Blog Tabakalera
2018-06-12 11:55

Software libreak, teknologiaz haratago

Hogei urte beteko dira Richard Stallmann-ek, software librea mugimenduaren sustatzaile nagusienetakoak, “Software libre para una sociedad libre” (2002) liburua idatzi zuela. Bertan aipatzen zuen ideia zen jaberik gabeko software-ak eratu behar zirela, edozeinek kontsultatzeko eta aldatzeko modukoak, baimen astunik gabekoak eta bakoitzak bere beharrak ase eta egokitzeko askatasuna emango zituztenak. Baina liburu hark programazio informatikoaren munduan hausnarketa garrantzitsua suposatzeaz gain, beste mugimendu bat ere jarri zuen martxan: etika teknologikoaren filosofia, hain zuzen ere.

Stallman mugimendu hartan lanean hasi zenetik, ikaragarri zabaldu da software librea mundu guztian zehar baina, modaz pasa beharrean, software libreak garapen diakronikoa izan du eta gaur egun informazioaren eta jakintzaren gizartea barneratzeko soluzio gisa agertzen da. Urrutira joan gabe Tabakalerako Ubik liburutegiak esaterako, software librearen aldeko apustua egin zuen liburutegia pentsatzen hasi zen momentutik bertatik, bai katalogoan, Koha softwarea erabiliz baita Makusi datu basean ere.

Kode irekiko softwareak eskaintzen dituen abantailez oharturik, hainbat erakunde horren aldeko apustua egiten ari dira beren proiektuak eta programak garatzeko. Abantaila horiek mota ezberdinetakoak izan daitezke: ekonomikoak (programak jaitsi eta probatu daitezke inongo kosturik gabe), teknikoak (atzean komunitate zabal bat dago zalantzak eta arazoak konpontzen laguntzen dituena) edo segurtasunekoak.

Baina, aipatutako arrazoi teknologikoez eta ekonomikoez gain programazio munduan software libreak etika teknologikoa eta erabiltzaileon askatasuna bezalako ideiak azaleratzen ditu. Etikoa da, elkarlana eta ezagutza partekatzea ahalbidetzen duelako; eta librea, berriz, erabiltzailearen askatasunaren defentsa lehentasun osoko gaitzat hartzen duelako. Software librearen filosofia, teknologien munduan giza eskubideak errespetatu eta bermatzen dituen teknologia bakarrenetakoa da.

Era berean, software libreak lan egiteko eredu bat definitzen du: bere garapena elkarlanean eta partekatzean oinarritutako proiektuetan oinarritzen da. Kasu askotan proiektu horiek aurrera ateratzen dituzten pertsonak bolondresak dira eta guzti horien artean komunitate taldea osatzen dute. Helburu bat partekatzen dute: software etikoa garatu eta zabaltzeaz gain, lana elkarrekin egin eta mundu guztiari zabaltzea. Berdin dio non jaioak diren, izan ere, Internet sareari esker guztiak klik bateko distantzian kokatzen dira: distantzia eta denbora gabeko auzolan birtuala ahalbidetzen dute.

Ez du ezer ezkutatzen, alderantziz, ezagutza partekatua sare bihurtzen du. Software libreak ezagutza banatuaren etika bermatzen du, baita ikasi eta irakasteko askatasuna ere. Gainera, software libreak eremu urriko hizkuntzak ere babesten ditu. Ez du inolako mugarik ezartzen: tokian tokiko hizkuntza eta errealitateetara moldagarria da.

Belaunaldi bakoitzak bere filosofoak izaten dituela esan ohi da. Aurreko guztia ikusita, beharbada, gure belaunaldiko filosofoa ez da artista bat edo idazle bat izango; agian, gure belaunaldiko pentsalaria Richard Stallman izango da, programatzailea.

Eta software librearen inguruko ezagutza eta erabilera bultzatzeko Ubiken, sorkuntza liburutegian, urte guztian zehar lantegiak antolatzen dira. Ekainean konkretuki Irekian lan egin izenburupean, erreminta aske ezberdinen inguruan gehiago ikasteko aukera dago.

 

Leire Mitxelena Erice, Ubikeko teknikaria

 
Zure iritzia adierazi