Blog Tabakalera
2018-12-05 11:36

L’Intrus Redux

 

 

«Itzulinguruka ibili gabe: erakusketa hau une honetan munduan gertatzen ari denaren diagnostiko gisa interpretatu beharko nuke? Eta ulertu behar dut diagnostiko hori nagusiki Europan gertatzen ari denari buruzkoa dela? Azken batean, Europan gertatzen ari dena ez al da Europak albo batera uzten duenaren ondorio, modu sintomatikoan izan ezik? Krisi honetan, non dago «benetako» krisia? Nondik dator «benetan» indarkeria, eta zein da «benetako» arrotza?» 

Geldialdi bat egingo dut. Hain zuzen, L’Intrus laneko artista ugari ez dira europarrak, baina Europak eta haren ezinezko fruitu inperialak, Estatu Batuek, sortutako arazoari buruzko erakusketa da. L’Intrus lanak agerian jartzen ditu arroztasuna gorputzetik kanpoko zerbait delako ideiarekin amets egiteko prozesuari eman dakizkiokeen zenbait erantzun, bai norbanako gisa bai maila soziopolitiko eta kolektiboan. Arazo hau Europan sortu zelakoan nago, gorputzaren eta adimenaren arteko bereizketa kartesiarraren testuinguruan, eta bereizketa hori humanismoaren forma unibertsalen bat lortzeko desio bilakatzeko prozesuaren testuinguruan. «Desio» esaten diot; izan ere, uniformetasuna azpimarratzeak abstrakzio baten bidez –humanoaren nozioa– berekin ekar dezake, eta askotan ekartzen du, egiturazko indarkeriari eta hark gorputzean dituen eraginei uko egitea. Estatu Batuetako Black Lives Matter mugimenduari «bizi guztiek inporta dutela» erantzutea nozio horren sasikumea da.

«Benetako» indarkeriaren kontzeptuaz hitz egin badaiteke, nik uste dut horren jatorria norbera besteengandik bereizten duen bitxikeriaren proiekzioa dela. Gorputzetik bereizteak, gorputzarentzat (gorputz sozialarentzat) onartezina den guztiari uko egiteak, ematen dio hasiera indarkeriari. Hein batean ados nago Jean-Luc Nancyren ikuspegi horrekin, zeina esplizituki lantzen baitu L'Intrus lanean. Saiakera hori erabili da, hain zuzen, erakusketari izenburua emateko eta haren testuinguru kontzeptuala zehazteko abiapuntu gisa:

Nire bihotza arrotz bilakatzen zen niretzat; arrotz, hain zuzen, nire barruan zegoelako. Arroztasunak ez zuen zertan kanpotik etorri, barrutik sortu zen. A zer nolako hutsunea egin zidaten bat-batean bularrean eta ariman –gauza bera da–, hau esan zidatenean: «bihotzeko transplantea egin behar dizugu». (Jean-Luc Nancy eta Ernestina Garbino, L'Intrus, NOMBRE aldizkaria. 16 zkia. (2001): 4).

Nancyk bihotzeko transplantearen gaia lantzeko duen moduak kontra egiten die Europak eta bertako gorabehera ideologikoek beste leku batzuetan «arrotzei» buruz egiten dituzten adierazpenei. Irudietan pertsonak ikusten ditugu itsasontzietan, errefuxiatuen esparruetan, babeslekuetan, laguntza jasotzeko ilaretan… Irudi horiek guztiek solidotu egiten dute argazkietan agertzen diren pertsonen «arroztasunaren» eta lurralde europarrean egiten duten  «intrusioaren» ideia politikoa. Lehenik eta behin, irudiok ezartzen dute pertsona horiek zehaztutako ordena sozialetik kanpo daudela ikuslearen aurrean duten nortasunaren funtsezko oinarri gisa.

Etorkinen irudi nagusiek ere arazoaren muina lekualdatzen dute eta mugimendu horren kausa pertsonen etorreran proiektatzen dute, hainbat eta hainbat mendez europarrak lurraldea uztera eta beste leku batzuetako baliabideak agortzera bultzatu zituen Europa barneko prozesu baten baitan kokatu beharrean. Nancyk iradokitzen du L’Intrus laneko intrusioa bihotz bat bere gorputz fisikotik pixkanaka aldetzean hasten dela, eta nik metafora hori baliatzen dut iradokitzeko migratzaileen, errefuxiatuen, babesa eskatzen dutenen, etorkinen, turisten, aldi baterako langileen eta abarren «intrusioa» antzeko aldenketa batekin hasten dela, baina gorputz politikoaren barnean.

Hortaz, nire lagunaren galderara itzuliz: planteamendu eurozentrikoa al da honako hau? Bere kabuz lantzen al du Europak eta haren diskurtso konkomitanteek atzerritarra, edo arrotza, interpretatzeko eta mobilizatzeko duten modua? Egin dudan proposamena filosofia kontinental erradikalaren gorputz zaharkitu, zuri eta maskulinoan kokatzen bada, orduan baietz esan beharko nuke.

 

Natasha Marie Llorens

L'Intrus erakusketaren komisarioa

 

Zure iritzia adierazi