2017-09-07 08:30

Liburutegiak, hirugarren espazioa: urrats bat gehiago

Medellinen antolatutako X Encuentro de bibliotecas jardunaldian bizitakoa da post hau idazteko arrazoia. Ohikoena, edo espero dezakeguna, bertako jardun profesionalen nondik norako edo ondorioak azaltzea izan badaiteke ere, hori guztia Medellineko liburutegietako arduradunek edo jardunaldi honetako talde zientifikoak egin eta argitaratuko duenez, hortik ez jotzea erabaki dut.

Bestalde, horrelako egun intentsu batzuen ondoren, burmuina irakiten daukadan honetan, baliatu nahiko nuke, bertan ikasi, usaindu, sentitu, jaso, amestu… ditudanak mahaigaineratzeko.

Medellin zirraragarria da.  Bertan dagoen dinamika etengabekoa. Gaztetasuna itzela. Eta liburuzainen ezagutza eta konpromisoa eredugarria.

 

medellin1.jpg

Parte-hartzaile eta antolatzaileak

 

Urteetan Europaren iparraldera begira aritu garenok bada denbora latinoamerikar herrietako aberastasunaz ohartu garela. Eta horrela da. Europa garatu eta neoliberal honekin aurrera eramaten ari garen ereduak ezinbestekoa du hegoaldera begiratu eta haiengandik ikasten jartzea, aurrera egin nahi badu behitzat.

Urte batzuk dira non konpromiso politikoa dagoen liburutegien bidez herritarrak hezi eta  beharrezkoak diren oinarrizko azpiegiturak eta politikak lantzeko bidea hartu den Medellinen.  Parakaidista izatetik haratago, liburutegi azpiegitura handiak auzoen zerbitzura jartzen ari dira; nola ez, auzoetako gizarte mugimenduak behartuta gehienetan. Adibide da Gabriel García Marquez liburutegia, zein, udalak inauguratu nahi zuen antzoki aretoa egin gabe zegoenean, auzoak irekiera atzerarazi zion “emandako hitza bete arte”, hau da, liburutegian egongo zen antzoki aretoa burutu arte. Eta hala izan zen: bi urtez atzeratu zen inaugurazioa.

 

medellin2.png

Bizkar-zorro betea

 

Baina, zer ekarri dut nire bizkarzakuan?

  • Ekitatea helburu. Hamarkada gutxi barru heziketa maila altuena izango duen herria izango dela sinesteak eta horretarako lana egiten ari den gizarte baten konbentzimenduak liburutegia gizakien artean ekitatea lortzea helburu duen lan tresna izatea da. Ekitatea eta ez berdintasuna.
  • Hirugarren espazioa kontzeptuan urrats bat gehiago. Europan eta AEBetan (eta Ubik hor kokatzen dut) azken urteetan “liburutegia hirugarren espazioa”ren definizioa osatu behar dugu. Definizioaren arabera, etxea eta lana edo eskolako espazioaz gain, liburutegiak izan behar du herritar orok bere egiten duen hirugarren leku hori. Definizio honetatik haratago joan behar dugu, ordea, eta hirugarren espazio horri beste helburu bat gehitu behar zaio: eraldaketa soziala bultzatuko duen espazioa bilakatzea, elkargune soila izateaz haratago.
  • Bake prozesuan eragile aktiboa. Gizartean gertatzen denari liburutegiak ezin dio bizkar eman, liburutegiak eragile aktiboa izan behar du gizartearen egunerokotasunean. Eta bake prozesuaren gaian are eta gehiago. Herrietan, eskoletan, auzoetan…. proiektuak eta ekintzak tokian-tokian diseinatu eta burutu. Izan gatazkaren memoria jasotze aldera, izan elkarbizitza lantze aldera.

 

medellin3.jpg

Santo Domingo auzoa. Pablo Escobar kartelagatik ezaguna

 

  • Unescoren 2030 agenda. Liburutegiaren helburua 0 gose. Zer egin behar du liburutegiak gose gabeko herria lortzeko? Herritar guztiak etxe, argi eta oinarrizko bizi baldintzak izan dezaten, zein da funtzioa? Jatekorik ez duen herritar bati liburua eman diogu edo gosea ase behar diogu lehenik. Eta izan gaitezen zintzo, Europa garatuan dagoen gure herri honetan, badago non lo egin ez eta zer jan ez dauden auzokideak. Liburutegiak badauka bai, zer eginik.
  • Liburutegia ahozko tradizioa/kultura lantzen. Gure kulturak ez dira idatzizkoak edo ikus-entzunezkoak bakarrik. Are eta gehiago, jatorriz eta mendeetan zehar ahozkoak izan ziren eta dira. Memoria hori jasotzeaz gain nola bideratu liburutegiak ahozko tradizioen babesle eta bultzatzaile izan daitezen? Euskal ahozkotasun ekosistemak behar du, herriz herri, auzoz auzo, bildu eta bizirik jarraitzeko tresna ere liburutegietan.

 

Honek guztiak liburutegien aldetik eta hauen ardura politikoa dutenen aldetik eskatzen du gogoeta, eta bereziki akzioa. Berriz ere liburutegietatik gure herriarekin eta kulturarekin konprometituta aurrera egiteko momentuan gaudela pentsatzen dut. Aurrekontu eta politika koordinatu bat ez da behar bakarra, baita profesional garen guztien ardura, alai eta ilusioz, horrelako liburutegi batzuk eraikitzen hastea ere. Jardunaldi hauetan ez genuen ez liburu digitalaz edo autoritateez hitz egin, ez genuen profesionalak versus herritarrak inongo planteamendurik egin. Izugarri izan da ikustea profesionalen arteko babesa eta laguntza. Eta guk zer egitea erabakiko dugu?

 

medellin4.jpg

Gai sozialak liburutegian lantzen

 

Arantza Mariskal

Ubik sorkuntza liburutegiko arduraduna

Zure iritzia adierazi