Blog Tabakalera

Ohitura onak berreskuratzen

2019-11-05 14:53

Ohitura onak berreskuratzen

Gaur Tabakalerako liburutegira itzuli naiz. Berrireki zutela entzuna nuen, baina egia esan, gaur arte ez naiz azaldu. Hainbeste denbora eta gero, errutina batzuk aldatuak nituen, baina nagikeria kendu eta ohitura onak berreskuratuz, Ubikera bueltatzea pentsatu dut.

Zalantza nuen berdin aurkituko nuen, oraindik ere nire lekua izaten jarraitzen ote zuen eta kuxkuseatzera joan naiz.

 

arte_biziak.jpg

 

Langileak eta herritarrak, lanean eta kalakan topatu ditut, elkarrekin, giro polita zegoen. Betiko moduan, heldu, haur, gazte eta ez hain gazte, denbora eta espazioa konpartitzen ari ziren.

Gauza batzuek aldiz, aldatu dira, ez pentsa denak berdin jarraitzen duenik: telebistak lekuz aldatuta daude, antzoki-eszenatoki bat ere muntatu dute mozorro eta guzti, josteko makina batekin ere topo egin dut komunera bidean, mahai gehiago daudela iruditu zait eta neska-mutil batzuen lanen aztarnak ere ikusi ahal izan ditut.

Bikote bat musika instrumentuak jotzen ari zen. Batek teklatua eta besteak biolin elektrikoa. Azken honi, biolina berea zela entzun diot. Ez nintzen entzuten ari, berak altu hitz egin duelako jakin dut.

Platoan aldiz, boskote bat. Chromaren aurrean keinu hizkuntzan grabatzen ari ziren otsoz eta Txanogorritxuz mozorrotuta. Nere eskola garaian horrelako gauzak egiteko aukera izan bagenu!

Kafetxo bat hartzeko tentatuta egon naiz baina etxera merendatzera etortzea plan hobeagoa zela otu zait.

Liburu iritsi berri dezente eta oso interesgarriak, harrerako mahaian eta takila zaharretan ere aukeraketa majoak. Hemendik bat eta bestetik bi. Azkenean, pelikula bat, bi liburu, fanzine bat eta jolas bat hartu ditut. Hurrengoan bideojoko batekin animatuko naizela uste dut. Eskerrak kontsola ere hartu dezakedala, bestela...

Joan aurretik ez nekien, baina orain bai: Ubik hor dago eta behar dut, gustura nago eta itzuli nahi dut. Ohitura onak galdu behar ez direla entzun izan dut, eta hala egingo dut. Laster arte. 

 
Erabiltzaile bat
Zure iritzia adierazi