Blog Tabakalera

Musika, interakzioa eta denontzako espazioak

2017-04-26 17:11

Musika, interakzioa eta denontzako espazioak

Boombox. Erein musika hirian!

Nola sortu denontzako guneak espazio publikoan? Posible al da hardware, interakzio eta interface diseinuaren bitartez modu kolektiboan sortu eta partekatzeko espazioak eraikitzea? Nola erraztu diezagukete teknologia berriek espazio partekatuen garapena? Galdera hauek eta beste asko egin dizkiogu geure buruari Hiria Hackeatu -Boombox- edizio honetan. Gai hauen inguruan lan egin eta prozesua aurrera eramateko, interakzio diseinuan aditua den Sergio Galán-ek lagundu gaitu.

 

Boombox. Erein musika hirian
 

Lehengo astean Hirikilabs-etik pasa zen inork ez luke imaginatuko espazio publikoan instalatzeko soinu sistema interaktibo baten diseinu eta prototipatze lanetan ari ginela; izan ere, normalean spray-a, margoa, egurra, mailuak, e.a. bezalako tresnak erabiltzen baitugu ere, oraingo honetan ordenagailuak, chip-ak, kableak, arduinoak, haizegailuak, bozgorailuak eta gure Boombox-a eraikitzeko behar genituen beste elementu elektronikoz inguratuta egon gara. Horrela, lau egunetako lana fase eta lantalde ezberdinetan banatu dugu, gure prototipoa sortu eta ondoren espazio publiko eta ireki batean frogatzeko.

Bozgorailuetatik aterako den musika programatzeko apliakzio diseinatzera bideratu dugu lehengo fasea. Guztion artean aplikazio hori imaginatzen eta definitzen joan gara. Nolakoa izango da musika proposatu eta igo ahal izateko sistema? Nola egingo dugu hauek bozgorailuetatik entzuteko? Zer informazio egingo dugu ikusgai? Diseinu prozesuan eztabaida interesgarriak agertuz dira, hala nola interneten gertatzen diren zentsura motak eta arrazoiak, internetera informazioa igotzerako orduan berdintasuna eta informazioa era partekatuan zabaltzeko modu eta prozesuak

Gure mugikor aplikazioaren ideia eta diseinua adostu ondoren, programazio eta eraikitze fasera igaro gara. Orain dagoeneko ez zaizkigu “harridura” aurpegiak jartzen gure pantailetan cd / ls public bezalako kodeak azaltzen direnean, izan ere html programazioan gure hastapenak egiteko aukera izan dugu egun hauetan. 

Eraikitze taldea haizegailuak, amplifikadorea, raspberry-a, alimentazio iturria eta gure gailua martxan jartzeko beharrezkoak diren beste elementuak jartzeaz arduratu da. Horrela bada, zulagailuak, zerrak, kola, bihurkinak, spray-ak eta bestelako tresnak ibiltzeko tartea ere izan dugu! Baita gure soinu sistema prototipoaren irudia sortzeko eta margotzeko ere. Gure TBK Boombox-a!

 

Boombox. Erein musika hirian

 

 

 

Nerea Hernández
Hezkuntza taldeko koordinatzailea

Zure iritzia adierazi