2017-07-20 10:00

Liburutegi inklusibo baterantz

20170303_irudia_ny_public_library_800.jpg

 

Liburutegi publiko bat hiritar ororentzat dela esatea begibistakoa dela dirudien arren, kontziente al gara zer esan nahi duen guztiontzat dela esatea? Hiritar orok dugu eskubidea liburutegi publikoak eskaintzen duen espazio, zerbitzu, jarduera eta aukeretaz gozatzeko. Are gehiago, UNESCOk Liburutegi Publikoen aldeko manifestuan argi esaten du: 

La biblioteca pública presta sus servicios sobre la base de igualdad de acceso de todas las personas, independientemente de su edad, raza, sexo, religión, nacionalidad, idioma o condición social. Debe contar además con servicios específicos para quienes por una u otra razón no puedan valerse de los servicios y materiales ordinarios, por ejemplo, minorías lingüísticas, deficientes físicos y mentales, enfermos o reclusos.

Baina betetzen ari al gara? Benetan, hiritar guztiek al dute liburutegietara etortzeko aukera? Egoera inklusiboak bermatzen al ditugu liburutegi publikook? Ez dugu uste, tamalez; oraindik asko geratzen zaigu liburutegi (eta beste kultur azpiegitura) inklusiboez gozatzeko.

Ubik, Tabakalerako sorkuntza liburutegia, ireki aurretik gai hau aztertu genuen: Zein zen errealitatea inguruan genituen esperientzietan? Ba al zeuden zerbitzu irisgarriak? Ba al zeuden hiritar kolektibo ezberdinekin lan egiteko dinamikak ezarriak? Azterketa egin genuen, baina iritsi zen liburutegiaren ateak irekitzeko unea, eta ez ginen oraindik nahi bezain prest gai honi heltzeko, hein handi batean gure ezjakintasunaren ondorioz.
Ezjakinak ginen, bai, baina kontziente ginen egoeraz, eta eraldaketa bultzatzeko gogotsu geunden.

Proiektuaren beste une batzuetan egin izan dugun bezala, aztertzen hasi ginen ba ote zeuden esperientzia interesgarriak (inguruan eta haratago) proiektu konkretuak, zerbitzuak eta zehar lerro gisa inklusioa lantzen zuten beste adibiderik. Zorionez, adibide asko eta oso interesgarriak ezagutu genituen eta ezagutzen gabiltza. Horien artean dago duela hiru urte sortu zen Fundación Biblioteca Social fundazioa. Euren webgunean murgiltzea merezi du, besteak beste, pisua hartzen ari den Giza konpromiso Sarian parte hartu duten liburutegi kasuak begiratuz esperientzia asko ezagutzeko aukera ematen baitu. Sari honen helburua Estatuko hainbat liburutegik bultzatzen dituzten proiektuak ikustaraztea da. 

 

Zer egiten ari da Ubik liburutegi inklusibo bat izatera heltzeko? 
 

2016ko martxoan ateak ireki aurretik Donostiako hainbat erakunderekin jarri ginen harremanetan (Gizalde, Cáritas eta Zorroaga Fundazioarekin, esaterako) eta elkarlanerako bidea ireki genuen. 

 
 
1) EUTSI (CÁRITAS): www.nubedeideas.eu
 

Lehen emaitza gisa, urte horretan bertan Cáritas-eko Eutsi proiektuarekin hasi ginen lanean. Kalean bizi diren hiritarrekin lan egiten duen proiektua izanik, Ubiken helburua zen elkarrekin hiritar hauek ere liburutegira hurbildu eta bertako erabiltzaile bat gehiago izatea. 

Harreman honek jarraitzen du 2017an eta eurei esker etxe gabeko pertsona kolektibo zabalago batekin ari gara lanean. Aurten pauso bat urrunago joan nahi izan dugu eta zuzenean galdetu diegu kolektiboko kideei zer egin nahiko luketen liburutegian. Erantzuna zoragarria izan zen: «blog bat sortu nahi dugu, gure ahotsa ere entzun dadin». Horrela sortu zen nubedeideas.eu:

 

nubedeideas_800.jpg

 

Galdera taldean partekatu eta segituan 14 pertsonak eman zuten izena alfabetizazio eta ahalduntze teknologikoa helburua duen proiektu honetan. 6 astez 7 pertsona egon dira puntual-puntual, gogotsu eta buru-belarri liburutegian euren blog propioa nola nahi zuten pentsatu, diseinatu, sortu eta elikatzen. Gorka Julioren laguntzari esker bideratu ditugu formakuntza saioak eta giro aparta sortu da taldea eginez. 

Esperientzia hain izan da positiboa, ezen urte amaiera arte elkartzeko egun bat finkatu baitugu blogaren inguruko zalantzak, elikatzeak eta bestelakoak lantzen joateko. Are gehiago, blogeko taldekide batzuk, bere egin dute liburutegia, bertako beste hainbat zerbitzu erabiltzen hasi baitira eta horrek ikaragarri pozten gaitu. Era berean, bloga benetan erabilgarria izaten ari dela, lana hain serio hartu dutela eta post berriak etengabe daudela ikusteak guztion ahotsa entzuteko eskubide hori aldarrikatzen jarraitu behar dugula gogorarazten digu. Jarraitu nubedeideas.eu.

 

 

2) ZORROAGA FUNDAZIOA: “ez-lekuen” inguruko hausnarketa

 

Liburutegia ireki aurreko fase horretan ezarri genuen lehen harremanean finkatu genuen liburutegiak eta Zorroaga Fundazioak elkarrekin lan egiteko desioa. Hori horrela, 2017ko otsail eta martxo bitartean, Tabakalerako Hezkuntzako lankideekin batera 4 saio bideratu genituen Zorroagako instalazioetan Amara egoitzako egoiliarrekin. 85-105 urte bitarteko emakume eta gizon taldearekin aritu ginen “ez-lekuen” inguruan hausnartzen eta bi akziotan gauzatu zen: batetik, egoitzako hainbat  “ez-leku” goxotu eta lekuetan bihurtzen eta, bestetik, egoiliarrek Tabakalerak utzitako argazki eta bideo-kamarak eskuan hartu eta egoitzako “ez-lekuak” nahiz leku atseginak grabatzen.  Azken finean ikus-entzun munduan hasi eta bideo esperimental bat egiteko adinik ez dagoela argi geratu zitzaigun.

Proiektua biribiltze aldera, egoiliarrak Zorroagatik irten eta goiz pasako irteera bat antolatu genuen eurekin Tabakalerara. Ubik ikusi eta bertako Pantaila Esperimentalean eurek sortutako ikus-entzunezkoa ikusteko aukera izan genuen elkarrekin. Irribarreak eta euren aurpegiak piztuta berriz ikusteak horrelako proiektuetan aritzen jarraitu behar dugula sentiarazten gaitu.

 
zorroaga_img_3735_800.jpg
Zorroaga Fundazioko egoiliar taldea Tabakaleran 2017-07-07an.
 
 
3) AITA-MENNI: Ubiken lantegietan parte hartuz.

 

Beste esperientzia bat, guztiz ezberdina, Aita-Menni erakundearekin bideratu eta gauzatu dugun proiektua izan da. Aita-Menniko Garuneko Kalteko Unitatearekin egin dugu lan, Ubikera etortzeko ohitura eta aukerak ez zituzten hiritarrei sarbidea errazteko helburuarekin.

Kasu honetan, eurek Tabakalerara etortzea zen intentzioa, garraio publikoa erabiliz Donostian Zuatzun duten eguneko zentrotik abiatuta. Xedea zen autonomia lantzea, baina oraindik garraio publikoan 2 gurpildun aulkik soilik lekua izatean, asko zailtzen zen trasladoaren unea. Hori horrela, zerbitzu pribatu bat erabiltzea erabaki genuen desplazamendua errazteko.

2 saio antolatu genituen liburutegian eta garuneko kaltea zuten 15 pertsona egon dira bertan. Talde erdiak animazioa plastilina bidez egin dute (“Stop Motion” bezela ezagutzen dena) eta taldearen beste erdiak autoedizioan maketazioa, marrazketa eta diseinua landu dituzte euren egoitzan urte guztian zehar egin dituzten janari-errezetak oinarri hartuz, errezeta-liburu bat diseinatu eta maketatuz. 

 
aita-menni_img_5945_800.jpg
 

Liburutegiak ateak ireki zituenetik 3 proiektu hauek gauzatzea lortu badugu ere, hau hasiera besterik ez da. Kolektiboekin harremanetan jarri eta proiektu jakin batzuk gauzatzeaz gain, liburutegiko zerbitzu eta programaren baitan ere inklusioa zeharlerro gisa lantzen jarraitu nahi dugu. Hiritar guztiok baitugu eskubidea liburutegi publikoen espazio, zerbitzu, jarduera eta bizitzan parte hartzeko.

Jone Aztiria
Ubik

Zure iritzia adierazi