Blog Tabakalera

Muxuari gorazarre

2017-03-14 13:20

Muxuari gorazarre

 

Muxua da mezua. Bésame mucho.

 

Muxuak, musukatzeak eta musukatuak izateko desioak inspiratuta gatoz oraingo honetan. Honen errua joan den igandean, martxoaren 12an, Tabakaleran izan genuen Muxua da mezua (kiss my kiss) performanceak du. Performanceak muxua hartzen zuen ardatz, batzuetan muxu bat lortzea zein nekeza den, edota muxuak emateko erak zenbateraino dauden estandarizatuak azaleratuz. Martxel Mariskalen eskutik, baina, muxuari gorazarre egin genion, eta muxuaren inguruko unibertso zabal bat ireki zitzaigun parez pare: nola eman muxua, nola jaso muxua, nola gozatu eta esperimentatu, beldurrik eta lotsarik gabe. Imajinatu dezakezuen bezala, muxuak egon ziren, mota askotakoak, forma eta zapore ezberdinetakoak; muxuei zaporea emateko lanetan Mugaritz jatetxeko kideak izan genituen gurean. Bertara hurbildu zirenentzako, litxarreria sorta berezia prestatu zuten eta jolasa aitzakiatzat hartuta, zapore ezberdinak dastatzeko abagunea izan genuen, hala nola polboroi pikanteak, gominolazko mingain luze eta gorriak, eta muxua betirako gordeko duen marrubi zaporeko moldea. Ekintza honekin eta litxarrerien bitartez, muxuaren inguruko prototipo sozial berriak esperimentatzeko aukera izan genuen. Performance hau Bizigarriak: zirkulazioa eta euforia erakusketaren baitan dago programatuta.

 

Jone Alaitz Uriarte
Erakusketa eta programen koordinatzailea

Zure iritzia adierazi