2017-12-05 15:49

Pedagogia feministak gorpuzteko bidean

Pedagogia feministen inguruan hausnartuko duen lantaldea sortzea erabaki genuen aurten. Irakasleriarekin dugun programaren barruan pedagogia feministaren inguruko hainbat mintegi burutu ondoren, gai hau sakonki eta iraunkorki lantzeko beharra eta gogoa azaldu zuten irakasle batzuk, eta eskaera horri erantzutera dator lantaldea. Ikasturtean zehar lauzpabost bilera egitea adostu zen eta, horrekin batera, gonbidaturen baten parte-hartzea izango zuten hiru mintegi publiko ere.

Azaroaren 20an egin genuen lehenengo bilera. Hezkuntzarekin harreman ezberdina dugun hogei lagun inguru elkartu ginen orduan eta guztiek kezka bera partekatu genuen: genero bazterkeriak sortzen zituen egoera anitzak eta hauei aurre egiteko babes eta tresna falta.

Pedagogia feministak

Zer egin sistema binario honek emakume ala gizon izateko aukera besterik ez badu ematen eta ni, irakasle bezala, ez bata ez bestean kokatzen ez banaiz?

Zer egin haur hezkuntzako ikasle batek guraize arrosak ez baditu erabili nahi “neskentzat” direla argudiatuz?

Zer egin nire zentroan urtero-urtero hezkuntza programak bigarren maila batean geratzen badira?

Zer egin sentitzen dudan frustrazio guztiarekin? Eta bakardadearekin?

Horrelako galderetatik abiatu ginen eta lehenengo ariketa taldearen egitekoa zehaztea izan zen. Norberak zekartzan behar edo motibazioak partekatu eta hainbat elementu multzokatu genituen:

  1. Egoeraren azterketa kolektiboa egitea.
    Bizi ditugun egoerataz jabetzeko (mikromatxismoak gelan, maisu maistren joerak, zerk kezkatzen gaituen, etab. Adibidez: Irakasleen hizkera aztertzea)

  2. Baliabide, tresna eta estrategiak partekatzea.
    Tresna eraginkorrak izango direnak, eguneroko egoerei aurre egiteko, ematen diren rolak iraultzeko, eskola garen bezelakoak izateko gune-segurua bihurtzeko. Erresistentzia kutxa.
    (Adibidez: diskurtso edo hitztegi egokia eta zabala sortzea)

  3. Egoera hauek publiko egitea.
    Ikusezin dauden egoerak ikusgai egiteko, kontzientzia zabaltzeko, hezkuntza sistema matxista dela eta matxismoa erreproduzitzen duela salatzeko, manifestu bat argitaratzea (bideoa, performancea…)

  4. Talde iraunkorra sortzea, aliantzak eta indarra metatzeko.
    Frustrazioei aurre egiteko, etengabeko formakuntzarako, elkarrekin diskurtsoa elikatzeko, bakardadea gainditzeko, esperientziak partekatzeko eta elkarrengandik ikasteko.

  5. Teorizatzea, pedagogia feministen inguruan ikertzea.
    Irakurketak partekatu, pedagogia feministen barruko teoria ezberdinak aztertu edota aritu eta adituak ezagutu.

Guzti hau artikulatzeko, Irakasle feminista izanik bizirauteko gida osatzea adostu genuen.

Datorren urtarrilaren 15ean dugu hurrengo hitzordua eta ordurako norberak bizi eta ezagututako indarkeria edo jazarpen egoerak jasoko ditu. Kolektiboki erantzun bat pentsatzen hasiko gara, “gida” moduko hori sortu ahal izateko.

Zure iritzia adierazi