Blog Tabakalera

Muddy Waters: ingurumenaren ikerketari buruzko hiritar-proiektua

2018-06-01 13:46

Muddy Waters: ingurumenaren ikerketari buruzko hiritar-proiektua

Cata de lodos en el Urumea

 

Urte hasieran, blog honetan bertan[1], azaldu genizuen Ingurumenaren Hiritar Ikerketarako Talde bat dagoela Hirikilabsen, IMVECek koordinatua. Talde horretan munduko hainbat lekutako jendeak parte hartzen du, leku desberdinetatik. Baina hemen, Donostian, azpitalde txiki bat sortu dugu asteazkeneroko online saioetan elkarrekin konektatzean ikasten ari ginen guztia praktikan jarri nahi genuen lau lagunek. Aitzakia bat baino ez genuen behar. Jokinek, taldekide batek, zalantzak zituen ea Urumeako lohiek zer elementu eduki ahal zituzten, eta lohien laginak hartzea bururatu zitzaigun, zalantzak argitzeko. Arazo bat genuen, ordea: ez genekien nola egin lohien laginketa, eta are gutxiago nola analizatu. Hori dela eta, Aranzadin galdetu genuen, eta Ane García Artolarekin jarri gintuzten harremanetan.

Anek gidatuta, lohi-estrakzio baliodun bat egiteko aukera eman diguten materialak prestatu ditugu eta laginak sailkatu ditugu (guztira 62). Laginetako sei analisia egiteko prestatuko ditugu, eta gainerakoak hozkailuan gordeko ditugu, gerora erabili behar badira ere.

 
Lohien laginketa Urumean
Lohien laginketa Urumean
Lohien laginketa Urumean
Lohien laginketa Urumean
Lohien laginketa Urumean
Lohien laginketa Urumean
Lohien laginketa Urumean
Lohien laginketa Urumean

Kokaleku honetan aztertu ditugu lohiak: 43°18'29.8"N 1°58'36.5"W. Erabili ditugun teknikak GitHub‑en dokumentatzen ari gara: Lohien laginketaren wikia . Informazio gehiago aurki dezakezu Euskadi Irratiko Hiri Gorrian saioan, gurekin izan baitziren laginketetako batean.

Honaino iritsita, hau galdetuko diozu zeure buruari ziurrenik: zer arraio egiten dute Hirikilabs laborategi hiritarrekoek lokatzetan sartuta?

Agian horrek zerikusia du Hirikilabs ulertzeko gure moduarekin. Izan ere, gure ustez, espazio honen alderdi garrantzitsuena da ikerketaren eta esperimentazioaren esparrua oso-oso zabala dela, bertako komunitatea bezala, zeinetan askotariko talde irekiak baititugu:

  • Astronomia Taldea, izarretan oso interesatua

  • Gastronomia Taldea, elikagaien prozesatzean oso interesatua

  • Adimen Aniztasunaren Taldea, elkarrekin hobeto komunikatzeko formulen bila

  • 3D teknologian interesaturiko pertsonen taldea

  • Bazterkeria-egoeran dauden pertsonen taldea, beren errealitatean integratzeko proiektuak pentsatzen eta egiten

  • Suzirigintzaren eta aeromodelismoaren zale amorratuak diren pertsonen taldea

  • Datuak eta datuen zentzuak ikertzen dituen taldea

  • Portaeraren eta teknologiaren inguruan lan egiten duen taldea

  • Teknologiak hezkuntzaren arloan duen zentzuaz kezkatuta dagoen taldea

  • Ehungintzari aplikatutako teknologiak esperimentatzen eta ikasten dituen taldea

  • Eta amaitzen ez diren proiektu guztiak birziklatzen dituen taldea

Hirikilabs espazioan, esperimentatzea oso ohikoa da eta denetariko gaiak esperimenta daitezke. Kasu honetan, zientzialari batekin topo egiteak kutsatu egin gaitu, eta haren ikerketa-praktikara hurbilarazi. Gure iritziz, praktika hori, hiriko aukeretara egokituz gero, aliatu interesgarria izan liteke Hirikilabsen proiektuak, ikerketak edo esperimentuak egiteko.

Ni neu harrituta gelditu naiz tailerrean parte hartu dugun guztiok izan dugun jarrera irmo eta zorrotzarekin. Ez gara konformatu aurreneko estrakzioekin eta behin baino gehiagotan huts egin dugu, baina berriro saiatu gara.

Orain, laginak Kanadarako bidean daude, eta espero dugu laster argitaratu ahal izatea Hirikilabseko Ingurumenaren Hiritar Ikerketarako Taldeak zientzia hiritarra egiteko asmoz egin duen lehen saialdiaren emaitzak.

 

Diana Franco

Hirikilabs Kultura Digitalaren eta Teknologiaren Laborategiaren arduraduna

 

[1]Astronautak izango gara gure planetan bertan. 2018-01-30, Tabakalerako bloga.

Zure iritzia adierazi