa-eremutatik aztertu du: artea eta estetika, artearen historia eta aktibismoa. Bata bestearen atzetik egon diren ordezkaritza-krisiei buruz hitz egiteko asmoz, hiru gai hartu ditu oinarri. Lehenengoa obra artistikoaren estatusaren desmaterializazioa da. Horri loturik, ideia hau plazaratu du: zenbat eta desmaterializazio handiagoa, orduan eta hezkuntza-gaitasun handiagoa. Bigarren gaia da subjekturanzko aldaketa dakartela; alegia, objektuak gertakari artistikoaren ardatz izateari uzten dio, eta ikuslea bihurtzen da elementu nagusi. Hirugarren gaia, berriz, praktika artistiko bihurtutako erakunde-kritika da, zalantzan jartzen den erakundetik bertatik garatua. Ordezkaritzaren krisiari eginiko analisi honen bitartez, Sternfeldek egungo errealitatea aztertu du eta arteen hezkuntzaranzko aldaketa deritzonaren ideia nagusiak azaldu ditu. Paradigma berri horrek ez ditu komisarioaren eta hezitzailearen ideiak elkarren aurka jartzen; ez ditu bereizten bi lanak edo espazioak. Gainera, ideia hori “harreman-eremuaren” ideiarekin lotzen du, desberdinen arteko topagune eta gatazka-leku gisa, baita “para-museoaren” ideiarekin ere. Azken kontzeptu horrek lotura dauka museoen kulturarekin, baina ez 1945etik aurrera sortu zen museo-erakunde ikuspegitik begiratuta (nazio baten objektuak biltzeko, erakusteko eta artxibatzeko lekua).

 

 

11/7

Saio honetan, Sternfeldek aurreko egunean hasitako hitzaldiarekin jarraitu du. Oraingoan, Bergen Assembly proiektuaren barnean garatu diren proiektuetako batzuk azaldu ditu. Horietan, ez da muga argirik ezarri komisariotzaren eta hezkuntzaren artean. Informazio guztia hemen: http://bergenassembly.no.

Jarraian, Documenta ekimeneko hezkuntza-programen inguruko dinamika bat proposatu du, funtsezko kontzeptuak eta d11, d12, d13 eta d14 edizioetako hezkuntza-programen ezaugarriak azalduz.

d11-2002: Lehenengoz hartu zen kontuan hezitzaileentzako hezkuntza. Edizio honetan, garrantzitsuena izan zen hezitzaileei dena kontatzea, gero haiek jendeari azaltzeko.

Documentaren 11. eta 12. edizioen artean herritarrekin lankidetzan aritzeko metodologiak gauzatu ziren. Hala, ohiko lan-saioak ezarri ziren, bitartekaritza-programaren oinarriak zehazteko.

d12-2007: Hezkuntza izan zen garapen kontzeptualaren gai nagusietako bat.

d13-2012: Beste batzuekin esperientzia bat izatearekin dauka zerikusia. Documentaren edukia bera Kasseleko logikan sartu zen, beste edozein edizio baino gehiago.

d14-2017: Ingelesezko “dislocation” terminoa agertu zen, “bestearen lekuan jartzearen” esanahiarekin. Bi egoitzatan egin zen (Kassel eta Atenas). Garrantzitsuena da ikustea ez zegoela ezer azaldu beharrik, eta tresna eta baliabideekin daukala lotura.

Saioaren bigarren zatian Oliver Marchaten “The curatorial function” testua irakurtzea proposatu du. Horren bitartez, komisariotza lan kolektibo gisa ulertzeko kontzeptuak txertatzen dira. Ikusleen figurari buruzko analisi bat egiten da, ikusleak ulertuz kontrol-gaitasunik ez duen eta gatazkaren tokian agertzen den elementu gisa. Hannah Arendten “The Human Condition” lanean aurkeztutako “boterearen” kontzeptua esfera publikoa eraikitzeko ditugun gaitasunei buruzko ikuspegi baikor gisa ulertu behar da. Isolatzen gaituen mundu bati erantzuten dion indar komuna da.

 

 

 

GOMENDATUTAKO IRAKURGAIAK:

 

-Nora Sternfeld. What is Cultural Mediation? Time For Cultural Mediation. Publicación online. Institute for Art Education of Zurich University of the Arts (ed.), n.d. 2016:
https://cummastudies.files.wordpress.com/
2016/09/cumma-papers-20.pdf

 

-Contradecirse una misma. VVAA
https://www.traficantes.net/libros/
contradecirse-una-misma

 

-  Olivier Marchat. The Curatorial Function – Organizing the Exposition:
http://maxryynanen.net/wp-content/uploads/
2016/06/Noras-text-for-the-intro.pdf

 

- Hannah Arendt. The Human Condition:
https://en.wikipedia.org/wiki/
The_Human_Condition_%28book%29

 

 

11/8

Jardunaldi hau Ayse Gülec aktibista eta hezitzaileak zuzendu du. Kasselen testuinguruan eta Documentaren barruan lan egiten du. Gülecek periferietako komunitateetan egiten du lan, migratzaileen kolektiboekin, esaterako, eta arrazismoaren kontrako hezkuntza-printzipio feministak ditu gidari. Komunitate horietan bitartekari-lanak egiten ditu, eta ikuspegi estetiko batetik aztertzen ditu gizarte-mugimenduei, migrazioei, aldarrikapenei eta abarri loturiko askotariko errealitateak.

Alemaniako testuinguruan zeharreko ibilbidea eskaini digu, 2006an hiri desberdinetan egon ziren bederatzi erailketa arrazisten bitartez. Hala, Alemaniako gizarteko egiturazko pentsamendu klasista eta arrazista deskorapilatu du (Europa osoan aurki daitekeena, bestalde).

Bere diskurtsoan “The Society of friends of Halit” fenomenoari jarraipena eman dio eta hura sakondu du. Kolektibo hori 9 erailketa horietako baten ikerketa kritikatzeko jaio zen. Proiektu/kolektibo/kausa hori abiapuntu hartuta, erakundeei egindako kritika hori Documenta 14ren, hedabide orokorren eta askotariko aktibisten bitartez ikusgarri bihurtu zen.

Gülecek proposatutako azterketa bi irakurgai kritiko hauekin osatzen da:

●     Sara AHMED, Collective Feelings. Or, The Impressions Left by Others, in: Theory, Culture & Society 21(2), 25-42.

●     Arjun APPADURAI, The Right to Research, in: Globalisation, Societies and Education, 4:2, 167 - 177

 

11/9

Saioa Ahmed Al-Nawasekin:

Helsinkin “Third Space” nola sortu zen azaldu du. Galeria independente bat da, eta bertako komisariotza “erradikalak” leiho bat zabaldu zuen hiriko gazteen sorkuntzara. Berariaz ez zuen egiturarik, eta horri esker etengabe hausnartzen zuten izateko eta funtzionatzeko moduari buruz. Etapa hori Kontula auzoan finkatutako proiektu baten atarikoa izan zen (60ko hamarkadan eraiki zen, eta haren idiosinkrasia eta historia erabakigarriak dira identitateari dagokionez). Gaur egungo testuingurua beste bat da: bertako biztanle gehienak etorkinak dira, eta haiek dira aldirietako auzo horretako saltoki gehienetako arduradunak. Testuinguru horretan izaera kolektiboa zuen proiektu bat hasi zuten “Ezinezko formen museoa” izenpean. Haren bitartez, ikuslearen kontzeptua berriz planteatu zuten, testuinguru benetan zehatz batean, eta proiektuen bitartez lankidetza-praktikak abiarazi zituzten. Praktika horren funtsa komunitateak lankidetzaren bitartez eraikitzea zen. Helburuetako bat zen erakundetze-prozesu bat abiaraztea, proiektua maila konplexuago batean kudeatu ahal izateko.

https://museumofimpossibleforms.org/

Horren ondoren, bi testu hauen irakurketari buruzko saioa egin da: Collective Feelings. Or the Impressions Left by Others, Sara Ahmedena, eta The Quiet Encroachment of the Ordinary, Asef Bayatena. Tabakaleran bertan izandako praktikei buruzko hainbat eztabaida ere sortu dira. Berriz ere, esfera publikoaren eraikuntzaren eta horrek ikusle-erabiltzaile tipologia desberdinekin egiten duen talkaren arteko eztabaida sortu da. Poliziaren presentzia edo segurtasun pribatua bezalako kontuek pertzepzioak sortzen dituzte, espazioari publikotasuna baino izaera pribatua emateraino.

 

11/10

Bertaratuek proiektuak partekatu dituzte, eta mintegian zehar agertutako kontzeptuekin lotu dituzte. Hala, partekatze-saio bat egin da gonbidatuekin, eta bertatik sinergiak, antzekotasunak eta partekatutako hausnarketak sortu dira.

 
Zure iritzia adierazi