2018-04-11 15:07

Sinetsiko ez zenituzketen gauzak

Bi urte bete dira Tabakalerako sorkuntza liburutegia inauguratu zenetik. Badirudi gune zirraragarri hori etorkizunetik ekarri dugula erakundearen leloarekin bat egiten duten guztien gozamenerako: “Ikasi, sortu eta gozatu”. Lerro hauen bidez azalduko dizkizuegu Ubikeko hormen atzean ezkutatzen diren aukera ugariak.

Sorkuntza liburutegia ikus-entzunezkoetan, kultura digitalean, arte ederretan eta pentsamendu garaikidean espezializaturiko zentro bat da. Hari izena jartzeko, Tabakalerako arduradunek Philip K. Dicken eleberri laudatu baten izenburua aukeratu zuten: ‘Ubik’ (1969). Estatubatuar idazle eta ameslari bikain hark ‘Do Androids Dream of Electric Sheep?’ (1968, Amesten al dute androideek ardi elektrikoekin?) idatzi zuen, zeina gerora Scott Ridleyk ‘Blade Runner’ (1982) bilakatu baitzuen, zientzia fikzioaren klasiko zinematografiko handienetako bat. Filmeko gidoiaren azken zatian, eleberriko orrialdeetan agertzen ez zen elkarrizketa bat zetorren, Roy Batty erreplikantearen esaldi esanguratsu honekin hasten zena: “Nik sinetsiko ez zenituzketen gauzak ikusi ditut…”.

Bada, esaldi deigarri horren bidez, gainetik azaldu nahi da zer ari den gertatzen ontzi kultural horren barnealdean, zeinak, bere prestazio ulertezinak ikusita, halako futurista aire bat duen. Hainbesteraino, non kosta egiten baita gure ingurune hurbileko antzeko beste leku batzuetan pentsatzea, beharbada bat ere ez dagoelako edota Donostiatik milaka kilometrora daudelako.

Nik, Ubikeko hormen artean, sinetsiko ez zenituzketen gauzak ikusi ditut: apenas 14 urterekin edizio digitaleko postuetan bigarren film laburra muntatzen duten zinemagile hasiberriak; boxeoari buruzko dokumentalak egiten dituzten gazteak; eta kroma berdea erabiliz Dorre Bikietako sutearen eszena verismo ikaragarriz birsortu duten zuzendari izendunak. Guraso eta seme-alabak ikusi ditut estudioan bideoklip bat grabatzen; kuadrillak ikusi ditut lagun baten ezkontzan proiektatzeko ezusteko bat prestatzen; eta jendea ikusi dut ‘stop-motion’ animazioaren sekretuak sakelako aplikazio intuitibo baten bitartez deskubritzen. Gainera, aukera dago kamerak, audio-grabagailuak, tripodeak eta bestelako tramankuluak maileguz eramateko eta pelikulen katalogo zabal batez gozatzeko. Eta dena doan, zentroko gainerako zerbitzuak bezalaxe.

Txoko teknologikoari liluraz begira egon naiz: han, askotariko figuratxo eta piezak aparatu magiko batzuetatik ateratzen dira, 3D inprimagailuetatik alegia. Edonork erabil ditzake tresna horiek, eta era berean elektronikari eta robotikari buruz ikasi. Handik oso gertu, mahai-jokoak eta bideo-jokoen txokoa daude: gazteak eta ez hain gazteak –50 urtetik gorakoentzako saioak ere badaude– makinen kontra lehiatzen dira, baina bideo-joko errazak hutsetik hasita eta egun gutxiren buruan diseinatzen ere ikasten dute.

Arte plastikoen atalean, hainbat pertsona ikusi ditut era denetako teknikekin marrazten, pintatzen eta zizelatzen, eta autoedizioaren gunean, berriz, hainbat lagun fanzineak maketatzen edo beren poesia koadernatzen, eta zenbait argazkilari beren hurrengo erakusketarako katalogo-prototipo bat prestatzen. Batzuek eskura dauden milaka liburu, aldizkari eta agiriak erabiltzen dituzte; izan ere, ez da ahaztu behar Ubik, oso ‘sui generis’ izanagatik ere, liburutegi bat dela eta isiltasunaren areto bat ere baduela, non edonor eser baitaiteke irakurtzera edo, besterik gabe, munduko zaratatik urrun gogoeta egitera.

Musika-tresnen kontzertu inprobisatuak ikusi ditut (edonork ikus ditzake), kultur proiektu susmaezinak ernatzen diren ‘negutegi’ horietako bilerak zelatatzen aritu naiz, eta oinez ozta-ozta ibiltzen diren baina asteazkeneko tailerretan aurreneko pauso kreatiboak ematen hasiak diren haurrei begira egon naiz. Azken batean, Ubikek lerrootan azaldutako aukerak baino askoz ere gehiago ditu. Nahikoa da jakin-minari bide ematea eta bitartekariei kasu egitea, hau da, erabiltzaileei sormena suspertzen laguntzen dieten teknikari jator horiei: horrela, hasieran sinesteko eta sortzeko gaitzak diruditen ideiak atera daitezke aurrera, eta, irudimen eta ahalegin apur batekin, errealitate bihurtu.

 

Juan G. Andrés, kazetaria

Zure iritzia adierazi